«Iñistorra etxera ekarri, deskargatu eta etxe ondoan metak egiten genituen, urte guztirako»
Sega bizkarrean hartuta azaldu da Akola inguruko hitzordura (Ereñotzu, Hernani). «Sega motza ekarri dut, honekin mozten baikenuen iñistorra». 75 urte ditu eta ez dio eutsi pixka batean segan egiteko tentazioari. «Hau ez da ahazten».
Hernaniko Illarratxueta Berri baserrian sortua, hiru ahizpa eta anaia ziren etxean. «Irailean lan asko izaten zen baserrian; babarruna bildu behar zen, sagarra... Lan asko izaten zen. Iñistorra moztu eta jasotzeko garaia ere bazen». Garrantzitsua zen iñistorra. Abereen azpiak egiteko erabiltzen zuten eta gero simaurretarako, baratzerako ongarri bezala.
Udalak garoa zegoen lursailak lotetan banatu eta interesa zuten baserritarren artean partitzen zituen. «Norberak bere lotea pagatu behar izaten zuen. Gero, iñistorra moztera joaten ginen. Ez dakit zenbat ‘jornaa’ egiten genituen, bat eta beste, igual hamalau-hamabost ‘jornaa’. Ahal zen gehiena». “Jornaa” esaten zaio betetako gurdikada bakoitzari.
Iñistorra biltzen hasi aurretik, araldia izaten zen, bideak txukuntzeko auzolana. «Bidea denon artean konpontzen zen, auzolanean. Horretan gizonak aritzen ziren, ni ez naiz ibili araldian. Etxe ondoan bideak pixka bat txukuntzen bai, baina gainontzean ez. Udaletxeak ardoa ematen zien doan araldian aritzen ziren gizonei. Gaztarik ez zien ematen», bota du umoretsu.
Illarratxueta Berri baserrikoen lotea Epelerrekan zegoen, etxetik bizpahiru orduko bidea idiak eta gurdia hartuta, gurdibidetik. «Igual goizeko bostetan jaikitzen ginen. Idiek bidea ikasia zuten ia. Anaia eta biok joaten ginen eta batzuetan baita aita ere. Iñistorra sega motzarekin ebakitzen genuen, ez igitaiarekin. Etxe inguruan bai, askotan ibiltzen nintzen igitaiarekin, apustuan ere makina bat bider anaiarekin, zeinek gehiago moztu. Behiak jezten ere apustua egiten genuen, zeinek lehenago eta gehiago». Baserrian lana ez denez bukatzen, apustuak eta jolasak laguntzen zien karga samurtzen. «Korrika nik irabazten nion anaiari eta batzuetan behiak jezten eta letxugak biltzen ere bai», gogoratu du irribarrez.
Mirandaren hitzetan, haien baserrian denentzat zegoen lana eta ez zen bereizketarik egiten, gizon eta emakume. «Ni idiak lotzen anaia bezalaxe ibiltzen nintzen. Gure aitak ez zuen desberdintzen. Lana egin behar zen eta kito. Beharrak agintzen zuen». Jakitun da, hala ere, beste baserri batzuetan bereizten zirela emakumeen eta gizonen lanak. Eta badaki iratzea moztera eta biltzera ez zela apenas emakumerik joaten. «Emakume asko ez zen ikusten iñistor artean. Hori egia da. Agerreko Pedron arreba, Pili, noizbehinka. Nire ahizpa behin edo behin, baina oso gutxitan. Gehiena, ni. Zaharrena naiz eta horixe tokatu zitzaidan».
Lan gogorra zen
Etxean geratzen ziren emakumeei ere lana majo pilatzen zitzaien. «Sagarrak bildu, babarrunak bildu, umeak zaindu, baratzeko lanak egin, iñistorretara joaten zirenentzat puskak prestatu...».
“Puska” esaten zioten garo arteko egun luze horietan indarrak hartzeko etxetik eramaten zuten jatekoari. «Sagarrak biltzeko sarean eramaten genuen. Amak prestatzen zizkigun sagar erreak, tortilla, batzuetan baita sardina zaharrarekin ere –orain baino sardina zahar hobeak izaten ziren–, haragia eta piperrak... Edozein gauza eramaten genuen. Lan gogorra zen eta asko nekatzen ginen. Eta gero ba al dakizue zer den Epelerrekatik oinez etxeraino etortzea idiak eta gurdia hartuta?».
Behin, etxera bueltan, bide bazter batean lo geratu omen zen. «Leher eginda nengoen. Anaiak ‘jornaa’ hartu eta idiekin etxera alde egin zuen. Eta ni hurrengo egunerako iñistorra biltzen geratu nintzen. Bidearen izkinan eseri nintzen. Hain nekatuta nengoen, lo hartu bainuen. Ia ilunbistan esnatu nintzen. Iñistor pixka bat bildu eta etxera. Zenbat gurdi pasatu ote ziren nire ondotik iñistorrarekin? Eta ni inork esnatu ez».
Maria Rita Miranda gonarekin eta abarkak jantzita joaten zen mendira lanera. «Ez zen erosoa gonarekin iñistorra ebakitzen aritzea. Behin, zuztar bat sartu nuen hankan eta puska eder bat barruan geratu zitzaidan, ezin atera. Gurutze Gorrira joan beharko nuela esan zidaten, baina etxera etorri, berbenak bildu, enplastua egin eta horrelaxe atera nuen neronek. Egun batzuetan gordeta eduki nuen zuztarra, oroigarri. Gonarekin ibiltzen nintzen eta akain belarrak azkura ematen zuen. Hori ere gogoratzen dut», kontatu du.
«Orduan ez zen galtzarik izaten emakumearentzat. Gaizki ikusia zegoen gainera. Ni gogoratzen naiz lehen aldiz noiz jantzi nituen galtzak, dagoeneko senargaia nuela. Ahizpak eta biok erabaki genuen egun hartan galtzak jantziko genituela».
Iratzea moztea eta biltzea ordu askoko lana zen. Lursailaren ezaugarrien arabera, gainera, lan hori samurragoa edo gogorragoa izaten zen. «Batzuetan malkarra izaten zen eta iñistorra arin-arina zenez, narrarekin jaisten genuen arrastaka. ‘Narra’ egurrezko makila modukoa zen, iñistorra idiak zeuden tokiraino jaisteko. Idientzat ere lana zen. Behin, anaia eta biok ginela, idiari izterrean mina jarri zitzaion eta ez zen gai gurdiari tira egiteko. Ni etorri nintzen Epelerrekako zokotik, Markes basoan gora igo, goitik behera jaitsi, Añuan barrena, Hernaniko herritik barrena, etxera, idiak hartuta. Idien aurrean neroni ikustea ere ezinezkoa zen. Anaia bizikletan bueltatu zen. Hurrengo egunean beste idi pare bat hartu eta joan ginen gurdiaren bila».
Gehienak joan-etorrian ibiltzen ziren iñistorra biltzeko sasoian. «Andolak egunak ematen zituen iñistorra biltzen, etxera joan gabe. Astoa hartu, egun batzuetarako jatekoa hartu, eta hantxe ematen zituen egunak, etxera bueltatu gabe», gogoratu du Maria Rita Mirandak.
Iñistor metak etxe ondoan
Egun luzeak ziren iratze arteko horiek. Goizean goiz abiatu eta iluntzean bueltatu, gurdia iñistorrez goraino, batzuetan idiak ere justu-justu ikusten zirela. «Inportantea zen gurdia nola kargatu. Ahalik eta gehien kargatu behar zen. Gure osaba zen artista horretan, gurdia kargatzen, sekulako pazientzia zuen. Iskanbila batzuk ere izaten ziren, ‘guk zuek baino hobeto kargatu dugu’ eta horrelakoak».
Hego haizeari beldur pixka bat ba omen zioten. «Iraileko hego haizearekin beldurra izaten genuen. Iñistorra ebaki, hurrengo egunean bila joan eta igual haizeak eramana».
Etxera iritsi, gurdia deskargatu eta prest utzi hurrengorako. «Igual ez ginen egun batean eta hurrengoan segidan joaten, etxean ere lanak izaten ziren eta. Gainera, eguraldiak agintzen zuen. Eguraldi ona behar zen iñistorra biltzeko».
«Iñistorra etxera ekarri, deskargatu eta metak egiten genituen. Etxe ondoan egiten genituen iñistor metak eta belar metak, bata bestearen segidan. Belarra etxe ondotik hartzen genuen. Gero, iñistorra behar genuenean, sega motz batekin mozten genuen metatik. Eta horrela gastatzen zen meta, bueltan-bueltan ebakiz. Eta animaliei azpiak egiteko erabiltzen genuen. Guk etxean behiak genituen, asto bat, idiak, oiloak, txerriak...». Garoa azpiak egiteko egokia zergatik zen galdetuta, «ez zegoen besterik», erantzun du Ritak. «Gero, simaurra baratzean erabiltzen genuen. Hori bai zela ona, ez orain erabiltzen direnak».
Iñistorra etxera ekarri eta metak egin behar ziren. Miranda horretan ere aritu da, metak egiten. «Hori ere arte bat da. Ni ibiltzen nintzen, baina bukatu ez nuen egiten, han goian ibiltzeak beldurra ematen zidalako. Normalean gizonak ibiltzen ziren metak egiten. Baina ni ere ibili izan naiz, gauza polita izaten zen metak egitea eta bakoitzak bere maniak izaten zituen. Orduan baserri guztietan egiten ziren metak eta batzuk besteen metei begira ere aritzen ginen».
Iñistorra bildu zuten azken bi urteetan, 70eko hamarkada bukaeran, kamioiarekin ekarri zuten bildutako garoa etxera. «Idiekin iñistorra behera jaitsi eta han kamioia kargatu genuen. Gero zerrautsa etorri zen eta harexekin hasi ginen azpiak egiten. Hor bukatu ziren iñistor kontuak. Zerrautsa ez zen hobea, baina errazagoa zen».
Lana, lana eta lana. Baserriak horixe dauka. Baina Maria Rita Mirandari begiak pizten zaizkio lana eta nekea pilatzen zitzaizkion egun horiekin akordatuta. «Hainbeste asto lan, zertarako? Egia esan, ez dakit, igual orduan orain baino lasaiago bizi ginen».