Gorka Zozaia -@zotz_
Kimikaria

Ukabil bakarrera

Gero eta gertuago daude Jupiter eta Saturno. Zelatan nabil abuztutik, abenduaren 21ean bat egingo dutela jakin nuenetik, eta bai, gero eta gertuago daude azken hilabeteak gu zelatan bezala egon diren zeru beltzaren bi begiok. Zaila da begi bistaz antzematea, poliki ari dira hurbiltzen begi zelatariak. «Jupiter potoloa, txikia Saturno», errepikatu dut zelatariak norbaitekin zelatatu ditudan bakoitzean. Edo besoa altxatuta, begi bat itxirik, bien arteko distantzia neurtzen harrapatu nauenari; «gerturatzen ari dira, eta santotomas egunean lerratu egingo dira Lurrarekin». Bide batez, zeruko distantziak eskuarekin nola neurtzen ditudan azaltzeko baliatu izan dut aukera: eskua zabal-zabalik, 20-25 gradu daude atzamar txiki eta potoloaren artean. Heavyek bezala adarrak jarriz, 15 gradu txikiaren eta erakuslearen artean. Ukabilak alderik aldera 10 gradu, atzamar potoloak 2 gradu eta txikiak gradu bat. Dena gutxi gorabehera, baina nahikoa planetok gerturatzen ari direla antzemateko.

Neguko solstizioaren egun berean ezkutatuko da Saturno Jupiterren atzean eta ilundu bezain pronto izango da ikusgarri hego-mendebaldeko ortzi mugan. Ez dira faltako fenomeno astronomikoa profezia magikoekin lotuko dituztenak, baina ez, gutxi gorabehera 20 urtean behin lerratzen dira Lurra, Jupiter eta Saturno. Marte, bestalde, oso gertu eta oposizioan dugu asteon, gau osoan ikusgarri, ez dugu hilabete honetan bezain ongi ikusiko datozen 15 urteetan. Hori guztia, Drakonida ozar-izarra (hala esaten omen zaio euskaraz izar euriari) ikusgarri den aste berean, nahiz eta, tamalez, egunotan ur-euria izan nagusi. Iparrizarraren inguruan, Hartz Txikia inguratzen duen Dragoiaren buruan, Vega izarretik gertu, irradiatzen da ozar-izar hori, iparrerantz, zeruaren sabai aldera begiratuz topatu ahalko ditugu beraz.

Berriz ere jarri zaituztet bada gaueko zeruari begira, hodeitzak uzten duenean zer begiratua badagoelako beti, baina eta gainera asteon jakin dugulako Fisikako Nobel saria aurten ere zeruaren azterketarekin lotuta esleitu dela; zulo beltz misteriotsuen ikerketa saritu da hain zuzen ere. Sariaren erdia, zulo beltzak erlatibitatearen teoria orokorraren ondorio zuzena direla frogatu zuen Roger Penrose matematikariak eraman du, Einstein hil eta hamar urtera, 1965ean, argitaratu zuen lan esanguratsuagatik. Ordutik unibertsoaren azterketan funtsezkoak bilakatu dira oraindik ezezagun eta egungo fisika eskuan esplikaezinak diren dentsitate infinituko singularitateok. Astroen mugimenduak aztertuz eta grabitazio legeak eta erlatibitatea eskuan baina, ikusten ez diren objektu supermasiboak egon behar direla ondorioztatzen da. Hain zuzen, gure galaxiaren erdian egon beharko litzatekeen zulo beltza antzemateagatik –Sagitario A* deritzan objektu supermasiboa– egokitu zaie sariaren beste erdia Reinhard Genzel eta Andrea Ghez ikerlariei. Curie (1903), Goeppert-Mayer (1963) eta Stricklanden (2018) ondoren, Ghez izango da Fisikako Nobel saria jasoko duen laugarren emakumea, sari berbera eraman duten 207 gizonen aurrean. Ukabil bakarra ez da nahikoa handitzen jarraitzen duen arrakala horri tamaina hartzeko. •