Gaizka Izagirre Brosa
PANTAILA TXIKIAN

Hausnartzeko telesailak

Telesailak ez dira soilik entretenimendurako sortzen diren telebista produktuak. Une askotan hori ere badira noski, baina atal berri honetan, hausnarketa sakonak egiteko parada eskaintzen diguten ekoizpen paregabe ugari daudela ere aldarrikatu nahiko nuke. Geure garunak astindu, kontzientziak zirikatu eta gai polemiko, interesgarri eta mamitsuak mahai gainean jarriz, eztabaidarako parada ematen dutenak. 2020. urtean ikusi ditudan telesail ugariren ezaugarri nagusia hori izan denez, aitortuko dizut erraza izan dela gomendio zerrenda hau osatzea. Pantaila txikiaren bidez hausnartzeko prest?

I May Destroy You

HBO

Ziur asko oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi bi izen hauek: “I May Destroy You” telesaila eta bere sortzaile eta protagonista nagusia den Michaela Coel. Aktoreak berak jasan zuen sexu eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea iruditu zait. Tinder belaunaldiko sexu adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta. Trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdina eta iraultzailea.

Nabarmentzekoa lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldatzailetzat jo dute dagoeneko, ziur aski gizarte gisa erabat prestatuta ez daudelako gai horiei buruz hitz egiteko. Harrigarria iruditu zait beharrezkoak diren gai ugari nola jorratu dituen, gizonen zein emakumeen aurkako sexu indarkeria islatzen duten azpitramak txertatuz; trauma osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten gizarte isla leiala, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa, depresioa, baina figura arrakastatsuen bidez azalduz, bakardadea, eta, noski, gero eta polarizatuagoa den mundu batean geure lekua edota izena sortzeko nahiak sorrarazten duen antsietatea.

Telesaila sexu hezkuntzako klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakonak egitea. Bizitzaz diharduelako azken finean, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik, sare sozialez eta sexuaz.

L'Effondrement

Filmin

2019ko telesaila den arren, 2020ko udako fenomeno bilakatu den ekoizpena da zalantzarik gabe. Filmin plataforman txertatzeak eman dion bultzada nabarmena izan da, baina, batik bat, erakusten dituen irudiak pandemia egoeran gaudenetik gertukoak eta ez hain arrotzak sentituko dituzulako. Zortzi atal, bakoitza sekuentzia plano bakar batean filmatua. Hasieran ezagutzen ez dugun gertaera konkretu batek gizartearen erabateko kolapsoa eragin du. Zortzi gertaera independente dira, kolapsoa eragin duen gertaeratik egun desberdinetan kokatuak. Bakoitza, denbora errealean filmatutako emozioen errusiar mendi bat da, non abentura, akzioa, drama, eta larritasuna lehen pertsonan eta ekintzaren barruan egongo bazina bezala biziko dituzun, ia bideo joko batean izango bazina bezala.

Aho zabalik utziko zaituen telesail larrigarria eta frenetikoa. Aparta. Teknikoki, azken urteetan ikusi dudan proposamenik berritzaileenetarikoa. Lehen minutuan lepotik heldu eta azken segundoraino askatzen ez zaituen ekoizpen zorabiagarria. Guillaume Desjardins, Jeremy Bernard eta Bastien Ughetto, Les Parasites izeneko taldea osatzen duten hiru errealizadoreen lanari ez zaio meriturik falta, baina arrakastaren behin betiko bultzada bizi dugun pandemia bera izan da. 2019an filmatutako atalek hain modu nabarmenean hitz egiten dute 2020an gertatutakoari buruz, ezen telesail hau ikusteko moduan erabat eragiten baitu. Errealitateak telesailari lagundu badio, jariatzen duen errealismoak bere arrakasta errematatzea lortu du. Kolapsoaren beldurra transmititzen duen istorioa da, erakusten duen gizartearen desintegrazioa guztiz sinesgarria delako.

Når støvet har lagt sig

Filmin

Eskandinaviako telebistan %42ko share ikusgarria lortu duen telesail hau ere ezinbestekoen zerrenda sartu beharko zenuke. Fenomeno horren zergatia guztiz ulertzen dut, Europa iparraldeko urteko telesailik onena iruditu baitzait. Gurutzatzen diren istorioen egituraz baliatuz Kopenhage hiriko jatetxe batean gertatzen den atentatu terrorista basati baten gaineko kontakizun gordina da.

Eraso hori gertatu baino hamar egun lehenago kokatzen da tramaren erpin bat, baina baita gertatzen den unean eta, noski, ondoren ere. Interesgarriena da guztia ikuspegi soziologiko baten betaurrekoetatik begiratzeko aukera eskaintzen digula, jakin gabe elkarrekin konektatuta daudela –edota egongo direla– eta pertsonaiek beren bizitzako inflexio puntu gorenean nola erreakzionatuko duten jakin gabe. Askotariko pertsonaia horiei esker –Justizia ministroa, etxerik gabeko ama, jatetxeko jabea, zerbitzarietako bat eta bederatzi urteko alaba, iturgin bat, palestinar jatorriko ile apaintzaile bat, abeslari suediar bat eta mugikortasun arazo larriak dituen erretiratu bat–, telesailak milimetroraino aztertzen du daniar mikrokosmos hori. Hain sakonki sartzen gara pertsonaien errutina horretan, narrazioa hain da zehatza eta sendoa, une batzuetan ahaztu egiten baitzaigu pantailaren aurrean gaudela.

Asko gustatu zait fikzioaren asmoa ez dela inongo momentutan interesaren morboa atentatuan ardaztea. Guztiz kontrakoa. Helburua da zu eta ni izan gintezkeen pertsonaia horiei nola eragiten dien erakustea. Nola hobetu edo okertu gaitzakeen. Elkartu edo zatitu. Gaitzestea edo askatzea. Benetakoa, gertukoa eta gordina, eta baita oso gizatiarra ere. Horrekin guztiarekin, telesail nordiko askok era paregabean egiten duten moduan, Danimarkako gizartearen erradiografia txiki bat ikusteko oso baliagarria iruditu zait.

Devs

HBO

Zeinen zaila den hainbeste zirrara eta sentsazio transmititu dizkidan telesail baten mamia hitzen bidez transmititzea. Buru-hausgarri existentzial zoragarria iruditu zait, Alex Garland ironia erruz duen gidoilari burutsua dela frogatu duen lan zirraragarria. Zientzia-fikzioz mozorrotua dagoen lan zorrotza eta txundigarria.

Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologiko batean egiten duten lan, Amaya enpresan. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs izeneko azpiproiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan errekrutatzen dute. Egun batean Sergei ez da etxera itzuliko, eta Lilyk enpresak bere bikotearen desagerpenari buruz ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du. Enpresaren fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta enpresaren proiektu klandestinoen benetako xedea zein den ikertzen hasiko da, eta ondorio beldurgarri eta latzak aurkituko ditu.

Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa da. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dago telesaila. Hainbat kontzeptutan sakontzen du gainera, hala nola determinismoan, hautapen askean, ingeniaritza kuantikoan, gizaki egiten gaituen horretan eta adimen artifizialaren mugetan. Galdera ugariz eta oso erantzun gutxiz betetako thriller teknologikoa.

Little Fires Everywhere

Amazon

“Big Little Lies”, “The Affair” edota “Bloodline” bezalako telesailak gustuko badituzu, hau da aukeratu behar duzun hurrengoa. Mendekotasun sortzailea eta oso entretenigarria. Ohio inguruko auzo batean kokatzen da trama nagusia, eta istorioaren erdigunean bi emakume: Elena (Reese Witherspoon), arauak zorrotz jarraitzen dituen tokiko kazetaria eta Mia (Kerry Washington) alabarekin batera auzora iritsi berri den emakume misteriotsua. Azalduko ez ditudan hainbat gorabehera tarteko, bi emakumeek talka egingo dute, haien seme-alabak lagun egiten diren bitartean.

Telesailaren erdigunean kokatzen den gai nagusi eta arantzatsua amatasunarena da, modu ezberdinetan ulertuta eta ikuspuntu guztietatik hartuta. Itxuraz denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait gordeta. Istorioak ere sinplea eta argia dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak aurkitzera eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua zartarazi arte. Izenburuak dioen bezala “Su txikiak edonon”. Hori bai, AEBetako gizartearen gaitz nagusien zaurietan hatza hondoratzen duten su txiki handiak.