Xabier Izaga Gonzalez
LARRUA PROIEKTUA

Arabako dantza suspertzeko asmotik sortua, arlo pedagogikoa ere lantzen du

Bost urteko ibilbidea egin du Arabako dantza garaikidea suspertzeko asmoa duen proiektuak. Aritz Lopezen eta Jordi Vilasecaren lankidetzatik abiatu zen, zenbait diziplina batuz. Fisikotasuna eta emozioak, tradizioa eta abangoardia uztartzen dituzte eta, koreografiara mugatu gabe, pedagogiaren esparrura zabaltzen saiatzen dira.

Gasteizen eta inguruan dantza suspertzeko asmoz, Larrua Proiektua sortu zuten Jordi Vilasecak eta Aritz Lopezek 2015ean. Artista lokalekin eta kanpokoekin, hainbat erakunderekin eta egoitza artistikoekin lankidetzan jardun nahi lukete aurrera begira. Proiektu horrek, koreografietara mugatu gabe, pedagogiaren esparrura ere zabaldu nahi du, tailerren eta ikastaroen bidez, horretara bere dantza landu eta ulertzeko modua ezagutarazteko.

Hizkera propioa duen dantza egiten du Larrua proiektuak. Estilo eta diziplina bat baino gehiago batzen ditu, hala nola breakdancea eta dantza garaikidea. Konpainia aurkezteko modu hori, edonola ere, gero eta gutxiago erabiltzen dutela dio Aritz Lopezek: «Breakdancea ezezagun handia da, eta publikoak diziplina horren gainean duen ezagutza produktu komertzialen, telebistaren bidezkoa denez, batzuek uste dute buruaren inguruan bueltaka ibiltzea dela, eta konpainian egiten ditugunak askotan askoz gauza sotilagoak izaten dira, finagoak… gure zeregina garaikidetu egiten baita; azken batean, konpainiak dantza garaikidea egiten baitu, zenbait baliabide erabiliz, besteak beste breakdancea».

Dantza mota horretatik dator Aritz, eta Jordik, berarekin konpainia zuzentzen duen dantzari eta koreografoak, urte asko darama break-etik datorren jendearekin lanean. Edonola ere, argi utzi nahi dute breakdancea euren proposamenerako baliabidea dela.

Fisikotasuna eta emozioa

Dantzari bien ibilbide luzeek bat egin zuten eta «zerotik hastea» erabaki zuten. Aritzek azaldu dio GAUR8ri nola gertatu zen: «Urte asko genituen ordurako dantza munduan, batez ere Jordik, eta zerotik hastea, hau da jendeak ezagutzen zuen gure ibilbideaz bestelako zerbait hastea ez zen erraza izan», hasi da kontari.

Lehenengo pieza bat egin zuten, “Larrua” izenekoa, hain zuzen, eta interesatzen zitzaizkien zenbait kontzeptu lantzen hasi ziren. Kale antzerkiko pieza laburra da, hamabost minutukoa. Mugimendu mailan, alderdi fisikoa eta emozioa uztartuz. «Alegia, proposamen fisiko batetik abiatuta, oso dantzarako proposamenetik, baina emozioa alde batera utzi gabe, horren bidez bat egin baitezake ikusleak». Eta hasiera ona izan zuten, obra horrekin Leioan Umore Azokako Konpainia Berri Onena saria jaso baitzuten 2016an. «Eta hortik, gora», dio Aritzek barrez.

Lehen obra hori konpainiaren hasiera ez ezik, aurten itxiko duten trilogia batena ere izan zen. Trilogiak azalaren bidezko komunikazioa du gai. “Larrua” lehen piezak pertsona batekiko kontaktuak zer sortzen duen adierazten du, zer eragin daitekeen azalaren bidez. Bigarrenak, “Oskol” izenburukoak, pertsonaren babesaz dihardu, izenburuak dioen bezala, eta hori ere kalerako obra da. Hirugarrena, azkenik, eraldaketa adierazten duen lana da, «larrua uztea, alegia». Datorren urte hasieran estreinatuko dute azken atal hori, oraindik izenbururik ez duena, emakumezko bik interpretatuta. Horrela itxiko dute gai beraren gainean baina hiru ikuspuntutatik adierazitakoaren trilogia.

Hizkuntza eszenikoa

Hurrengo obrarekin konpainiaren hizkuntza eszenikoa gehiago lantzen hasi ziren. “Baserri” aretorako pieza luzeagoa da eta, euren azalpenaren arabera, euskal kulturan zehar egindako bidaia da, oso errotuta dauden ohiturak berrinterpretatuz eta gaurkotuz. Tradizioaren eta abangoardismoaren arteko mugako lerroak lausotzen ditu obra horrek, baserria sinbolo bihurtuz eta lurrekoaren eta mitologiaren arteko paralelismoa eginez. Aritzek dioenez, irudi batetik abiatzen dute beren lana, jende guztiak erraz ezagutzen duen zerbaitetik: «Hemen Euskal Herrian, esate baterako, lanabesak ikusten dira, dolareak… Hori ikusi eta ezagutzen da, eta gero abstraktuago egiten dugu. Nik batzuetan Haruki Murakamik egiten duen errealismo magikoarekin konparatzen dut, espazioaren deskripzio bat eta bat-batean abstraitu eta zerbait magiko bihurtzen da». Hurbileko proposamenak dira, jendeak erraz ezagutzen dituen lanabesen, irudien eta musiken bidez.

Bide horretan aurrera, duela aste bi “Ojo de buey” estreinatu zuten Principal Antzokian, Gasteizko Antzerki Jaialdian. Zalantza bat argitu du Aritzek: ez da maiz antzeztu izan duten “Idi begi” obra laburra. “Ojo de buey” ia ordubeteko lana da, aurrekoaren garapena, hain zuzen. Arrakasta handia izan omen du “Idi begi” lanak; izan ere, uda honetan emanaldi asko egin dituzte idi probak idiaren begitik erakusten dituen lan horrekin. «Idi proben ingurukoa lantzerakoan estudioan sortu zitzaizkigun hainbat kontu ez genuen 15 minutuan sartzerik izan eta pieza luze baterako lantzea pentsatu genuen». Hortik sortu zen “Ojo de buey”, eta izenburua gazteleraz jartzea erabaki zuten, bata bestearekin ez nahasteko.

«Otsoa», erronka handiagoa

Izan duten erronkarik handiena “Otsoa” izan da, ordubeteko obra. Erronka, batez ere koreografia aldetik. «Gaia pixka bat konplexua zenez, testua sartzea erabaki genuen, eta testuaren eta mugimenduaren arteko sinergia aurkitzea zaila da beti». Obraren gaia gogorra da, sekten gainekoa, «eta ikuslea batzuetan ez da oso eroso sentitzen, nahiz eta dena ironiatik landua den. Izan ere, Begoña Martinek interpretatzen duen protagonista teledendako saltzaile bat izan liteke, edo bere pelikula saldu nahi dizun politikaria, zer ondo gauden… Eta gero momentu gogorrak ditu, tentsio handikoak, pertsonaiak itxita, hortik ezin irtenda». Lan horretara arte proposamen «arinagoak» landu ondoren, eszenografiari dagokionez ere konplexuagoa zen, muntaketa garrantzitsua eskatzen duena. Begoña Martinekin batera, Elena Wilhelmssonek, Ingrid Magrinyak, Jordi Vilasecak eta Aritz Lopezek ere parte hartzen dute aktore gisa.

Orain bira bat egiten ari dira obra horrekin, batez ere Bizkaian: duela aste bi Elorrion izan ziren; gaur bertan, Basaurin, datorren ostiralean, Zornotzan... Eta bitartean beste zenbait obra antzezten jarraitu dute. Joan den ostiraletik astelehenera bitartean, Gasteizko Antzerki Jaialdiko Off-Lokal programan parte hartu zuten. Halaber, “Idi begi” Kanarietara eraman berri dute. Kanarietara, hain zuzen, uharte haietan ere idi probak egiten dituztela jakinda.

Asmo pedagogikoa

Garrantzi handia ematen diete tailerrei, eskolei, publikoarekiko solasari... «Jakina, gustuko dugulako egiten dugu», dio Aritzek, «ez gara inongo kausaren banderadun, baina publikoari hainbat gauzaz hausnarrarazi nahi diogu, eta bidaiarazi, bidaia emozional bat eginarazi, amets eginarazi...».

Beren proiektuaren arlo pedagogikoari dagokionez, lan hori egin beharra dago. Zoritxarrez, urte luzeetako diktadura izan zen eta ez zen ezagutu arte eszenikoen kultura garaikidea. 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran lehen sortzaile garaikideak iritsi zirenean, publikoa ahoa bete hortz geratu zen, berrogei urteko atzerapena zuen. Beraz, proposamen horiek hurbiltzeko lana egin beharra dago, jendea horiek ikusten ohitzeko, dena da irisgarria».

Bitartekaritza eta publikoa sortzeko proiektuak dantzaren arloan egiten duten militantzia direla dio, jendearengana hurbildu eta partekatzeko nahia, jendeak dantza ikusi eta ez ulertzeko beldurra izan ez dezan. Orain covid-19arekin zailagoa dute, baina lehen emanaldien ondoren jendearekin eseri eta solasaldiari ekiten zioten maiz.

Nabaritu dute egoeraren larria, kultura mundu guztiak bezala. Hala ere, Aritzek dioenez, leku askotan dantzako publikoa denaz bezainbatean beti estu samar ibili denez, orain edukiera murriztua dela-eta, ia ez dute nabaritu. Pandemia garai honetan kaleko obrak antzeztu dituzte gehienbat; izan ere, Elorrioko emanaldia izan da antzoki batean egin duten lehena, eta bigarrena, Gasteizko estreinaldia, baina kalean ere lehen edukiera murrizturik ez zuten lekuak leku beteak izaten dira. Pozik ageri da bai kalean bai antzokietan izan duten harrera dela eta. Aritzek uste osoa du antzerkia eta dantza gustuko duen jendea ere militantzia egiten ari dela eta, edonola ere, gogotsu sumatzen du. «Gainera, ez dago antzerkia baino leku seguruagorik», dio.

Murrizketen lehen biktima kultura izaten dela aspaldiko egia da, eta nolabait onartuta dagoela uste du Aritzek, eta Euskal Herria eta Katalunia ondoen dauden Estatuko lurraldeak direla. Ez dio egoera ona dela, baina haren ustez, Estatuko beste leku batzuetan kulturak ezer balio ez zueneko urte haiek honaino iritsi dira: «Jakina, kultura ardura zitzaiona ataka batean zegoen, eta horri buelta ematea ez da erraza. Baina gauzak aldatuko dira, aldatu behar dute».

LANKIDETZA, KIDETASUNAK ETA PROIEKTUA

Duela bost urte hasi ziren elkarrekin lanean Aritz Lopez gasteiztarra eta Jordi Vilaseca bartzelonarra, baina zeinek bere ibilbidea egina zuen orduko.

Lopez 2003an hasi zen auzoko lagunekin breakdancea egiten. Ondoren, Gasteizko Jose Uruñuela dantza kontserbatoriora joan zen eskolak hartzera, eta beste dantza batzuetara ere zabaldu zuen bere jarduna, hala nola balletera. Hurrengo pausoa Garazi Lopez de Armentia Baratzako kidearekin harremanetan jarri zenean eman zuen, dantza garaikiderako prestakuntzari helduta, eta hainbat konpainia eta dantzarirekin bidaiatzen eta trebatzen hasi zen. Orain, Vilasecarekin batera Larrua proiektua zuzentzen du.

Vilasecak Bartzelonako Institut del Teatre dantza kontserbatorio profesionalean hasi zituen ikasketak eta Amsterdamgo Henny Junniens Foundation-en eta Madrilgo Alicia Alonso Dantzako Goi Institutuan jarraitu zuen bere arte prestakuntza. Bartzelonarrak ere konpainia ugaritan lan egin du, eta gaur egun, dantza eta sortze lana irakaskuntzarekin uztartzen ditu.

Aritzek Nobulus Austriako konpainian eta beste zenbait proiektutan zebilela ezagutu zuen Vilaseca. Haren pieza bat interpretatu zuen eta konturatu ziren hainbat kidetasun eta dantza ikusteko antzeko era zituztela. Baratza Aretoan erresidentzia bat eskaini zieten –proiektuak garatzeko beka modukoa, lokala eta bitartekoak baliatzeko aukera– eta proba egitera joan ziren. Hamabost egunean hainbat gauza partekatu ondoren, konpainia abiatu zen. Funtzionatzen zuela ikusi zuten, «giharra bazegoela», baita elkar ulertzen zutela eta gauzak egin zitzaketela ere. Eta, egin ere, egiten ari dira.

ARITZ LOPEZ   Dantzaria

«Proposamen ireki baten aurrean, zeuk pentsatu, hausnartu behar duzu, zeure iritzia sortu»

Dantzatik bizitzeak ez du erraza ematen.
Ez, ez da erraza. Dantzari asko dago, baina mundu guztiak ezin du hortik bizi. Gure lanbide hau, dantzariona batez ere, arte eszenikoen haurride itsusia da. Hemen dantza da gutxien programatzen dena. Ez dakit %11ra iristen den. Ez diot hori antzerki gutxiago eta dantza gehiago programatu dadin, baizik eta dantza gehiago eta antzerki gehiago programatu dadin. Izan ere, egoeraren ondorioz, badira konpainia asko, gurea bezalakoak, egonkortasunik ez dutenak. Ez dauzkazu urte osoan zeure konpainiarekin bakarrik lan egiteko beste emanaldi.
Beraz, zuk beste konpainia batzuetan ere egiten duzu dantzan.
Nik, neure konpainiako emanaldiak egiten ditut eta batzuetan Kukairekin zerbait, edo beste konpainia batekin. Mugitu egin behar duzu, eta beste konpainiekin ere lan egiteak ematen dizu honetatik bizitzeko modua. Horrek eta eskolak emateak. Nork bere modua aurkitzen du, baina gaur egun Europakoak bezalako formatuetan dantzari talde bat urte osoan kontratatua daukaten konpainiak pare bat baino ez dira EAEn.
Segurtasun falta duzue, beraz.
Bai, freelance mundua da, autonomo gisa askorentzat dantzatu behar duzu bizirauteko. Eta oro har ez dago instituzioen sostengu sendo bat arte eszenikoentzat, espazio bat izateko, eta ez diot dena ordaindu behar dizutenik, baina laguntza bat urte osoan lanean iraun ahal izateko. Hori ez da hemen existitzen. Badaude Gasteizko Gobernuaren laguntza batzuk, baina aldundiak askoz atzerago daude, Gipuzkoakoa izan ezik. Horren ondorioz, profesional askok hemendik alde egin edo beste zerbaitetan jardun behar izaten dute. Eta joaten direnek Europan beste egoera bat topatzen dute, urtebeteko kontratuak, hurrengo urtean zuk nahi baduzu berritzen dizutena… Proiektuak luzeagoak dira.
Zuen obrak sortu, koreografiak, entseguak egiten dituzue… eta ikastaroren bat ere ematen duzue.
Bai, guk proiektua sortu genuenean esan genuen ez genituela koreografiak soilik egin nahi; horregatik, bitartekaritza eta publikoa sentsibilizatu eta sortzeko lana egiten dugu. Badugu, halaber, dantzarientzako prestakuntza programa bat, Larrualab. Dantzariek prestatzen jarrai dezaten, profesional egiteko bidean. Konfinamendu garaian gune bat sortzea bururatu zitzaigun, prestakuntzarako ez ezik, gure kideekiko solaserako ere, dantzan urte asko dituzten kide horiekin horrelako espazioak sortu, jende gazteagoak nor diren jakin dezan, 80 eta 90eko hamarkadetan dantza garaikidean nor zebilen jakin dezaten; hau da, inguruko sarea ezagutzeko aukera. Azken batean, gorputza ez ezik, burua ere koipeztatzea da kontua, artista batentzat hori garrantzitsua baita beti.
Eta entseguak egin behar ditugu, bai, baita obrak sortu eta prestatu ere, eta horretarako irakurri egin behar da...
Publikoarekin eta beste artista batzuekin egiten duzuena diru sarrera duzue?
Aurten egin ditugunak lantzeko Gasteizko Gobernuaren dirulaguntza bat jaso genuen. Pandemiak harrapatu gaitu, eta modu birtualean egin ditugu, eta horiek guztiak, eta ikuskizuna bukatutakoan ematen ditugun hitzaldiak doakoak dira, baina profesionalentzako prestakuntzak kostu bat izaten du, batez ere kanpoko profesionalak datozenean. Horretarako baliatu dugu laguntza.
Beraz, negozioa behintzat ez da.
Ez, ez. Komunitatearentzako zerbait da. Pixka bat militantzia da –irribarrez–. Mundu guztiak egia absolutuak eskaintzen ari denean, arteak, kulturak, pentsaera kritikoa sustatzen du, proposamen ireki baten aurrean zaudela, zeuk pentsatu, hausnartu behar duzu, zeure iritzia sortu, eta garai hauetan inoiz baino beharrezkoa da hori. Horregatik da oso beharrezkoa edozein proposamen artistiko, berdin dantza, eskultura...
Auzoan hasi zinen, lagunekin break dantzatzen.
Eta oraindik haiekin elkartzen naiz entrenatzeko. Ohitura onak ez dira galdu behar.