Antton Izagirre

Ezaren apologia

Gure denbora azkar, agudo, ihesean doan pertzepzioa areagotzen duten garaiak bizi ditugula esaten badut, beste askok esandakoa azpimarratzea besterik ez litzateke. Garai likidoaz hitz egiten dugu. Gaurko egiek bihar hartuko duten formaz ziurtasunik eza dugu. Ustez ziurrak genituen kontzeptuak erabat eraldatu zaizkigula jabetu gara. Guztiari aurkakotasuna aurkitu diogu eta egungo errealitatea adierazteko kontzeptu berriak behar ditugu.

Marc Augek, gain-modernitate garaiotan espazioa identifikatzerakoan lekuak eta “ez-lekuak” bereizi zituen. Ulertzen genuen identitate, erlazio eta gune historiko modura definitzen zituela lekuak; hots, gure etxea, txokoak, kaleak, gertuko denda... Horri kontrajarriz “ez-lekuak” modura identitate, erlazio edo historiarik gabeko espazioak aipatu zituen: aisia gune handiak, hotelak, komunikabide azkarrak... indibidualismora garamatzatenak.

Baina garbi dago bi kontzeptuek ez dituztela hain muga zehatzak eta ezin ditugula betikotu. Guztia aldakorra den uneak bizi ditugu. Covid-19ak eragindako pandemiak eta aurre egiteko neurriek lekuak “ez-leku” bilakatu ditu askotan. Etxeko espazioak itogarri bihurtu dira askorentzat, harreman lekuak lantoki bihurtu ditugu, familia gune genituenak jasanezinak egin zaizkigu itxialdian. Txokoak, parkeak, elkarguneak ixteko aginduak “ez-leku” bihurtu ditu. Eskolak ez dira erlazio gune, burbuila hertsiak dira, “ez-leku” bihurturik. Espazioa ez ezik, denbora, aisia, ohiturak ere eraldatu dizkigute. Goizaldeko ordu txikietan atseden ematen ziguten tabernen ordutegiak ilunabarreko “ez-orduetara” mugatu dituzte. Festen ordez, “ez-festak” egiten hasi gara. Danborrada “ez-danborrada” izango da, inauteriak “ez-inauteri” akaso.

Madrilen hautagaien ordez, “ez-hautagaiak” aurkezten hasi omen dira. Sare sozialetan, aurkaria erasotzeko izenen ordez “ez-izenak” normalizatu dira. Hori gutxi balitz bezala, agintariak “ez-gai” dira pandemiari aurre egiteko.

Jada ez dakigu zer egin: “ez-garai” berriotara gure bizimoduak egokitu, garai hobeen zain geratu ala gaurdanik garai berriak eraikitzen hasi. •