Juantxo EGAÑA

Ez Dok Amairu, Donostian, 1971n

Arturo Delgado. Kutxateka
Arturo Delgado. Kutxateka

Ez Dok Amairu 1966an kultura berritzeko sortutako mugimendu bat izan zen, batez ere musikan oinarritu zena. Bere bultzatzaileetako bat Jorge Oteiza eskultorea izan zen. Bere lehen kontzertua Hernanin izan zen 1966ko urtarrilaren 9an, baina ofizialki Irunen aurkeztu zen 1966ko martxoaren 6an. Bertan aritu ziren Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Xabier Lete eta Artze anaiak, besteren artean. Larruquert eta Basterretxearen “Pelotari” filma ere eskaini zuten jaialdi hartan. Ez Dok Amairu taldeak kontzertuak eman zituen Euskal Herri osoan, 1972an desegin zen arte.

Lerro hauen alboko argazkiak 1971ko irailaren 7an egin ziren Donostiako Trinitate plazan. Euskal Jaien egitarauaren barruan Ez dok Amairu taldeak ”Baga, biga, higa sentikaria” izeneko ikuskizuna eskaini zuen. Bi egunetan eman zuten emanaldira 3.500 pertsona hurbildu ziren, garaiko prentsak jaso zuenez. Mikel Laboak, Xabier Letek, Julian Beraetxek, Kepa Garbizuk, Artze anaiek, Benito Lertxundik, Lourdes Iriondok, Nekane Oiarbidek, Jose Mari Irastorzak eta Juan Miguel eta Jose Anjel Irigaraik hartu zuten parte.