Xabier Mikel Errekondo

Negargarria

Etxeratuta nago gaixorik, baja luzean, urrian izan nuen ebakuntza baten ondorioz. Eta, Euskaraldiaren beharrik gabe edo harengatik ere, ohitura dut etxean nagoenean euskal hedabideak pizteko, nagusiki goizez Euskadi Irratia eta arratsetan ETB. Irrati zaleagoa naiz, lagungarri egiten zait etxeko lanetan, bereziki sukaldean. Irratiak programa anitzak eta oso onak ditu, aldiz, telebistan gehienak eskasak, salbuespenak salbuespen. Koronabirusak ondorio larriak eragin ditu, baina itxialdiak eta egungo erdi-itxialdiak ere beste hainbeste albo kalte ikusezin, eta osasuna hain preziatua den garai hauetan badirudi ETBri bost axola diola programazioak sor ditzakeen min psikologikoak.

ETBko zenbait iniziatibek hotzikara eragiten didate. Atzo Itoitz talde aitzindariaren “Lau Teilatu” paregabea izan zen, gaur Bob Marley handiaren “No woman no cry” abesti mitikoa. Biak asko maite nituen, eder zitzaizkidan traka etengabearekin belarri minduek «kito!» esan arte. Biak ala biak gorrotatzera bultzatu nau ETBk, egunean 30 aldiz! «Ez negar egin…» «Ez negar egin…» bakoitza Tysonen ukabilkada bat zait, orain begian, gero sudurrean edo matrailean, gibelean… ia KO geratu arte, eta defentsa guztiak lehertu dizkidanean doinu gorrotagarria garunean iltzatzen zait eta isilean abesten dut sukartu arte. Irentsi ezina zait eta “negar egiten” dut barneratu diguten arauaren kontra. Egunero negar uholdea eragiten dit ETB-penitentzia-gurutzeak eta, nahiz ziur izan belarri mindu gehiago badela, ez dut ETB gorrotatuko, badakidalako negar egitea osasungarria dela oso. Maite nautenek aspaldi zidaten erakutsi. Gogoz egingo dut negar. Pena abestiak.

EiTB Maratoiaren zilegitasuna… nahiago dut beste baterako utzi. •