Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
NIKO CUENCA
Ekonomialaria

«Aurrezkia maximoetan dago, baina baita lan pobrezia ere. Arrakala horiek ezin dute handitu»

Ekonomia askotariko kontuak kabitzen diren tiradera da eta horietako asko elkarri lotuta daude. Pandemiak tiradera hori gogor astindu eta lehengo zuloak bistaratu ditu.

Marisol RAMIREZ | FOKU
Marisol RAMIREZ | FOKU

Zartatuak zabaldu zaizkio sistemari, zuloak handitu. Globalizazioa ez da saltzen duten bezain perfektua eta jendartea polarizatua dago.

Ekonomiaren ikuspuntutik, bizi dugun krisiak parekorik izan al du aurretik?

Aurrekoekin konparatuta, krisi honek baditu hainbat berezitasun. Hasteko, horren krisi sakona aurrekoaren hain jarraian ez da inoiz bizi izan. Hamar urteko tartean horrelako bi krisi sakon bizitzea ez da gertatu, nahiz eta krisiak ziklikoak izan. Bada belaunaldi bat, 1985-1995 urte bitartean jaiotakoa, lehen aldiz bi krisi sufritu dituena lan merkatura sartzeko orduan.

Horrez gain, krisi historikoak aztertuta, eskaintzaren soka edo eskariaren soka eten izan da. Kasu honetan biak eten dira. Batetik, eskaintzaren soka eten da. Hainbeste urtetan saldu diguten globalizazioaren makineria zoragarri horretara pandemia etorri denean, makinan harritxo bat sartu denean, blokeatu egin da. Bat-batean, Txinatik asko inportatzen zuten herri asko ezin ekoiztu geratu ziren, hornikuntzak huts egin zielako. Hor lehendabiziko krisia, eskaintzarena, ezin ekoiztu. Gero itxialdia etorri zen eta bigarren soka, eskariarena, eten egin zen. Herritarrek ezin erosi, ezin kontsumitu, ezin bidaiatu.

Eta, pentsa, hortik etorri da aeronautikaren hondamendia eta Euskal Herrian horrelako enpresa asko ditugu. Horien errekuperazioa besteen segidan etorriko da, lehendabizi konfiantza berreskuratu beharko da, gero bidaiatzera bueltatu…

Horrez gain, beste krisi batzuetan apurka-apurka atera izan gara, baina oraingo honetan faktore psikologikoak ere parte handia izango du. Noiz berreskuratuko da konfiantza? Noiz galduko da beldurra? Horrez gain, krisiak ez du berdin eragin mundu guztian. Txertoarekin zer gertatuko da? Munduko toki guztietara iritsiko al da? Afrikara eta garatuak ez dauden herrialdeetara iritsiko al da? Horietara ez bada iristen, krisia ez da inoiz amaituko. Krisi honek baditu hainbat alderdi berezi egiten dutenak.

Diozunez krisiak bistaratu du globalizazioaren ustezko makineria perfektu hori ez dela hain perfektua.

Askoz merkeagoa zenez musukoak inportatzea ekoiztea baino, bat-batean konturatu gara Euskal Herrian musukoak ekoizten dituen enpresa bakarra dugula. Estatu mailan bi daude eta Europan oso gutxi. Bat-batean konturatu gara Europak ez duela ibuprofenorik ekoizten… subiranotasunaren ikuspegitik –osasun subiranotasuna kasu honetan– krisiak agerian utzi du globalizazioaren testuinguruan zerbaitek huts egiten duenean albo kalteak izugarriak direla. Pentsa, une batean Estatu espainoleko Gobernuak armadaren hegazkinak bidali zituen Txinara Mondragon Taldeak maskarak ekoizteko hiru makina hona ekartzeko. Saldu digutenez globalizazioa zoragarria da, ondo doan makineria perfektua, baina bistan geratu da ezetz.

Herritar guztiei ez die berdin eragin krisiak.

Krisiak agerian utzi du jendartean dagoen polarizazioa; lan merkatuan dagoen polarizazioa. Alde batetik lan kontratu finkoak edo funtzionarioak daude eta, bestetik, behin behineko kontratuak. Batzuek krisia oso gainetik ikusi dute eta beren diru sarrerak bermatu dituzte gutxi gorabehera. Baina behin behineko kontratuak dituztenek oso gaizki pasatu dute. Krisi honek inoiz baino ageriago utzi ditu gizartearen arrakalak. Une honetan inoizko aurrezki tasarik altuena dago bankuetan, herritar batzuek inoiz baino gehiago aurreztu dute. Baina, beste aldetik, pobrezia izugarri areagotu da. Pandemian pobrezia %25-27ra iritsi da eta lan pobrezia ere areagotu egin da; alegia, lanean egon arren pobrezian dagoen jendearen kopuruak gora egin du. Gazteen egoera ere oso kezkagarria da. Alde batetik, gazteen diru sarrerak batez beste %45 inguru egin dute behera pandemian eta, bestetik, 30 urtetik beherako gazteen herenek ez dute diru sarrerarik izan martxoa eta abuztua bitartean. Hori behin-behinekotasunarekin lotuta dago. Krisiak balio izan du gure sistemaren lotsa guztiak agerian uzteko.

Lehendik zetozen joera batzuk indartu egin dira, mugikortasun ereduetan eta online merkataritzan kasu.

Autogintzaren alorrean dagoeneko salmentak ez zihoazen ondo. Batetik, ez zegoen oso argi zein izango den etorkizuneko auto sistema: hibridoa, elektrikoa, hidrogenoa… Horregatik jende askok badaezpada ez zuen autorik erosten. Bestetik gazteek, dauzkaten diru sarrerekin, maiz ez dute pentsatzen autoa erostea. Bada oso esanguratsua den ikerketa bat. Horren arabera, 1985-1995 urte bitartean jaiotakoek beren aurreko belaunaldiak baino %13 gutxiago irabazten dute. Hori orain arte ez zen gertatzen, beti espero zen hurrengo belaunaldiak hobeto biziko zirela eta gehiago irabaziko zutela. Akaso horregatik edo, gazteek ez dute hain barneratua jabetzaren kontzeptua eta auto gutxiago erosten dute. Lehendik arazo bat zegoen autogintzan eta pandemiak areagotu egin du. Euskal Herrian bereziki eragiten du, autogintzako enpresa handiak daudelako eta baita horien inguruan bizi diren sektore ugari ere.

Online merkataritzari dagokionez, itxialdian herritarrek online merkataritzara jo dute kontsumitu ahal izateko. Horrek kalte oso larriak dakartza: gure herrietako eta hirietako paisaia aldatzen da denda txiki asko ixten direlako; kostu ekologikoa handia da banaketak banan-banan egiten direlako; Amazon bezalako erraldoiek sekulako zerga ingeniaritza egiten dute zerga ahalik gutxien ordaintzeko… Hori bazetorren eta pandemiak areagotu egin du.

Genero arrakala ere modu kezkagarrian areagotu du, emakumeen langabezia tasak gizonezkoena hirukoiztu egiten du. Gizartean lehendik zeuden arazoak areagotu egin ditu pandemiak.

Zer gertatuko da turismoarekin?

Hausnarketa oso sakona egin behar da. Turismo oso merkea izaten ohitu gara, low cost motakoa. Zer dago horren atzean? Zergatik da hain merkea hegazkinez bidaiatzea? Gaur egun autoan diesela edo gasolina botatzeagatik zergak ordaintzen ditugu, baina kerosenoak ez dauka zergarik, bere garaian nazioarte mailan onartu zen akordio bat medio. Turismoa merkatu da horregatik eta egiten dituzten lan merkatuak ere merkatu direlako, low cost kontratuak dira. Akaso ekologiaz eta trantsizio energetikoaz hainbeste hitz egiten ari garen garaian hausnarketa bat egin beharko genuke.

Horrez gain, ikusi egin beharko da konfiantza berreskuratzen den ala ez, ea jendea ausartzen den lehen bezala bidaiatzen. Hori ikusteko urte pare bat beharko dira. Espero da 2023. urterako krisi aurreko barne produktu gordinaren mailetara heltzea, baina turismoaren kasuan hori ez dago hain argi. Ez da erraza jendearen konfiantza maila zein erritmotan berreskuratuko den aurreikustea.

Nola aurreikusten duzu 2021. urtea?

2020. urtea bukatzeko egun batzuk falta dira eta oraindik ez dakigu zelako harremana izango dugun Erresuma Batuarekin. Ziurgabetasun egoera hori areagotu egiten du Brexitarekin zer gertatuko den ez jakiteak. Kontuan izan behar dugu euskal esportazioan jomuga garrantzitsua dela Erresuma Batua. Aldagai hori oso garrantzitsua da. Gero, urtea hasi eta Bidenek hartuko du AEBetako presidentetza. Panorama geopolitikoa erabat aldatuko da. Europa tarteko, Txina eta AEBren arteko lehia basatia egon da, gerra komertziala eta gerra teknologikoa. Ikusteko dago horrek zer emango duen. Bidenek estatu idazkari bezala jarri duen pertsona Estatu frantsesean hazia izan da eta badirudi Europarekiko jarrera leuntzen saiatuko dela. Baina badira asko markatu dezaketen aldagaiak, artean ezezagunak direnak.

Eta Txinari ere begiratu beharko zaio. 2020an haziko den herrialde bakarra izango da; badirudi pandemia erabat kontrolatu duela eta ekonomiaren hazkunde tasa positiboak izango dituela, txikiak izan arren. Badirudi Txinak lidergoa hartuko duela. Ikusteko dago mundu mailako taula horretan Europak zein rol izango duen.

Europari begira, berriz, gerrarik handiena izango da Europak banatuko dituen funts horiek nola banatu. Badirudi nahiko garbi dagoela Estatu espainolak zenbat jasoko duen, baina ez dago hain garbi nola banatuko duen erkidegoen artean. Europako funtsak jasotzeko baldintzak egon badaude, baina ikusi egin beharko da Europak noiz arte jasango duen estatuen zorpetzea. Hurrengoei izugarrizko oinordetza utziko diegu, zor hori itzuli egin beharko delako. Horrek eskatzen du zerga sistema aldatzea, murrizketak egitea.

Ikusteko dago, era berean, mundu mailan erraldoi teknologikoei ezarri beharreko zergen inguruan adostasunik lortzen ote den. Badira argitu behar diren aldagai asko. Espero da 2021. urtea nahiko neutroa izatea, %5 eta %6 arteko hazkundea espero da, baina ez gara iritsiko inondik inora galdu dugun maila berreskuratzeko. 2023. urtera arte ez da espero krisi aurreko egoerara bueltatzea.

Eta langabezia ere hor dago. Ea noiz arte eutsi diezaiokeen Gobernuak Aldi Baterako Erregulazioen politikari. Hori da beste aldagai garrantzitsua.

K itxurako errekuperazioa aipatzen duzu.

Horrekin esan nahi da inor atzean ez geratzea. Errekuperazioa irudikatzeko orduan, gero eta gehiago erabiltzen da K itxurakoa; aurrezkia maximoetan dago, baina baita lan pobrezia ere. Ezin dugu utzi batzuk gorantz joatea eta besteak beherantz. Arriskua da K itxurako errekuperazio bat ematea eta erronka da hori ez gertatzea eta denok gorantz joatea.

Eta beste erronka bat: inbertsioak giza kapitalean. Formakuntzan, hezkuntzan, berrikuntzan, ikerkuntzan... inbertitzea ezinbestekoa da, ez horrenbeste alferrik diren megaproiektu handietan.

Bada kezkatzen nauen puntu bat: jatorri enpresariala dugun herria gara, familia enpresa asko izan ditugu, kontua da hirugarren belaunaldia iristen denean galdu egiten direla. Eta azken urteotan erabakigune asko galdu egin dira, enpresa asko saldu egin direlako. Ekintzailetza indartu eta sustatu behar da eta horretarako baditugu tresnak; ekonomia sozial oso indartsua, proiektu oso interesgarriak... Baina enpresak izateko enpresariak behar ditugu. Enpresa sare indartsua behar dugu horrek sortzen duelako inbertsiorako gaitasuna, ikertzeko gaitasuna eta bestelako inbertsioak erakartzeko gaitasuna.

Azkenik, norberaren hautua gauzatzea garrantzitsua da. Botere handia daukagu gure hautuekin; non kontsumitu, nola kontsumitu... Jendeak ohartu behar du bere erabakiekin ekonomia margotzen duela.