Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
Miren Basaras Ibarzabal
MIKROBIOLOGOA

«Pandemiak mundua hankaz gora jar dezaketen izakiak daudela erakutsi digu»

Birus batek gure bizitza astindu duenean, gizarteak zientzian bilatu ditu erantzunak. Eta Miren Basaras irakaslea premia horri erantzuten aritu da hasiera-hasieratik.

Marisol Ramirez | FOKU
Marisol Ramirez | FOKU

Galderak pilatu eta ziurtasunak desagertu diren garai hauetan, Miren Basaras mikrobiologoak hamaika elkarrizketa eskaini eta hainbat artikulu idatzi ditu, mundua aztoratu duen gaitzaren gainean ahalik eta argi gehien jartzeko. EHUko Medikuntza Fakultateko bulegoan hartu gaitu, ezbairik gabe urteko gai garrantzitsuena denari buruz luze berba egiteko.

Euskal Herrian, lehenengo covid-19 kasua otsailaren azken egunean detektatu zen, baina gero ikusi da birusa askoz lehenagotik zebilela hemen. Nola ez zen lehenago antzeman?

Beste herrialde batzuetan ere berdin gertatu da. Europan orain ikusten ari da kasuistika hori lehenago heldu zela, duela urtebete baino lehenago Europako hainbat herrialdetan lehenengo kasuak gertatu zirela. Atzera begiratuta, ikusi da ospitale batzuetan bazeudela paziente batzuk pneumoniarekin eta ez zekitela zein zen hura eragin zuen mikroorganismoa. Hori beste kasu batzuetan ere gertatzen da, beti ez da detektatzen eragilea. Arazoa izan da birus berri baten aurrean gaudela eta birus hori hedatzen joan dela. Eta immunitate txikia dagoela, hori da arazo nagusia. Baina lehen kasuak berandu atzematea ez da horrenbeste akats bat.

Martxoaren 14an itxialdia agindu zuten, eta bi astera kasu kopuruak goia jo zuen, birusa oso hedatuta zegoen seinale. Zer gertatuko zatekeen itxialdirik ezarri izan ez balitz?

Espero zitekeena da askoz hildako gehiago egotea. Itxialdia une horretan ezarri zen. Lehenago ezarri behar zen? Beharbada bai. Lehenengo kasuak agertu izan zirenean? Agian. Ematen zuen kasu solteak zirela, eta gero ikusi zen ezetz, oso kasuistika handia zegoela, transmisio komunitario baten aurrean geundela. Zentzu horretan, ematen du arazo handia dagoela transmisio komunitarioa dagoela esateko, bigarren olatu honetan ere hori ikusi dugu. Denbora guztian ibili izan dira kasuen trazabilitatea lortzen ari garela eta transmisio komunitarioa ez dagoela esaten. Transmisio komunitarioa, kasuak agertzen direnean eta nondik datozen ez dakigunean ematen da. Une honetan transmisio komunitarioan gaude, udan ere bageunden. Badirudi beldurra ematen duela esateak, eta uste dut hori gertatzen denean neurri zorrotzak hartu behar direla.

Zenbait adituk adierazi dute birusak jokabide bitxia duela. Adibidez, jende kopuru txiki batek kutsatze gehienak eragiten ditu, eta, aldiz, kutsatu askok ez dute ia kutsatzen.

Beste birus batzuekin ere ikusten ditugu horrelako portaerak, non bakoitzak duen karga birikoaren arabera aukera gehiago izango dituen ondoko pertsonak kutsatzeko edo ez. Baina, kasu honetan, hori guztia pixkanaka ikasten joan gara, hilabeteak aurrera joan diren heinean. Adibidez, hasieran uste zen sintomadunak zirela batez ere kutsatzen zutenak, gero ikusi da asintomatikoek ere kutsa dezaketela, bereziki birus kantitate handia badute. Badaude hainbat mikroorganismo antzeko portaera izan dezaketenak; bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta hemen ere ikasten joan gara.

Sintomei dagokienez, arnas aparatuari eragiten dizkiotenak nabarmentzen dira, baina beste batzuk ere eragiten ditu. Ohikoa da birus batek sintoma eta kalte desberdinak eragitea?

Badaude birusak sintoma desberdinak eragiten dituztenak, baina hemen arazo nagusia da guk ez daukagula inolako oroimenik birus honen kontra, eta oso aproposak garela birusak edozein kalte eragiteko. Eta hori da birus honek egiten duena, ez bakarrik arnas bideko patologia eragin, nerbio sistema zentralekoa, gibelekoa, bihotzekoa ere bai… Esan bezala, hori beste birus batzuek ere egin dezakete, baina, arazoa da birus honek ez duela inolako presiorik gugandik. Etorkizunean ikusiko dugu zer gertatzen den, presio bat dagoenean bera ere moldatuko da, modu batera edo bestera.

Ohiko katarro asko koronabirusek eragindakoak dira. Honek ere bilakaera hori izan dezake? Katarro soil bat izatea?

Agian bai, baina horretarako denbora behar da. Ez da hurrengo urtean izango, immunizazio maila altu bat izan behar dugu. Eta ez da beharrezkoa bakarrik guk immunizazio maila altua izatea, birus horrek aldaketarik ez izatea, ez mutatzea behar da. Aldaketarik ez izatea eta bere birulentzia txikitzen joatea. Baina hori denborak esango du.

Mutazioak, oro har, birusa ostalarian egokitzeko izaten direla esan ohi da, eta ez dutela zertan kaltegarriak izan. Hala gertatuko al da?

Hori ez dakigu. Mutazioak izan daitezke kaltegarriagoak, edo ez. Gu kutsatzen gaituzten birusei ostalaria ez hiltzea interesatzen zaie, zeren ostalaria hiltzen bada, beraiek ere akabo. Logikoa izango litzateke gure egoerara moldatzea, baina inork ez daki nola eboluzionatuko duen kaltegarritasun horrek. Esaterako, urtero heltzen zaizkigun gripearen birusak desberdinak dira, batzuetan mutazio txikiak izaten dituzte, beste batzuetan handiagoak, batzuetan ez da hain kaltegarria eta beste batzuetan kaltegarriagoa izaten da. Pandemia honek erakutsi digu gauza garrantzitsu bat: uste genuen guk kontrolatzen genuela mundua, baina hori ez da egia, badira beste izaki batzuk mundua hankaz gora jar dezaketenak, kasu honetan koronabirus hau. Eta gu haren mende gaude. Eta ez da izango bakarra.

Itxialdiak lortu zuen birusaren intzidentzia asko apaltzea. Baina gero arintzea etorri zen, eta «normaltasun berria». Azkarregi pasa ginen nolabaiteko normaltasun horretara?

Datuek adierazten zuten kasu positiboen jaitsiera nabarmen bat gertatu zela, eta nik uste dut batzuek pentsatu zutela jada guztiz kontrolatuta zegoela. Eta hori akats bat izan zen. Udan kasu batzuk bagenituen eta hala ere lasaitu ginen. Egia da ezin dugula denbora guztian konfinatuta egon, baina pandemia honetan ikusi dudana da sarritan ez dela pedagogia egin, ez direla gauzak argi azaldu. Ikusi ditut beste agintari batzuk, nazioartean, askoz ere neurri zorrotzagoak hartzen ari direnak, eta mezua askoz ere argiago ematen ari direnak. Alemanian, Australian, Zeelanda Berrian... Melbourne itxi zutenean, argi eta garbi galdetu zuten: «Zer nahi duzue, orain arintzea edo beste hiru astez itxarotea eta ia kasurik ez dagoenean hastea?». Eta jendeak ikusi zuen hobe zela itxarotea. Mezu argiak ematen direnean, dibulgazio lan handi bat egiten denean, gizartea zuregana ekartzen duzu. Uste dut hori garrantzitsua dela.

Agian falta izan da aitortzea gauza asko ezezagunak direla…

Bai, falta izan da. Ezin dena da gauza biribilak esan, ez badakizu zer gertatuko den. Une honetan, denok espero dugu hirugarren olatua, horren zain gaude. Hirugarren olatua helduko da, hori argi dago, ikusten ari garelako datuak ez direla onak, kasu asko daudela, intzidentzia metatua handia dela, baina zerbait egin beharko dugu hirugarren olatua hain gogorra ez izateko. Zer nahi dugu, gogorra izatea, oso gogorra izatea edo ahalik eta arinena izatea? Ba horren arabera jokatu beharko dugu.

Seroprebalentzia inkestaren arabera, Hego Euskal Herrian jendearen %9,6k izan du covid-19a, baina atentzioa ematen du orain antigorputzak dituztenen kopurua 2-3 puntu txikiagoa izatea. Horrek esan nahi du azkar desagertzen direla?

Hor hainbat faktore daude. Faktore bat da erabiltzen ari garen probak zer sentikortasun duen; posible da proba horrek antigorputz maila guztiak ez detektatzea, agian maila altuak detektatzea baina txikiak ez. Dena den, antigorputzen desagerpen hori beste gaixotasun batzuetan ere gertatzen da, baina garrantzitsuena da antigorputzak desagertzeak ez duela esan nahi ez gaudela immunizatuta. Posible da antigorputzen maila jaisten joatea, baina oroimen zelulak hor geratzea. Horiek zer dira? Zuk birus batekin kontaktua izan baduzu, zure sistema immunea aktibatu da eta birus horren kontra zenbait substantzia jariatzen hasten da. Batzuk antigorputzak dira, eta horiek denborarekin jaisten joan daitezke, baina oroimen zelulak zure barnean gelditzen dira, eta birusarekin bigarren kontaktu bat duzunean berehala aktibatzen dira, eta zure erantzun immunea askoz azkarragoa eta potenteagoa da. Hemen arazoa da bigarren kontaktua duzunean birusa desberdina izatea. Berrinfekzioak gertatu direnean, birusa aldatu delako gertatu dira, lehen aipatutako mutazio horiek.

Ikerketek diote txertoak eraginkortasun handikoak direla; orain zer da ezagutzeko falta den gauzarik garrantzitsuena, eraginkortasunaren iraupena?

Lehenik eta behin, orain txertatzen ari diren pertsonak ea albo erreakzioak dituzten aztertzen ari da, eta, baita ere, zenbat antigorputz sortzen dituzten. Bigarren dosi bat jaso beharko dute lehenengoa hartu eta hilabetera, eta horren ondoren berriro aztertuko da antigorputzak sortu dituzten edo ez. Espero da esan duten eraginkortasun hori mantentzea, zeren gauza bat da boluntarioetan gertatzen dena, eta beste bat milioika pertsona txertatzea. Eta gero hainbat gauza ikusi beharko dira: antigorputz maila hori denboran mantentzen den edo jaisten den, adibidez. Baita ere, pertsona horiek birusarekin kontaktua duten edo ez. Orain dauden txertoek, bereziki RNA motakoek, Pfizerrenak eta Modernarenak, ez dirudi kutsatzea oztopatzen dutenik. Hau da, pertsona horiek kutsa daitezke eta birusa transmiti dezakete, txerto horiek ez dira, esaten den moduan, esterilizatzaileak, ez dute bermatzen ez kutsatzea, ezta ez transmititzea ere. Hori aztertu beharko da, eta baita ere pertsona horiek kutsatzean zer sintoma dituzten, haien erantzun immunea... Oraindik ikusi behar diren gauza asko daude.

Edonola ere, txertoaren eragina ez da bat-batekoa izango eta litekeena da hurrengo urtean ere neurriekin jarraitzea, ez?

Bai, ez delako kantitate nahikorik helduko ia denok txertatuta egoteko, ez dugu lortuko talde immunitatea berehala. Ikusi beharko dugu nola heltzen diren eta zer kopururekin joka dezakegun, eta txertatzen den pertsona kopuruaren arabera arinago edo astiroago joango gara talde immunitate hori lortzen. Ematen dituzten datuen arabera, ez da espero hurrengo urteko bukaerara arte lortzea, Eta mundu osoari begiratzen badiogu, pandemia ez da kontrolatuta egongo munduko biztanleen %60tik gora txertatu arte.

Gaixotasun hau zoonotikoa da, animalia jatorria du, birus eta gaixotasun berri gehienek bezala. Hurrengo urte edo hamarkadetan halako pandemiak ugaritu daitezkeela uste duzu?

Beti egon da pandemia arriskua. Izan ere, pandemia desberdinak ezagutu ditugu. Pandemia izan da GIBarena, C hepatitisaren birusarena... baina transmititzeko beste moduak dituzte, kontrolatzeko errazagoak. Arnas bidetik transmititzen direnek arazo handiagoak ematen dituzte, oso erraz hedatzen direlako. Etorkizunari begira, noski egongo direla birus berriak, jakina. Ez dakiguna da noiz, nola eta zein izango diren. Horregatik, beti prest egon behar dugu. Beti.