Amagoia Mujika Telleria
MUNDU BERRI BAT GUZTIONTZAT

Bizipozari dozena bat abesti eta bideoklip josi dizkiote neurrira 34 euskal sortzailek

«Mundu berri bat guztiontzat» izeneko lanak hamabi abesti eta hamaika bideoklip biltzen ditu. Doinu eta letra horien bidez Bizipozako hamaika elkarteren errealitatea bistaratu nahi da eta horretarako konplize izan dituzte euskal sortzaileak, letrak egiten eta abesten aritu direlako. Abestiak, errealitate anitzen ispilu eta bozgorailu.

Ibai ARRIETA
Ibai ARRIETA

Bizipoza elkartea 35 elkartek osatzen dute eta guztiak izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien elkarteak dira. Haur eta familia batzuentzat egunerokoa aldapatsuagoa izaten da, gaixotasunek, beharrek edo bestelako trabek malkartsuago bihurtzen dutelako. Punta zorrotzeko errealitate horien inguruan sortutako elkarteek sekulako lana egiten dute egunez egun, babesa, laguntza eta baliabideak eskainiz. Elkarteen elkartea da Bizipoza, guztiak batzen dituen sarea, eta hiru norabide nagusitan lan egiten du. Batetik, izaera bereziko gai horiek gizarteratzeko lan egiten du, euskararen bidez jendartea sentsibilizatzeko helburuarekin. Bigarrenik, elkarteei laguntza afektiboa ez ezik, eguneroko premiei erantzuteko baliabideak lortzen laguntzen die. Eta, hirugarrenik, euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolanean jarduteko aukera eskaintzen die, boluntario sarearen bitartez.

Bizipozako elkarteek bizi dituzten errealitateak bistaratzeko ahalegin horretan kokatu behar da Bizipozaren azken lana, “Mundu berri bat guztiontzat” izeneko CD-DVD eta liburuxka. 34 euskal sortzailek elkarlanean osatu dute hamabi abestiz eta hamaika bideoklipez osatutako lana. Lehen urrats horretan Bizipozako hamaika elkarteren errealitatea jaso da, elkarte bakoitzari neurrira egindako abesti eta bideoklip bilduma ederra.

Elkarteen egunerokoa bistaratu

Aipatutako proiektuak elkarteak eta sortzaileak elkarren artean korapilatu ditu, batzuen errealitateari besteek hitzak eta ahotsak jarri dizkiete eta emaitza ederra da: elkarte horien egunerokoa gizarteratzen, bistaratzen eta ulertzen laguntzen duten abestiak eta bideoklipak.

Kantu guztien konpositorea Xabier Zabala izan da. Kasu horretan ere «neurri-neurrira» egindako lana izan da, «elkarte bakoitzaren izaera eta mezua kontuan hartuta» sortu baititu doinuak Zabalak.

Letragileak, berriz, Euskal Herriko hamabi idazle eta bertsolari: Bihotz Gorospe, Nerea Ibarzabal, Leire Bilbao, Unai Iturriaga, Maddalen eta Amets Arzallus, Miren Amuriza edo Arkaitz Estiballes, besteak beste. Abeslarien artean ere aurpegi oso sonatuak daude: Yogurinha Boroba, Xabi Solano, Anabel Arraiza, Mikel Urdangarin, Gari, Josu Zabala, Aiora Renteria, Itziar Ituño, Andoni Tolosa edo Maite Larburu kasu.

«Hilabete batzuetan utziguzue ume izaten, hilabete batzuetan utziguzue aske izaten», abesten dute Aitor Gorosabelek eta Miren Narbaizak. Hitzak Aner Euzkitzek jarri dizkio abestiari eta errealitatea Oporrak Bakean elkarteak. Saharako haurrek oporrak Euskal Herrian pasatzeko modua egiten duen elkartea da.

«Min eta bizimin, minbiziaren bi kriskitin. Zu, ausardia, eredua, bizipoza. Gu, familia, maitasuna ta bihotza». Amaia Agirre bertsolariak hitzak jarri dizkio haurren minbiziaren errealitate latzari eta Eñaut Elorrietak abesten ditu hitzok erraietatik. Aspanogi eta Aspanovas elkarteek lan ikaragarria egiten dute haurren minbiziaren inguruan, minak jasotzen, minak pausatzen, patxada eskaintzen.

El Drogas-ek eta Oihana Fernandez Iturrik modu indartsuan abesten dutenez, «askotan gara ikusezin, gure ezinak ikusi ezin. Zabal itzazu begiak, nun, ia ikusten gaituzun». Julio Soto bertsolariak Hiru Hamabi elkartearen inguruan jositako hitzak dira. Hiru Hamabi elkarteak jaio ostean garuneko kaltea jasan duten adin txikikoen familiak batzen ditu.

Hamabigarrena, berezia

Hamabigarren abestia gainontzekoen apartekoa da. 2020an hil zen eta Bizipozako talde eragileko parte zen Joxe Mari Auzmendiren omenez sortutako abestia da, Auzmendiren beraren poema bat oinarri hartuta. Andoni Tolosak eta Maite Larburuk abesten dutenez, «Hartu amets bat eskutan eta joan zaitez bere atzetik». Eta horretan ari da Bizipoza elkartea, bere ametsaren atzetik, “Mundu berri bat guztiontzat” eraikitzen.