Iñaki Altuna

Pandemiak azalarazitako endekapenari aurre egin

Pandemia egoera gauza askotxo azalarazten ari da eta, hori dena zerbaitetan lagungarri izango bada, egin beharreko eztabaidak behar bezala piztu eta bideratu beharko genituzke, polemika hutsalak eta jokabide arduragabeak ez indartzeko, horrelakoak ere ez baitira falta maila eta esparru ezberdinetan.

Eta ondo berezi behar da zer den ardura pertsonala, zer kolektiboa eta zer instituzionala –agintariena, horrela esan nahi bada–. Hirurak bide berean joatea litzateke desiragarriena, baina, tamalez, ez da horrela. Ez norberaren askatasun indibidualaren izenean komunitatearen ongizateari kalte egiten zaionean eta ez erakundeetatik agintarien ardura zuritzeko errua herritarren bizkar gainean botatzen denean. Horrek ez du zerikusirik ez askatasunaren gogoarekin ez herriaren ongizatearen zaintzarekin. Edo beste modu batean esateagatik: ideologikoki eta politikoki eskuinaren pentsaerari egiten diote mesede horrelakoek; jokabide batzuek indibidualismoa eta beste batzuek autoritarismoa indartzen duten neurrian.

Euskal Herrian nahiko oinarri ideologikoa badago nortasun kolektibotik herritarren bizibeharrei erantzuteko, guztion eskubideak –osasun eskubideak barne– bermatzen saiatzeko.

Baina ez da horrela izaten ari, ez behar bezainbeste, ez behar den eremu guztietan. Oraingo honetan erakundeak jarri behar dira kritikaren erdi-erdian, aste honetan bereziki Urkulluren gobernua eta horko Osasun Saileko arduradun politikoak, txertaketan eta horren harira sortutako eskandaluan berriro ere erakutsitako jokabideagatik. Pandemiaren hasieratik egondako maila eskasa agerian geratu da beste behin ere.

Orain arteko arazoa ez da izan akatsak egin izana; nork ez lituzke egingo hain egoera aldrebestuan? Arazoa, berriz, erabilitako printzipioetan eta hartutako norabidean dago, eta horri eusteko izandako jokabidean. Nonbait, Ertzaintza erabiltzea errazagoa da Osasun Publikorako politika sendo bat eraikitzea baino. Jakina, telelana indartzea, distantzia sozialaren ondorioak pairatzen dituzten sektore ekonomikoei laguntzea, sektore zaurgarrien zaintza indartzea edo osasun arloan inbestitzea –dela birusa diagnostikatzeko edo haren arrastoa segitzeko, dela txertaketa bideratzeko, dela…– bestelako jarrera bat beharko luke. Debekuaren eta borraren ordez, inbertsioa, elkarrizketa, gardentasuna eta pedagogia.

Maldan behera hasita, oso kezkagarria izan da beren gabeziak eta itsuskeriak estaltzeko jelkideek aurreko fase politikoaren eskemak errepikatzeko egin duten saiakera. Gobernuko bozeramaileek, Ertzaintzaren sindikatuek eta EAJren buruzagiek bat egin dute horretan, ETBren bitartez nagusiki.

Antza, inork gutxik pentsatzen du horren ondorioetan, horrek guztiak sortzen duen endekapenean. Horregatik, etorkizunik egongo bada, gauzak errotik aldatzeaz ez ezik, gauzak berreskuratzeaz ere hitz egin beharko da aurrerantzean. Autonomiak ekarri zituen lanabes batzuk berreskuratu edo erreskatatu beharko dira norabide aldaketa bat nahi bada; horien artean, bistan denez, urteotan hainbeste murrizketa eta erabaki oker jasan dituen Osakidetza bera, berriro ere herritarrak eta bertako profesionalak erdigunean kokatuz. Are gehiago, gaur egun ariketa zinez iraultzailea litzateke Ertzaintza bera berreskuratzen saiatzea, Telesforo Monzonek sortutakoaren oinordeko gisa. •