Xabier izaga Gonzalez
ELKAR 13. LEHIAKETA

Ipuinei irudia eta irudiari hitzak jarriz, gaurko txikiak biharko sortzaile handiak

Irudiek gauza asko esan dezakete, eta modu askotara adieraz daitezke. Era berean, kontaketa batek ezin konta ahala irudi iradoki ditzake. Irudiek eta ipuinek iradokitzen duten hori idatzi zein ilustratzeko aukera emango die Elkar Fundazioak antolatu duen Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak haur eta gaztetxoei aurten ere, hamahirugarrenez, haien sormena sustatzeko asmoz.

«Munduko pastelik handiena! –esan zion Eñautek gozogileari–. Horixe nahi dut nire urtebetetzerako. Eskolara, bertan inoiz jan den pastelik handiena eraman nahi dut.

Emakume jakintsua zen gozogilea. Bidaia zalea oso, hamaika herrialde ezagututakoa. Gau osoa eman zuen haur haren pastela prestatzen. Munduko pastelik handiena esan zion Eñautek; baina, nola sartu mundua pastel batean? Lapiko handi bat hartu eta jakiz betetzen hasi zen: gozoak, gaziak, gogorrak, bigunak, hangoak eta hemengoak.

Gozogilea burruntzaliari birak eta birak ematen aritu zen gau osoan, lapiko handi hartan. Egindako bidaia guztiak gogoan, bertara jatekoak botatzen ibili zen: basamortuko datilak bota zituen, tropikoko hainbat fruitu, mendi altuetako behi-esnea. Munduko kakao eta azukre plantazio handienetako landareak ere jaurti zituen, baso berdeetako marrubi, gerezi eta masustak eta zereal-zelai ederrenetako gariarekin egindako gailetak.

Gau osoa eman zuen burruntzaliari bueltaka, zazpi itsasoetatik nabigatzen zuen ontzia bailitzan. Eguzkia atera aurretik, labean sartu zuen nahasketa ikaragarri hura.

Hurrengo egunean, Eñaut gozotegira sartu zen. Harrituta geratu zen gozogileak hain pastel txikia egin zuela ikustean.

-Baina nik pastel erraldoi bat eskatu nizun!

-Eraman ezazu eskolara eta proba ezazue bakoitzak pusketa bat. Ikusiko duzue zein goxoa dagoen!

-Nik ez nuen pastel goxo bat nahi! Nik munduko pastelik handiena nahi nuen!!!»

Irakurlea mundu osoan zehar eramango duen ipuin gozo, oso gozo baten hasiera da. “Munduari bira pastel batean” du goiburu eta Lur Gallastegik idatzia da. Irakurtzen jarraitu nahi duenak https://postdata.elkar.eus/ilustrazio_eta_ipuin_lehiaketa/sarrera webgunera sartuta, klik batez osorik izango du irakurgai.

Irakurtzen duguna buruan irudikatzen dugu, eta irudikatutako hori paperean marraztea trebetasuna lantzeko ariketa entretenigarria da. Elkar Fundazioaren Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak bakoitzaren trebetasun hori erakutsiz sari interesgarri bat irabazteko aukera emango die aurten ere marraztea gustuko duten haur eta gaztetxoei.

Beste batzuek, berriz, marraztea baino idaztea dute gustukoago, eta horiek ere izango dute beren dohaina erakusteko aukera lehiaketa horretan. Irudi batek gauza asko adieraz ditzake, eta askoz gehiago iradoki, askotariko istorio eta egoerak. Esate baterako, Adur Larrearen ilustrazioa ikusita, batek bere amonaren pasadizo bat gogoratuko du, edo kafeari anis tanta batzuk botatzen dizkion izebaren gaineko istorio harrigarri bat asmatu, edo...

Izan ere, Elkarrek antolatutako lehiaketak sormena eta irakurzaletasuna sustatzea du helburu. Sormena sustatzeko modurik onena irakurtzea da eta.

Ilustrazioa, ipuina edo komikia

Lehiaketaren hamahirugarren edizioa da aurtengoa, eta aurrekoek adinako arrakasta badu, milaka haur eta gaztek hartuko dute parte. Hiru modalitate antolatu dira berriro, haur eta gazteen adinaren arabera.

Lehena, Lur Gallastegiren "Munduari bira pastel batean" ipuina ilustratzea. Haurrek, eskolako ikasturtearen arabera, hiru sail hauetako batean parte hartzeko aukera izango dute: A sailean, Haur Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailakoek, baita txikiagoek ere; B sailean, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoek, eta C sailean, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarrenekoek. Ilustrazioak A3 edo A4 formatuko orri batean egin beharko dira, eta margo mota eta teknika guztiak onartuko dira. Haur bakoitzak ilustrazio bakar bat aurkeztuko du.

Bigarren modalitatea aukeratzen dutenek Adur Larreak egindako ilustrazioa ipuin bilakatu behar dute. Haurrek bi sail hauetako batean parte hartu ahal izango dute, betiere ikasturtearen arabera: D sailean, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoek, eta E sailean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoek. Ipuinak euskaraz idatzi beharko dituzte, ordenagailuz, eta orrialde bakar batean aurkeztu. Aurreko urteetan ikastetxeetatik bidaltzen ziren ipuinen artean aukeraketa bat egitea eskatzen zuten antolatzaileek, baina aurten ipuin guztiak bidal daitezke; horrela, handiagoa izango da parte hartzea.

Azkenik, hirugarren modalitateak komiki edo bineta bat egiteko aukera ematen du, gai hau oinarri hartuta: “Bizitza itsasontzian”. F sailean parte hartu ahal izango dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako gazteek. Komikiak edo binetak eskuz zein ordenagailuz egin daitezke, eta horietako testuak ere euskaraz idatzi behar dira. Teknika eta materialak guztiz libreak izango dira, eta komikia edo bineta A4 tamainako orrialde bakar batean entregatu beharko da.

Beraz, modalitate guztietako parte hartzaile bakoitzak ezingo du lan bat baino gehiago aurkeztu.

Noiz, nora eta nola bidali?

Lanak jasotzeko azken eguna apirilaren 16a izango da, eta garrantzitsua da ilustrazioa, ipuina zein komikia edo bineta paperean entregatzen bada, datu hauek jartzea lanaren atzealdean: haur edo gaztearen izen-deiturak, jaiotza-data, telefono zenbakia eta helbidea. Ikastetxeetatik bidaltzen diren lanetan, datu horiez gainera, ikastetxearen izena ere agertu beharko da.

Elkarren edozein liburu dendatan entrega daitezke, baina helbide honetara bidaltzeko aukera ere badago: Ilustrazio eta Ipuin lehiaketa; Euskal kulturgintza S.A - Portuetxe 88-20018 Donostia. Hirugarren bide bat ilustrazioa eskaneatua edo ipuina postdata.elkar.eus atarira igotzea da.

Epaimahaia osatuko duten lagunak haur eta gazte literaturan adituak dira, eta lanen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dute; baita ipuina, ilustrazioa edo gaiarekiko lotura ere, jakina.

Maila bakoitzeko bi sari banatuko dira; adibidez, jolas hezitzaileak, Elkar dendetan erabiltzeko opari txartelak, Irrien Lagunen aldizkarirako harpidetzak eta, sari berezi modura, haien ikuskizuna ilustratzaile txikienen mailako irabazlearen ikastetxean. Ikasgela osoarentzako sariak ere izango dira.