Joxean Agirre

Perimetrala

Herri batzuk, Zarautz esate baterako, oso perimetro urrikoak dira. Aiarrek, beti indar gehiago izan duelako edo, malekoi ziztrin batekin eta lau baserrirekin utzi gintuzten.

Chestertonek badu bere “Txikikeria handiak” liburuan kontakizun bat non maitagarri batek bi mutikori aukera ematen dien erraldoi ala nano izateko. Batek erraldoi izan nahi du, pausoak luzatuz mundua zeharkatu eta Himalaia eta Niagara bisitatzeko. Erraldoi bilakaturik, badoa Himalaiara buruarekin lainoak urratuz eta iristean mendiak muino iruditzen zaizkio; badoa Niagarara eta etxeko iturriko ur txorrota begitantzen zaio. Txiki izatea erabaki duenak, aldiz, zoko bakoitzean bazter miragarriak aurkitzen ditu.

Konfinamendu perimetrala iritsi zenetik Chestertonen nanoa bezala nabil inguruak arakatzen. Santa Barbara gurea da esklusiban. Txatxarromendi edo Pagoeta erdizka eta Talaimendi ere berdin. Eskerrak biotopoa eta padurak utzi zizkiguten, orduan baliorik ez zutelako seguru asko.

Chestertonen umea bezala ateratzen naiz etxetik eta orain berriro zabaltzen ari diren Iñurritzako errekari begira jarri eta «ez duk Danubio, baina ez zagok gaizki», esaten diot neure buruari, ahate saldoak hara botatako ogi zatiak jaten ari diren bitartean. Urteta aldeko lau baserrietatik barrena, mahastiak inausten ari diren baserritarrekin hitz egin ondoren jaisten naiz Astira eta laugarren edo bosgarren mailako futbol taldeei begira egiten dut tarte bat eta tarteka lehen mailakoak bezain onak ote diren iruditzen zait, grinari eta gogoari dagokienez behintzat. Etxera joan eta eskuetan “Hitza” dudala pentsatzen dut bertan datozen elkarrizketa eta erreportaje asko ez ote diren egunkari orokorrekoak baino interesgarriagoak.

Gazteek ematen didate pena pixka bat. Beti egon dira endogamiaren kontra. Horregatik bilatzen dituzte harreman sexuafektiboak Tinder, Happn eta urrutiko ligeen aplikazioetan. Itxialdi perimetrala tarteko, noraezean irudikatzen ditut, munduak kolpetik mende bat atzera egin duela irudituko zaie. Botiloiak horretarako egiten dituzte, euren aitona-amonek bezalaxe auzokoekin ligatzeko. Ertzainen buruek haien kontra kargatzeko agindu aurretik gogoeta antropologiko hauen inguruan hausnartu beharko lukete. •