Instituzioak, elkarteak eta euskara norabide berean Ipar Euskal Herrian
Duela hogei urte Ipar Euskal Herriko karriketan euskararen aldeko mugimenduak hartu zuen indarraren ondorio dira egun instituzio desberdinetan egiten ari diren urratsak. Euskararen erabilerak behera egin ostean egonkortzen ari da, baina batez ere, ikusgarritasuna da euskarak irabazi duena azken urteetan, eta hori elkarte eta instituzioen arteko elkarlanari esker da.
Pixkanaka euskararen presentzia handituz doa karriken izendegietan, dokumentu ofizialetan, turismo bulegoetan edo harreragune publikoetan, eta aldi berean euskara sustatzeko herriko etxeetan martxan jartzen ari diren egitasmoak ere ugaritu egin dira. Iazko udaberrian izan ziren herri hauteskundeen ostean euskara sustatzeko egitasmoek indar hartu zuten eta egun fronte desberdinetan ari dira lanean instituzio eta elkarte desberdinak, baina guztiak norabide berean doaz.
Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdirako hizkuntza plana martxan jarri zen eta ordutik herriko etxeek beren udalerrietan euskara sustatzeko lehen ez zituzten baliabideak dituzte. Esate baterako, langileak euskalduntzeko formakuntzak, agirietan euskara erabiltzeko laguntza teknikoa eta antzeko bitartekoak baliatzeko aukera dute gaur egun.
Bestalde, herriko etxeak herritarrekin batera taldeak sortu eta elkarlanean urratsak egiteko egitasmoak abiatzen hasiak dira. Batzuek jada urteak daramatzate lekuko elkarteekin gauzak antolatzen, beste batzuk hasi berriak dira, eta itxura guztien arabera, herriko etxeen eta elkarteen arteko lotura egiten duten taldeak gero eta ugariagoak izango dira.
Kontuan izan behar da Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera eremu batzuetan oso urria dela; beraz, afixa publikoetan edo agiri ofizialetan euskara agertzeak garrantzi handia izan dezake ikusgarritasunaren aldetik begiratuta.
Euskararen presentzia urria
Siadeco Ikerketa Elkarteak 2017ko irailean argitaratutako datuen arabera, 1996. eta 2016. urteen artean 5,9 puntuko jaitsiera izan zuen euskal hiztunen kopuruak Ipar Euskal Herrian, baina jaisteko joera egonkortzen ari zela ohartarazten zuen. Orotara, %26,4 elebidun ziren 1996an, eta 2016an, ostera, %20,5 ziren euskara eta frantsesa erabiltzen zuten herritarrak.
Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin guztira %20,5 dira euskal hiztunak. Euskara hitz egiten duen herritar kopuru handiena Lapurdin dago, bertan bizi baita jende gehien, baina ehunekotan zenbatuz gero, Nafarroa Beherean eta Zuberoan handiagoa da euskal hiztunen proportzioa, bi eremu horietan bi herritarretik batek euskara baitaki (%49).
Aitzitik, biztanle gehien duen eremua da, aldi berean, euskal hiztun gutxien dituena. Biarritz, Angelu eta Baiona artean %1,6koa da euskararen erabilera. Aldiz, euskara sustatzeko udalaren eta herritarren arteko elkarlana bultzatzeko lehen egitasmoak eremu horretan sortu ziren. Biarritz izan zen aitzindaria eta jarraian Baiona eta Hendaiako udalerriak ere bide beretik joan ziren. Ondorioz, egun hiru euskara teknikari ditu Biarritzek, 1,5 Baionak eta beste bat Hendaiak.
Mintzalasai, elkarlan eredua
Azken hauteskundeen ostean herriko etxe batzuk elkarteekin eta herritarrekin batera euskara sustatzeko egitasmoak martxan jartzen hasi dira. Martxoaren 15ean Ipar Euskal Herrian izan ziren herri hauteskundeetan aurkeztu behar zuten zerrendei euskara garatzeko plana proposatu zieten Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta, guztira, 33 herri eta hiritako 55 zerrendek sinatu zuten «Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa» babesten zuen konpromiso txostena.
Covid-19ak eragindako osasun krisiak hauteskundeen emaitzak eta kargu hartzeak asko atzeratu zituen, baina behin udalak osatuta aurrez hartutako konpromisoei heltzeko unea iritsi zen eta batzuk jada urratsak egiten ari direla ikus daiteke. Esate baterako, Ziburuko Udalak urtarrilaren 28an adierazi zuenez, euskararen batzorde «estra-munizipala» sortu zuen.
Ziburun sortutako lantaldeak Biarritzeko ereduari jarraitu zion. Biarritzen 2008an sortu zen udaletxean euskara sustatzeko taldea eta «Euskararen Herri Batzordea» deitu zuten. Helburu nagusia instituzioen eta eragileen arteko lankidetza bermatzeko espazio bateratu bat sortzea zen, horregatik «kooperazio lankidetza espazioa» ere deitzen dute.
Bere sorreratik hainbat egitasmo gauzatu ditu Biarrizko lantaldeak, baina guztien artean lan egiteko modua eta filosofia ongien adierazten dituena “Mintzalasai” ekimena izan daiteke. Udaletxeko ordezkarien eta elkarteetako ordezkarien artean ideiak trukatu ostean adostu zuten zer-nolako egitasmoa burutu behar zen eta gaur egun lan egiteko modu horri eusten diote oraindik.
Urte bateko prestaketen ostean, 2012ko irailean egin zuten lehen Mintzalasai ekimena eta ordutik garapen esanguratsua izan du. 2017az geroztik, gainera, Baiona eta Angelura ere hedatu zen lan eremua. Beraien webgunean dioten moduan, Mintzalasai «Herriko Etxearen eta herri mugimenduaren arteko lankidetza baten emaitza da».
Europako txapela
Ipar Euskal Herriko zenbait udaletxetan irekitzen ari den beste frontea Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren baitan dagoen Tokiko Ituna da. Euskal Konfederazioko ordezkaria den Sebastien Casteten esanetan, «Europako Kontseiluaren babesa izatea sinbolikoki eta politikoki biziki azkarra da, zeren esan nahi du Frantziak onartzen ez duena Europak babesten duela».
Gauzak honela, lehenago Alsazian urrats bera eman zuten herrietako adibidea eredu hartuta, Euskal Konfederazioa herriko etxeekin biltzen ari da Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren inguruko informazioa emateko eta, horrela, herriko etxeak Tokiko Ituna egitera animatzeko.
Itsasu da tokiko itun edo karta sinatzeko konpromisoa hartu duen lehen herria, baina itxura guztien arabera ez da bakarra izango. «Bildu garen udalerriek harrera ona izan dute eta interesatuak dira, zeren karta hori edonork sina dezake, bai jada euskara lantzen ari direnek eta bai zerotik hasteko prest daudenek», azaldu du Castetek.
Herri bakoitzak hautatzen du nolako neurriak hartuko dituen, batzuek neurri zorrotzagoak hartuko dituzte besteek baino, baina hartutako konpromisoak Europako Kontseiluak onartu ostean publikoak dira eta edozein herritarrek ikus ditzake. Hau da, iragarritako neurriak betetzen ez badira ez da zigorrik izango, Europako Kontseiluak ez baitu horretarako eskumenik, baina jada hartutako konpromisoa eta plangintza zehatzaren inguruko informazioa edozein herritarren esku daude.
Euskal Konfederazioko ordezkariaren iritziz, «egitasmoak bi onura nagusi ditu; batetik, Europako Kontseiluaren babesa eta, bestetik, ikusgarritasuna, Europako webgunean agertzen baitira modu gardenean herriko etxeak hartutako konpromiso zehatz guztiak».
Konstituzioaren muga
Euroituna sinatzeko gutxienez 35 neurri hartu behar dira eta Gobernu frantsesak sinatu zuenean 39 neurri izenpetu zituen, baina ez zuen sekula berretsi ituna, Kontseilu Konstituzionalak konstituzioaren kontrako zela erabaki baitzuen.
Euroitunaren hitzaurrea da Frantziako Kontseilu konstituzionalak onartzen ez duena. Bertan, hizkuntza gutxituek dituzten eskubideak defendatzen dira eta, hori, Gobernu frantsesarentzat ez da onargarria, hizkuntza nagusia, bakarra eta ofiziala, frantsesa dela irizten diolako eta beste hizkuntza guztiak haren azpitik daudela.
Ordea, Tokiko Itunean hitzaurre hori ez da agertzen eta horregatik udaletxeek beldurrik gabe sinatu dezakete. «Alsazian egin zuten eta prefetak ez zuen trabarik jarri, beraz, Europako Karta konstituzioaren kontrakoa den arren, Tokiko Karta baliozkoa da», jakinarazi du Euskal Konfederazioko bozeramaileak.
Euskarari lotutako edozein adierazpen edo egitasmo beti kokatzen da legezkoa denaren eta ez denaren arteko mugan. Izan ere, Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, horregatik Euskal Elkargoa sortu zenean ere euskarari nolabaiteko aitortza emateko legearen muga-mugan ibili ziren.
Hots, euskarari ofizialtasun estatusa emateko eskumenik ez zuenez, euskarari dagokion aitortza eman eta aldi berean legedia ez urratzeko moduko adierazpen bat osatu behar izan zuen. Horrela, 2018ko ekainaren 23an aitortu zituen Euskal Hirigune Elkargoak euskara eta okzitaniera (gaskoia) ofizialki lurralde hizkuntza bezala, betiere legeak ezartzen duen moduan, frantsesaren ondoan.