Nekane Zinkunegi Barandiaran

Zaintza arreta eskaintzea da

Zaintzak izan du oihartzuna aurtengo martxoaren 8an. Kartel askotan ikusi dut adinekoen zaintzarekin lotutako iruditegia, eta ikuspegi murritza dela pentsatzen badut ere, hausnartzeko tartea hartu dut. Uste baitut badugula joera adinekoekin zer egin behar dugun eztabaidatzeko, haiek zer nahi duten ahaztuta.

Hasteko, osasuntsu daudela irizten diogunean, zaintza jasotzeko adinean egonik, zaintzaile funtzioa betetzeko eskatzen diegu. Eta mendekotasunak horretarako aukerarik uzten ez dienean, ahaztu egiten zaigu beren buruaren arduradun direla, eta haiei dagokiela nola zahartu erabakitzea.

Zaku batean irudikatzen ditugu, denak molde beretik ateratakoak bailiran, eta behar unibertsalei erantzuteko neurriak planteatzen ditugu. Baina erantzuten al diegu behar partikularrei? Eskaintzen al diegu autorrealizazio pertsonalerako aukerarik? Ahazten bazaigu ere, adinekoak ere eskubidedun herritarrak dira, eta komunitatearen eraikuntzan ere parte hartzen dute, gutxienez, dagozkien zergak ordainduta.

Izan ere, pertsonen gabeziei arreta eskaintzen zaie, baina ez pertsonei bere horretan. Garrantzitsua da ulertzea osasuna eskubidea dela, ez betebeharra, eta ezin dugula nortasunerako eskubidearen gainetik jarri. Zaintza pertsona batek zer behar duen pentsatzea da, arreta eskaintzea, bere nortasunaren eta duintasunaren arabera bizitzeko aukera izan dezan. Ez bere gabezia guztiak identifikatuta eta aseta izatea, pertsona zaintzea eta asebeteta izatea baizik. Pertsona erdigunean duen arreta eredua behar dugu, ongi emandako zerbitzuetatik ongi tratatutako pertsonetarako jauzia egin behar dugu. Hasteko, ordea, zaintza emango duenaren duintasuna bermatzea da gakoa. •