> Basoen Nazioarteko Eguna (eta astea)

Martxoaren 21ean izango den Basoen Nazioarteko Eguna aitzakia, aste honetan, 15etik 18ra bitartean, Gipuzkoako 50 eskolak baino gehiagok “Basoaren astea” egin dute zuhaitz ale batzuk landatuz. Ekitaldia “Basoak ernatzen” proiektuaren «ale txiki bat da», esan zuten antolatzaileek, eta basoaren garrantzia eskola komunitatera zabaldu nahi dutela.

Basoak ekosistema moduan duen garrantzia gizarteratu nahi du Basoaren Nazioarteko Egunak, herritarrei ohartarazi basoak, ematen duten zerbitzu ekosistemikoei esker, ezinbestekoak direla gizakiaren biziraupenerako eta ongizaterako. «Covid-19ak agerian utzi du antzeko sindemiak gertatu ez daitezen ezinbestekoa dela gure inguruko biodibertsitatea kontserbatzea; horregatik, garrantzitsua da hezkuntza arloan basoek gure bioaniztasunean betetzen duten funtzioa ezagutarazi eta zabaltzea» azaldu zuten.

Eskola Agenda 2030aren helburuetako bat ere gogorarazi zuten: jasangarritasuna eskoletan barneratzea, hain zuzen, eta 17 urtean zehar eskoletan ikasturtez ikasturte hainbat gai landu dituztela: energia, paisaia, klima aldaketa, elikadura jasangarria, biodibertsitatea… Aurtengo gaia eskola askotan Garapen Iraunkorreko 15. Helburuari loturikoa izan da, “Lehorreko ekosistemak: basoa” izenekoa. Hala, aurtengo ikasturtean eskola askok jorratu dute gaia hainbat ikuspuntutatik.

> Kamiseta ultraeskuindarra ETBn

ETB1eko “Baserria” saioan lehiakide den Gontzal izeneko ertzainak hautsak harrotu ditu sareetan. Izan ere, Blues Lives Matter eskuin muturreko AEBetako taldearen kamiseta batekin agertu zen programan.

Blues Lives Matter. «Urdinen bizitzak garrantzitsuak dira», ingelesez. Black Lives Matter (beltzen bizitzak garrantzitsuak dira) aldarrikapenari AEBetan jarrera ultraeskuindarretik eman dioten erantzuna da.

Telebista publiko batean aldarrikapen ultraeskuindarrak dituen kamiseta bat azaltzeak kritikak piztu ditu. Batez ere ETBn bertan beste aldarrikapen batzuen aurrean izan duten jarrera askoz ere zorrotzagoa izan dela kontuan izanda.

> 80.000 argazki, presoen senideei bidea arintzeko

Etxeratek Kinkea dinamikaren beste edizio bat abiatu du, oraingoan Joxe Lacalle argazkilariaren lanekin. Urtean zehar 20.000 aleko lau promozio jarriko dira salgai presoen senideei laguntzeko, pandemia dela-eta ohi baino egoera kaskarragoan daude eta.

Errepresaliatuen senide eta lagunen elkarteak kinkea.eus webgunean azaldu duenez, udaberriko promozioan “Aberri Eguna” lana banatuko dute; udako promozioan, “Argikontra”; udazkenean, “Irati” izenburukoa, eta neguan, “Presoen alde Bilbon”.

Obra bakoitza 25 euroan salduko da, zozketa batean parte hartzeko aukera emango duen txartel batekin. Zozketa bakoitzean hainbat sari banatuko dira: nagusia, 20.000 eurokoa, 5.000ko hiru sari, 1.000ko 15, 500eko 20 eta 100eko 100.

> Bertsotan ikasteko metodologia: bat-batean jardutea

Bertso hezkuntzan bat-batean aritzeko lanketan zentratzen den metodologia berria aztertzen ari dira ikastetxeetan. Bertsozale Elkarteko Mikel Artolak proposatu duen sistema «oinarrian, haurrei bertsotan bat-batean irakastean datza».

Artolak dioenez, haurrentzat zaila da bat-batean bertso oso bat egitea, «baina puntu bat beste puntu batekin erantzuteko gai izaten dira ia denak, baita kopla bat egiteko ere, biren artean». Gakoa da bertsolariek egiten duten bezala «belarriz» egitea «eta ez silabak kontatuta». Bertsolaritza irakasteko formatu berria batzuentzat «aldaketa handia» dela onartzen du, baina «ez horrenbeste» beste batzuentzat. «Eginez ikastea da orain kontua, eta ez horrenbeste bertsoaren gramatika ikasi eta gero praktikan jartzea».

Bertsozale Elkartearen datuen arabera, egun 229 herritan eta 511 ikastetxetan 29.550 ikasle ari dira bertsolaritza ikasten 53 irakasleri esker.

> Udalekuetarako izen-ematea, astelehenetik

Ikasturte gogor honen ostean, udan naturaz gozatzeko gogotsu dabiltza etxeko gazte asko. Euskal Udalekuetan aukera aproposa aurki dezakete abenturaz beteriko uda kuadrillan eta euskaraz pasatzeko. Izena emateko epea astelehenean zabalduko dute. Osasun egoerak eskatzen dituen neurrietara egokituta, prest daude ohiko hiru etxeak Bernedon, Abaigarren eta Goñin.

Izena emateko webgunean dagoen fitxa bete behar dute familiek. Gehienez hiru haur edo gazteren eskaerak onartuko dira, eta taldeak, «asko jota», hirukoak izango dira. Apirilaren 19an argitaratuko dituzte plaza duten haurren zerrendak.