Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
KULTURA /

«BERTSOLARI» ALDIZKARIA, 30 urtean bertsoari jositako 17.000 orrialde

«Bertsolari» aldizkariak 30 urte. Bertsolaritzan espezializatutako argitalpenak 120 ale osatu ditu eta 121. zenbakia martxan da. Ia 17.000 orrialde, 10.000 argazki baino gehiago, mila protagonistatik gora, 430 sinadura desberdin. Entziklopedia baten tamaina eta mamia.

Mañukorta bizarra egiten.
Mañukorta bizarra egiten.

 1991. urtean Joxean Agirrek jarri zuen martxan “Bertsolari” aldizkaria, ideiarekin gogoberotuta. Asmatu du bidean aliatuak topatzen eta oraintxe aldizkaria aurrera begira jarria dago erabat. Eta horrelaxe, alez ale, bertsolaritza eta bertsolariak hazten, garatzen, aldatzen eta zahartzen ikusi dituen bilduma bihurtu da «Bertsolari», bertsogintzaren apalategian toki propioa lortu duena.

Joxean Agirre

«Bertsolariak izugarri maitatuak ziren eta jendeak jakin-mina zuen»

1980ko Euskal Herriko Txapelketako finalari, egunkari guztiak batuta, hamabi orrialde eskaini zitzaizkion. 80ko hamarkadan, bertsolaritzari buruz idazten zenean ez zen kultura sailean argitaratzen; euskal gaietan edo gizartean adibidez. “El Diario Vasco” egunkarian Basarrik eta Zabalak idazten zuten –arrakastaz–, baina haiek zekarten diskurtsoa lehendik zetorrenaren segida zen; bertsolari zaharra, berezkoa, baserri ingurukoa...

Bertsolaritzari buruzko lehen gehigarria “Egin” egunkariak argitaratu zuen 1986. urtean. Era berean, bertsolaritzan gertatzen ari zen berritasuna, iraultza, “Egin” egunkariko orrialdetan hasi zen jasotzen; Bertsozale Elkartearen dinamika, bertsolari gazteen jarduna, sortzailearen erronkak... «Kazetaritza berritzen ari zen, modernizatzen. Guk ‘Egin’-en bagenuen kazetaritza berritzeko grina. Era berean, bertsolaritza ere berritzen ari zen. Eta parean egokitu ginen batzuk eta besteak», gogoratu du Joxean Agirrek, “Egin”-eko kazetaria eta “Bertsolari” aldizkariaren sortzailea eta zutabea urte askoan.

Giro horretan sortu zen “Bertsolari” 1991. urtean. Bertsozale Elkartea 1987tik martxa betean zegoen, bertsolaritza bide berriak esploratzen hasia zegoen, bertsolariak boladan zeuden. «Gogoratzen naiz garai hartan lankide bati entzun niona: ‘niri ez zait bertsolaritza gustatzen, niri bertsolariak gustatzen zaizkit’. Exajeratzen hasita, aldizkaria filosofia horren bueltan sortu zela esan daiteke. Bertsoak entzun nahi zituenak irratia zeukan, bide paregabea. Telebistan dagoeneko ‘Hitzetik Hortzera’ zegoen eta etxe guztietara iristen zen. Baina sakontzeko akaso idatzia da onena. Aldizkaria sortu zen bertsolariak bere ofizioari buruz dauzkan ikuspegiak, nekeak, penak eta bizipenak publiko zabal bati ekartzeko. Hori zen helburua».

Andoni Egañak askotan esaten duenez, bertsolaria ez da divoa, jende artetik igotzen da oholtzara eta jende artera bueltatzen da saioa bukatutakoan. «Tira, bertsolariak ez dira divoak, baina tabernan haiekin garagardo bat hartzeko oso gertukoa izan behar duzu. Eta uste dut jakin-mina badagoela, jendeak jakin nahi du nola entrenatzen den, nola dabilen plazaz plaza, profesioa nolakoa den... Sortzaile askori egiten zaizkion ohiko galderak dira; ez bere lanari buruz, baizik bere sortzeko prozesuari buruz. Hori izan zen hasieran aldizkariaren abiapuntua. Gero, poliki-poliki, espezializatutako aldizkari bati dagozkion alorrak sartzen joan ziren, ikerketa akademikoa kasu».

Mañukorta bizarra mozten, Egaña seme jaioberria besoetan hartuta, Uliako sorgina Peñagarikanori tarot kartak irakurtzen, Jon Maia eta bere ‘abuela’, plazan aritutako emakume bertsolariak, apaiz bertsozaleak... Bertsogintzari eta bertsolariei punta atera dien txorroskiloa izan da aldizkaria. «Gaur egun horietako gauza batzuk egitea erridikulua da agian. Baina garai hartan oso arrunta zen sortzaileen etxeetan eta bizitzetan barruraino sartzea. Bertsolariak izugarri maitatuak ziren eta jendeak jakin-mina zuen, haien bizipenak ezagutu nahi zituen. Horrekin jokatzen zuen aldizkariak. Baina sekula ez dugu arazorik izan haien intimitatea urratzeagatik. Egia da batzuk besteak baino erosoago sentitzen zirela, bazirela deseroso sentitzen ziren bertsolariak eta baita haserretu direnak ere. Baina orokorrean sintonia ona zegoen, bertsolariak prest zeuden», esan du Agirrek.

Gauzak aldatu dira, neurri batean behintzat. «Nik uste dut orain bertsolariek asko kontrolatzen dutela eman nahi duten irudia, eman nahi duten mezua. Baina jendearen jakin-mina ez zait iruditzen aldatu denik. Orain ere gustura jakingo luke bertsozaleak Maialen Lujanbiok zer ohar hartzen dituen koadernoan, zer gordetzen duen ordenagailuan, nondik nora josten dituen ideia jenial horiek, saio aurretik zer egiten duen... Egañak, aldiz, garai hartan kontatzen zuen zer alkohol mota edan behar zuen bezperan hurrengo egunean era bateko bertsokera egiteko. Eta alkoholez aldatu eta beste bertsokera bat ateratzen zitzaion. Haiek ere beren sorkuntzaren misterioak deskubritzen ari ziren eta guri parean egokitu zitzaigun talde pribilegiatu bat».

Elkartea sortzeko beharra ikusi zuen bertsolari belaunaldi bat zen, saio mordoa egiten zuena, plaza handiak eta jendetsuak astez aste betez, bertsolaritzaren inguruan teorizatzen hasia zena, munduko inprobisatzaileak deskubritu zituena. Apar horretan sortu zen “Bertsolari”. «Amurizak irekitako bidean sartu ziren bete-betean bertsolari horiek. Sarasuak esaten du ‘intuizio mailako ikerketa’ izan zela eta Egañak esaten du ‘praktikan oinarritutako ikerketa’ zela. Ez dakit zer izan zen, baina izugarri interesgarria zela badakit. Gero, oso garbi zeukaten komunikabideetan agertu behar zutela, bertsolaritza zabaldu nahi zuten eta horretarako bideak probatzen ari ziren».

Bertsozale Elkartetik apartekoa da “Bertsolari” aldizkaria. «Nik joera obsesibo bat daukat, gauza bat buruan sartzen zaidanean... garbi ikusten nituen lehen aleak, buruan neuzkan, baina inprentaren gastuei aurre egitea falta zen. Gau batean, lanetik atera eta Joseba Jakaren etxera joan nintzen. Berandu zen, afalduta zegoen dagoeneko. Bere etxe inguruan zegoen taberna batera jaitsi ginen eta gogoratzen naiz whiski bat eskatu zuela. Nik nire azalpen guztiak bota nituen, luze. Bukatu nuenean esan zidan aurrera egin behar zuela. Bere anaia gazteari, Santiri, laguntza eskatuko ziola esan zidan. Ia urtero izan dugu dirulaguntzaren bat. 15-20 urtean aritu ginen koordinatzen dirurik kobratu gabe, zaletasun modura. Gero, gainera, ez dugu inoiz azpiegitura finkorik izan. Baina aurrera segi eta segi, iraun dugu. Durangoko Azokara joan ginen lehen urtean jendea errenkadan egon zen harpidetza egiteko. Eskaera bazegoen».

Bertsolarien giroa aldatu ahala joan da aldatzen aldizkaria. «Oraingo bertsolariek asko kontrolatzen dute esaten dutena, erakusten dutena. Egia da hasierako urteetan deskontrol pixka bat egon zela, baina sekulako xarma zeukan. Egia da, hala ere, aldizkariaren lehen urteetan plazaz plaza zebiltzan bertsolari haien ibilerek eta gaur egungo bertsolarienek ez daukatela zerikusirik. Oraingo belaunaldiak ez dauka kanpora agertzeko hainbeste beharrik».

Agirreren buruan obsesio txiki forma zuen ideia hark 30 urte bete ditu. «Askotan pentsatu izan dut mirari txiki bat dela martxan jarraitzea».

Antxoka Agirre

«Kazetaritzaren ikuspegitik gauza oso bitxiak, bereziak eta berriak egin ditu aldizkariak»

Aldizkariaren 30 urteak oso gertutik bizi izan ditu, toki desberdinetik garai bakoitzean. «Aldizkariaren sorreratik bertan nagoela esan daiteke. 1991n hasi zenean aitaren proiektu pertsonal bat zen eta inguruko jendea inplikatu zuen. Niri asko gustatzen zitzaidan marrazkiak egitea eta horretan hasi nintzen, marrazkiak egiten. Gero beti egon naiz inguruan. Erreportajeak idazten, publizitatea eskatzen, atez ate harpideak egiten... Bertsolariei bertsozaleen zerrendak eskatzen genizkien eta ni Zarautz, Zumaia, Zestoa eta Azpeitiko bertsozaleen etxeetara joaten nintzen. Atea jo eta aldizkariaren inguruko azalpenak ematen nizkien eta harpide egin nahi ote zuten galdetu. Gogoratzen naiz jendeak oso ondo hartzen ninduela, bazkaltzera ere gonbidatu ninduen baten batek».

Geroxeago kudeatzaile lana egiten hasi zen eta hori egiten jarraitu du gaur arte.

Joxean Agirre izan zen zuzendari 2008. urtera arte. Hurrengo lau urteetan Josu Martinezek hartu zuen aldizkariaren ardura. Eta geroztik zuzendaritza partekatua izan da; Antxoka Agirre eta Riki Idiakez lehendabizi; Agirre eta Beñat Zamalloa ondoren eta, 2015 urteaz geroztik, Agirre bera eta Beñat Hach Embarek.

«Aldizkariko lan guztietatik pasatu naiz, maketatzea bakarrik falta zait. Hain juxtu, 30 urtean hor inguruan gabiltzanak Txema Garcia maketatzailea eta neroni gara. Tira, eta aita ere ez da urruti ibiltzen».

«Egoskor talde baten» historia izan daiteke “Bertsolari” aldizkariarena, 30 urtean segi eta segi egin duena. «Proiektu txiki bat da, garrantzi handirik ez dio inork ematen. Baina norberak sinisten badu merezi duela, han eta hemen ateak jo eta finantzaketa lortuz eta lan asko eginez, ba eutsi egiten dio. Eta ideia bera ona dela iruditzen zait, kazetaritzaren ikuspegitik oso proiektu interesgarria iruditzen zait».

Bertsolaritza behetik gora zetorren garaian sortu zen aldizkaria, kazetaritza ere olatu berri batean igota zegoen garaian, eta “Bertsolari”-k olatua harrapatzen asmatu zuen. «Bertsolaritza beti izan da euskal kulturaren adierazpen oso sonatua eta arrakasta handia izan duena. Baina garai horretan bertsolari belaunaldi indartsu bat egokitu zen, hedabideetan sartu zena. ‘Hitzetik hortzera’ izan zen leherketa hura eragin zuen aldagai nagusia, baina ‘Egin’ ere ari zen gauza berriak egiten, ‘Egunkaria’ ere hor inguruan sortu zen... nolabait euskal kazetaritzak garapen urte batzuk izan zituen eta giro horretan sortu zen aldizkaria. 90eko hamarkadan Andoni Egaña txapelak janzten hasi zen, bertsolaritza hedabideetan zabaltzen ari zen eta gorakada horretan sortu zen. Gerora sari batzuk ere izan ditu, Argia saria tartean».

«Asko esperimentatu da»

Bertsolaritzaren inguruko kazetaritza berri bat ekarri zuen, ordura arte egiten zenaren desberdina. «Bertsolaritzari buruzko ehun orrialdetik gorako aldizkari bat, koloretan eta formatu bereziarekin. Bai, berritasuna ekarri zuen. Eta hari nagusia bertsolaritza den arren, kazetaritzaren ikuspuntutik gauza oso bitxiak egin dira, beste inon ikusten ez direnak: 30 orrialdeko erreportajeak, Euskal Herriko bertso eskola guztiak zenbaki berean, bakoitza bere argazki eta protagonistekin; sukaldariak bertsolaritzari buruz idazten; Bizkaiko txapelketako parte-hartzaileak elkar elkarrizketatzen... Kazetaritzaren ikuspegitik asko esperimentatu da eta gauza oso berriak probatu ditugu. Egia da egunkarietan ere gertatu dela garapen hori. Baina kazetaritzaren ikuspegitik gauza oso bitxiak, bereziak eta berriak egin ditu aldizkariak».

30 urtean pilatutako aldizkariak entziklopedia baten pareko dira. «Aurretik Auspoa bildumak beste belaunaldi batzuekin egindakoaren antzekoa da, baina beste formatu batean. Egañaren aurreko belaunaldia, osorik dago jasoa. Egañaren belaunaldia bera, zer esanik ez; haien zaletasunak, bertsokerak, espektatibak, oporrak, inguruak... erretratu oso-osoa. Ondoren etorritako belaunaldia hazten ikus daiteke aldizkariaren orrialdeetan; Iturriaga nerabe zenetik ilea urdindu zaion arte. Belaunaldi berriaren parte bat ere jasota dago eta jasotzen ari da».

Belaunaldi batetik bestera bada alderik. «Egañaren belaunaldiak komunikabideetan agertzeko, bertsolaritza toki guztietara iritsarazteko beharra zeukan. Ondorengo belaunaldia fokupean jaio dela esan daiteke eta desberdina da. Lehengo aldizkaritik oraingora alde hori badago; lehen okurritzen zitzaigun ia guztia egiteko prest zeuden bertsolariak. Gaur egun denok gehiago dakigu komunikazioaren inguruan, baita bertsolariek ere, eta gehiago zaintzen dute zer ateratzen den eta zer ez».

Bertsolaritzaren eta kazetaritzaren historiaren txatalak ikus daitezke aldizkarian, horregatik badauka bilduma izaera eta harpideek aleak gordetzeko joera daukate. «Horretan ere txikitasunak lagundu egiten du. Urtean lau ale, liburuxka moduko aleak dira, jasotzeko modukoa. Bilduma bezala balioa dauka. Beti esaten da papera desagertu egingo dela. Nik uste dut papera geratzekotan objektu fetitxe bezala geratuko dela, gordegarria eta berezia dena. Eta ‘Bertsolari’-k badauka profil hori».

Aurrera begira

Atzera begira ez ezik, aurrera begira ere badago proiektua. Eta une honetan belaunaldi arteko erreleboa eman da. «Ni oso pozik nago. Tartekoa naizela esan daiteke, nire aurrekoek sortu zuten, ni gaur arte hemen inguruan nabil eta orain lortu dugu erreleboa ematea. Eta pozik nago horrelako proiektu txikietan ez delako batere erraza hori lortzea. Beñat Hach Embarek asko inplikatu da eta oso serio hartu du. Aldizkariko protagonista eta kolaboratzaileak ere belaunaldi berri batekoak dira eta lortu dugu errelebo hori ere gertatzea. Gainera, gogoa izateaz gain, azken urteotan komunikazioaren arloan izan diren aldaketetara egokitzeko gaitasuna duen jendea da. Aldizkariak webgunea dauka 1997tik, aspalditik, baina aurreko belaunaldiak ez zuen oso ondo ulertzen webgunearen funtzioa. Orain askoz dinamikoagoa da, sare sozialak hor daude, podcastekin esperimentatzen hasi gara... etorkizun ona ikusten diot aldizkariari. Auskalo gero zer gertatuko den, baina oraintxe une ona da aldizkariarentzat».

BEÑAT HACH EMBAREK

«Bertsolaritza sano dagoen eduki bat da hain sano ez dagoen edukiontzi batean, euskara»

2005eko abenduan hasi zen “Bertsolari” aldizkarian lanean, hasieran komertzial modura eta webgunearen ardura hartuz geroxeago. Erredakzioan sartu zen ondoren eta 2017ko udaz geroztik aldizkariko koordinatzailea da. «Profesionaltasuna eta militantzia uztartzen diren toki bat topatu dut. Oso txikia izateak baditu desabantailak, baina baita abantailak ere. Horietako bat nire ustez malgutasun handia duela da, ideiak aurrera eramateko eta sorkuntzarako toki ona da; lan egiteko, ekarpenak egiteko... malgutasun handiko proiektua da», esan du. Bertsolaritzaz asko dakien jendea ere topatu du. «Lantalde finkoa oso txikia da, baina aldizkariaren inguruan sare zabala dago, laguntza eta aholkua emateko jende asko, kolaboratzaile sare zabala eta anitza. Haiei esker dauka aldizkariak daukan kalitatea».

Egungo erreportajeei eta kolaborazioei begiratuta, esan daiteke bertsolari eta bertsozale gazteengana iristen ere asmatu duela. «Harpidedunez gain, badakigu ‘Bertsolari’ esku askotatik pasatzen dela; etxeetan, bertso eskoletan, kuadrilletan... Bertso belaunaldi berria gerturatzen ari da aldizkarira eta espero dugu datozen urteetan ere horrela jarraituko duela. Bertsolaritza mundu txikia da eta bere baitan beste mundu txiki asko biltzen ditu. Saiatzen gara ahal den neurrian segmentu desberdin horien gustukoak diren edukiak eskaintzen».

Urtean paperean lau ale, urtaroei lotuta. Horrez gain, azken urteotan oso nabarmena izan da webgunea berritzeko ahalegina eta sare sozialetan presentzia handitzea. «Buru-belarri aritu gara webgunea berritzen. Aldizkarian argitaratzen diren edukiez gain, hemeroteka bat sortu dugu eta sare sozialetan mugimendua areagotu. Horrez gain, argazkitegia digitalizatu eta etiketatu egin dugu. Azken 30 urteetako argazkiak hor daude, webgunean. Nolabait, erabaki genuen webguneak ez zuela izan behar aldizkariko edukiak jasotzeko tokia bakarrik, dinamika propioa izan behar zuela. Bideoak eta podcastak ere egin ditugu. Bagenuen audiogintzan hasteko gogoa eta ‘Makarrizketak’ izeneko audio pilulak egin ditugu. Aurten ere ildo beretik jarraituko dugu», azaldu du.

Bada abiatu duten beste bide bat, azken urteotan egindako apustu garrantzitsua; komikigintza. 2016an “Nork” komikia argitaratu zuten eta 2019an “Nori”, Xabi Payak eta Patxi Gallegok elkarlanean jositako bi lan arrakastatsu. Hirugarrena falta da trilogia osatzeko. Tartean, 2018an, Mikel Begoñak eta Adur Larreak sortutako “Arditutakoak” komikia argitaratu zuten “Bertsolari”-n.

Hach Embarek pozik dago apustuarekin. «Euskarazko komikigintzak gorakada izan du azken urteetan eta guk ere egin dugu gure ekarpena alor horretan. Uste dugu bertsoa eta marrazkia oso ondo uztartzen diren bi alor direla eta jarraituko dugu bide horretan datozen urteetan ere. Argitaratutako komiki guztiek sekulako harrera izan dute».

Bertsolaritzak ertz asko ditu eta seguru hari mutur asko ematen jarraituko duela, ugariak eta anitzak. «Bertsolaritza bor-bor dago eta gauzak oso ondo egiten ari direla uste dut. Betiko beldurrak hor jarraituko du, bertsolaritza sano dagoen eduki bat baita, hain sano ez dagoen edukiontzi batean. Edukiontzi hori euskara da eta hori da bertsolaritzaren muga. Baina bertsolaritza bera oso osasuntsu ikusten dut, biztanleriaren segmentu desberdinetara iristen ari da eta gurea bezalako aldizkari batek oraindik hazteko elementu asko dauzkala uste dut. Jendeak ezagutu egin behar gaitu eta hori da gure erronka datozen urteetan; jendeak ezagutu gaitzala, egiten dugun lan txukuna ezagutu dezala. Horrez gain, paperezko komunikabideen etorkizunaren inguruko eztabaida hori ere adi jarraitu beharko dugu, gu non kokatzen garen aztertzeko. Egia da ‘Bertsolari’ aldizkariak jendeak ez dituela botatzen, apaletan pilatzen dituela. Bilduma pieza bat da eta horrek balio erantsia ematen dio paperezko aldizkari bezala. Baina aztertu beharko dugu aurrera begira zer aukera ditugun».