Gorka Elejabarrieta

Erabili gabeko indarrak

Gobernantza globala multilateralismoan oinarriturik dago. Nazioarteko harremanetan aritzen diren subjektuak gero eta anitzagoak izan arren, champions league deritzoguna estatuei erreserbatua dago oraindik. Nazioarteko politika estatuen arteko alde biko eta alde askotariko harreman eta akordioetan oinarriturik dago. Nazio Batuak, NATO, Europar Batasuna, Afrikar Batasuna, ASEAN, eta abar luze bat.

Zergatik eta zertarako? Lehenik eta behin, eta bereziki, norbere interesak defendatzeko. Norbere interesen defentsa eta lorpena da nazioarteko politikaren eta nazioarteko harremanen motor nagusia. Norbere interesak defendatzeko bide ziurrena interes komunak identifikatu eta elkarrekin jardutea da. Elkarrekin indar gehiago eta ondorioz aukera gehiago daudelako. Diplomaziaren helburua –baita bizitzaren helburua maila handi batean ere– hori da, norbere interesak, nahi eta maite duzun hori lortzea.

Estatuen protagonismo predominantetik haratago gero eta eragile gehiago aritzen dira nazioartean, batzuetan estatuak baino arrakasta handiagoarekin; hiriak, erregioak, enpresak, kirol taldeak, eta abar luze bat. Badirudi nazioarteko politikan aritzeko eskubidea demokratizatzen ari dela. Eta, hala ere, gure kasuan, espainiar zein frantziar estatuek herri gisa nazioartean aritu gaitezen ahalik eta arazo eta traba gehien jartzen dizkigute oraindik. Edo hobeto esanda, horregatik guztiagatik ere jartzen dizkigute jartzen dizkiguten trabak.

Independentzia eskuratzeko beharrezkoa da nazioarteko aitortza lortzea. Adostu gabeko prozesuetan aitortza hori eskuratzea ez da erraza, are zailagoa aldez aurretik behar bezala landu ez bada. Bide horretan aurrerapausoak, lorpenak eskuratzea zaila, neketsua eta motela da, baina atzerapausoak eta kontrako jarrerak abiadura handiz irits daitezke. Diplomazia eta nazioarteko jarduna horretan datza ere, norbere aukerak indartu eta kontrakotasunak ahuldu eta gutxitu.

Hori guztia kontuan hartuta, iruditzen zait estaturik gabeko herrien arteko harremanak eta elkarlana ez direla oraindik ere behar bezainbeste erabili. Europari begiratzen badiogu, azken hamarkadetan zenbait joera orokor antzeman ditzakegu estaturik gabeko herrietan. Aitortza eta instituzionalizaziorako joera orokorra eman da, kasu gehienetan autonomia mota bat edo bestelako formarekin. Konpetentzia gehiago edo gutxiagorekin, baina kasu gehienetan parlamentu eta gobernu autonomikoen jaiotza ekarri du. Autonomismoak ez du independentismoa hil. Autonomismoak independentziarako grina indartu du kasu gehienetan, hor daude esaterako, eta oso urrutira begiratu gabe Irlanda, Eskozia, Flandes, Katalunia eta gure herriko kasuak. Europako hainbat estatutan gero eta gehiago onartzen da estatuaren eta estaturik gabeko herriaren arteko harremana autodeterminazio eskubidea errespetatuz erabaki behar dela. Ezin dela nazio baten herritarren gehiengoaren iritziaren kontra jardun.

Estaturik gabeko herrien arteko elkarlanak bakoitzaren eta guztien helburuak lortzeko aukerak indar ditzake. Are gehiago gurea bezalako kasuetan. Zergatik? Gurean ez dirudi espainiar Estatua erabakitzeko eskubidea onartzeko Europan dagoen joera horretara gehituko denik eta adostu gabeko prozesuetan gehiengoaren babesa izatea ez da beti nahikoa izaten independentzia eta nazioarteko aitortza eskuratzeko. Nazioarteko aitortza eskuratzea are zailagoa bilakatzen da. Gainontzeko estaturik gabeko nazioekin batera Madrilen zein Bruselaren aurrean elkarrekin jardun behar dugu, Europa mailan konponbide eta erantzun berdintsuak eman diezazkieten antzeko egoerei. Erantzun beharreko galdera sinplea da, Eskozian erreferendum bat burutzea zilegi, legala eta Europak onartua bada, zergatik ez Euskal Herrian? Elkarrekin jardun, batera lan egin interes komunak adostetik eta bidean eman beharreko pausoak elkarrekin erabakitzetik dator. Has gaitezen. •