Nerea Goti
Elkarrizketa
Ainhoa Alberro
Biomedikuntzan doktorea

«Gure jendarte gero eta zaharkituagoan garrantzitsua da azken urteak osasuntsu bizitzea»

Azken urteetako bizi kalitatea hobetu eta mendekotasunari aurrea hartzeko, Ainhoa Alberro doktoreak zahartze prozesua ikertu du, odol laginak aztertuz.

Doktore tesiaren proiektua Biodonostian egin du, eta bertako esklerosi anizkoitzaren taldean egin du lan, baina aldi berean bere proiektua «oso zentratuta egon da zahartze prozesuaren ikerketan, Biodonostia ikerketa institutuaren zeharkako ikerketa lerroa ere badelako». Lisboatik, ikertu duen horretaz hitz egin du GAUR8rekin.

Lehenengo begiratuan pentsa daiteke jakin bagenekiela faktore genetiko batzuen arabera zer-nolako zahartzaroa izan genezakeen, baina ikerketa hau harago doa.

Bai, azken finean ez gara faktore genetikoetan zentratu, baizik eta gure biologiak eduki litzakeen aldaeretan; ez gure DNAn bertan dauden aldaeretan, baizik eta gure zelulek nola funtzionatzen duten edo funtzio horiek nola aldatu daitezkeen pertsonaren arabera eta zahartze prozesuaren arabera. Horretan jarri da arreta.

Ikerketari buruz, bizitzaren azken 10-15 urte horietan kalitatezko bizitza lortzea helburu duela azaldu duzue. Nola eragin daiteke horretan?

Helburu hori daukagu, baina buruan eduki behar dugu helburu hori urruti dagoela oraindik. Bioteknologoa naiz eta azkenean laborategian egiten dugu lan. Odol laginak aztertzen ditugu, baina aurkitzen ditugun aldaera edo emaitzekin ez dugu lortuko bi-bost urteko epean. Ulertu behar dugu zahartze prozesua oso-oso konplexua dela, eta guk bilatzen dugun azken helburua hori den arren zaila dela. Ulertu behar dugu ikerketak bide luzea daukala.

Posible litzateke ager daitezkeen aldaera horiei aurrea hartzea?

Ez da batere erraza. Lehen aipatu dituzun aldaera genetikoen inguruan badakigu genetikaren papera badagoela, baina beste gauza asko ere badaude. Beste gauza horietan gabiltza ikertzen, baina oraindik ez dakigu zenbat diren, zenbaterainoko inpaktua daukaten, horretan gabiltza. Azkenean genetika berdina edukita eramaten dugun bizimoduaren arabera edo gure inguruan dauzkagun faktoreen arabera ezberdin erantzungo du gure organismoak.

Mendekotasuna garatu aurretik odol analisietan aldatzen diren markatzaileak aurkitu eta horien bidez eragiteko aukera dagoela planteatzen duzue. Odolean dago informazio guztia edo odola bidea izango litzateke?

Esango nuke esan duzun bigarren hori dela. Odolean ez dago dena, noski ezetz, baina odolean aurkitu ditzakegu aldaketak eta, batez ere, odola da eskuragarri daukaguna. Adibidez, gure lanean ere ikertu dugu gero in vitro egindako esperimentuetan zer-nolako sexua eduki dezaketen zelulaz kanpoko besikulek, muskuluen diferentziazioa, baina ez dugu muskulu laginik hartuko 80-90 urteko emaile batetik, ez diogu eskatuko muskuluaren biopsia txiki bat, hori ikertu ahal izateko. Askoz errazagoa da odol lagin bat eskuratzea eta posible bada bertan aurkitu aldaerak. Eta gainera, azken finean, odolean garraiatzen dira gure organismoa konektatzeko hainbat eta hainbat faktore, zelulen eta ehun ezberdinen arteko komunikazioa odolean zehar bidaiatzen duten molekulen bidez egiten da, eta immunitate sistemaren zelulak ere odolean dauzkagu. Potentzial handia dauka odolak.

Hauskortasun sindromearen markatzaileak bilatu dituzuela diozue. Zer da hauskortasun sindromea eta zeintzuk dira markatzaile horiek?

Hauskortasun sindromea erabiltzen dugun termino bat da; lehenagotik erabiltzen da, baina batez ere azkeneko hamarkadan garrantzia hartzen ari da. Identifikatuta dauzkagu edo deskribatu ditzakegu nolakoak diren mendeko pertsonak. Kasuak badaude, baina orokorrean mendekotasuna ez da egun batetik bestera edo hilabete batetik bestera garatzen; epe batzuk daude. Pentsatzen da jende asko mendeko izan aurretik hauskor izango dela edo hauskortasun sindromea edukiko duela.

Askotan ez da begi bistan ikusten den sindrome bat. Hori identifikatzeko, medikuak eta familia medikuak batez ere, badabiltza hainbat test egiten, test funtzionalak, jasotzeko zer abiaduratan ibiltzen garen, zer zailtasun dauzkagun makurtzeko edo gure eguneroko gauzak egiteko. Gure asmoa da test funtzional edo kliniko horiek osatuko lituzkeen biomarkatzaile bat aurkitzea odolean, eta horrek ea laguduko digun hauskortasun sindromea daukaten pertsonak identifikatzen, batez ere pentsatzen dugulako –eta badakigulako, hainbat kasutan gertatu delako– hauskortasun sindromeari buelta eman ahal zaiola, mendeko bilakatu aurretik pertsona horietan esku-hartze bat egin dezakegula eta beraien egoera hobetu, mendekotasuna ekiditen.

Zelulen kanpoko besikulek muskulu eta hezur ehunen eraketan duten eragina aztertu duzu. Zer esan nahi du?

Zelulaz kanpoko besikula oraindik nahiko ezezaguna den zerbait da. Guri gustatzen zaigu esatea zelulen arteko Whatsapparen modukoa dela. Uste dut horrela ondo ulertzen dela. Bada zelula batek beste bati edo beste hainbati mezua bidaltzeko daukan mekanismo bat, eta zelulek egiten dutena zera da, beraien gorputzetik nolabait esan partikula bat edo hainbat kanporatu, eta partikula horien barruan informazio genetikoa eta proteinak edo lipidoak garraiatu daitezke eta horiek odolean zehar aurkitzen ditugu, adibidez, eta beste hainbat modu edo ehunetan ere bai.

Odolean zehar bidaiatuko dute eta zelula batera iritsiko dira mezua eramanez. Gure kasuan, odoleko laginak bageneuzkan eta gure asmoa zen odolean garraiatzen diren mezu horiek edo zelulaz kanpoko besikula horiek osteogenesian edo miogenesian –hezurren eta muskuluen desberdintze prozesuak dira– zer efektu duten bilatzea. Izan ere, horiek dira zahartze prozesuan oso kaltetuta dauden bi prozesuak. Denok dakigu osteoporosia edo muskuluen indarraren galera adineko pertsona askotan agertzen dela.

Ikerketaren alderdi bat izan da immunitate sistemaren markatzaileak eta esklerosi anizkoitzaren markatzaileak aztertzea.

Nire doktore tesiaren laburpena egin nuenean lau kapitulutan banatuta zegoen ikerketaren errepaso osoa egin nuen. Immunitate sistemaren markatzaileak aztertzen ditugun horretan egin duguna da odol laginak hartu, eta kasu honetan bai zelulak eta bai zelulaz kanpoko besikulak aztertu, eta C linfozitoetan zentratu gara badakigulako oso garrantzitsuak direla erantzun immunean eragina edukitzeko, eta zelulen seneszentzia edo zahartzea ikertu dugu. Hor aurkitu ditugu diferentzia batzuk. Zorte handia eduki dugu, ospitalearekin daukagun kolaborazioari esker adineko hainbat pertsonaren laginak lortu ditugulako, 90 eta 100 urte artekoenak. Hor ikusi dugu zelula mailan ere badaudela ezberdintasunak adinean aurrerago goazenean.

Esklerosi anizkoitzarekin egindako azken lan horretan, nahi genuena zen aurretik ikasitako guztia guk lan egiten dugun gaixotasun horretan aplikatu. Azkenean, esklerosi anizkoitza –gainera, badakigu Euskal Herrian paziente asko dagoela– orokorrean gaztetan hasten den gaixotasun bat da. Tratamendu asko garatu da azkeneko hamarkadetan eta orain ikusten ari gara gero eta paziente helduagoak dauzkagula, orduan pertsona berdinean esklerosi anizkoitza eta zahartzaroa eragiten dituzten faktoreak dauzkagu aldi berean. Horretaz ez dago ikerketa asko. Gure asmoa da saiatzea bilatzen zahartzaroak nola eragingo dion esklerosi anizkoitza daukan pertsona bati.

Honek guztiak bideak zabaltzen ditu tratamendu berriak lortzeko?

Zaila egiten zait, ez dakit nola azaldu behar dudan ez izateko ez optimistegia eta ez itxiegia. Bai, pauso bat bada, baina tratamendua urruti dago. Adibidez, aipatzen dugu EGR1 genearen maila, eta ikusi dugu neurrizko ariketa fisikoak egoera hori hobetu egiten duela. Tratamenduan baino gehiago, nik uste dut zentratu beharko ginatekeela bizimodu osasuntsua edukitzen. Noski, aurkituko bagenu zerbait benetan eragina izango lukeena, ba primeran, baina uste dut garrantzitsuena dela ulertzea nola zahartzen garen, eta ulertze horretan kapazak bagara identifikatzeko zer aldatu dezakegun nahiz eta dietaren alderdiren bat izan, edo ariketa fisikoarena edo tratamenduren bat ere bai, noski, edo prozesua leunduko duena eta zahartze osasuntsuan lagunduko duena... ba aurrera, baina oraindik urruti dugu.

Adintsuek, adin horietara heltzeko, identifikatuta dauden ezaugarri berezi batzuk al dituzte?

Ikerketak egin dira eta badaude faktore genetiko batzuk adineko izateko edo zahartze prozesu osasuntsu bat izateko probabilitatea handitzen dutenak, baina lehen esan bezala faktoreak baino ez dira, eta ez kausa-efektu zuzena. Egia da faktore horiek eragina eduki dezaketela, baina beste hainbat ere badaude. Denok ezagutzen dugu ez dakit zer familiatan bai amona bai ama zein alaba.. 95 urtera iritsi zirenak. Noski, faktore genetikoak badaude, baina ez da hori bakarrik.

Ikerketa mundua zentratuago egon da gaixotasunen azterketan zahartze prozesuan baino?

Uste dut baietz, orokorrean bai. Pentsa dezakegu gaixotasun batek hartzen gaituenean edo indarrez zahartzen gaituenean efektu latzak eduki ditzakeela gure osasunean, eta zahartze prozesua oso progresiboa den zerbait da, eta hamarkadak behar ditu prozesu osoa aurrera eramateko. Azken finean prozesu fisiologiko bat da, naturala, denak zahartzen gara egunero, baina uste dut garrantzitsua dela hori ere ulertzea eta gainera gure jendarte gero eta zaharkituagoan uste dugu garrantzitsua izango zela azkeneko urte horiek osasuntsu eta duintasunez bizitzea.

Covid-19aren pandemiak arrastoren bat utz dezake zahartze prozesuan?

Pandemiak denean dauka eragina, gure bizimodua guztiz aldatu du eta seguruenik efektua edukiko du adineko pertsonetan, gazteetan eta igual gure zahartze propioa ikusteko edo irudikatu nahi dugun eran. Orduan, uste dut eragina edukiko duela. Pentsatu nahi dut denok hausnarketa egingo dugula eta espero dezagun gauza onak ere ateratzea.