Mikel Zubimendi Berastegi

Handia ere txiki izan zelako

Ayuso andereak "Askatasuna" lelo hartuta arrasatu duela, Urkullu lotsagabe dabilela, herri txikia garela, txikiegia agian, eskala arazo bat daukagula, eta eskaskeria ere ez dela gurean falta... kafe baten bueltan halakoak bota dizkit minkideak. Etsita baino gehiago haserre sumatu dut, hau dena aldatu nahi baina aldatzeko prest ez gaudela ustez, baxu, triste antzean. Normala ere bada, garaiaren lekukotza bat. Emozionalki ukituago gaude denok, mundua konpontzeko ideiaren jabe garela uste eta mundu guztiak ideia horretaz paso egiten duela ohartuta. Ez dakit, xelebrekerietan kontzentratuago-edo.

Herri txikia garela, eta herri guztiak bezala eskaskeriaz betea, eta daukagun eskala hori zigor politiko moduko bat dela, gure potentzialak mozten dituena, ideia hori ez dut eskapatzen utzi nahi. Badago zer esana. Euskal Herria bezalako herri txikiekin pentsalariak eta filosofoak ez dira samurrak eta baikorrak izan. Mundu handiarekin eta ideia handiekin liluratuegi ibili dira. Handia ere txikia izan zela ahaztuta, eta den-denei igoeraren ordua bezala erorketarena ere heltzen zaiela eta txiki-txikienari ere burua altxatzeko unea iristen zaiola.

Handien –eta orain igual denbora gutxi falta zaie hala izaten jarraitzeko– mespretxu eta ukazioaz askatu behar dute txikiek. Eta txiki izatearen konplexuaz ere bai. Ze gertatzen da txiki izatearen paperean denboran konfinatuta izan denak, bere indarrak nortasun horren determinazio eta defentsara bideratu dituenak, jada beharrezko edo beste gauza batzuk beharrezkoago direnean, kosta egiten zaiola aldatzea. Eta bere existentziaren horizontea pobretzeko arriskua duela.

Erresistentzian bizi da txikia, eta erresistentzia nortasunetik nazio proiektu baten nortasun berrira jauzi egitea kosta egiten zaio. Hein batean, normala da, denbora behar delako, eta zorte pixka bat ere bai, eta lan asko. Ipuin, kantu eta kontakizun berriak sortu behar dira. Kosta egiten da politikaren substantzia eta musika bere forma popularrenean ematea, politikaren fantasia eta indarra plaza publikotik ez urruntzea.

Lider politikoen kontakizunek garrantzi handia dute hemen, haurrei kontatzen zaizkien ipuinek bezainbestekoa. Orientatu ahal dute, beren mundu ikuskeraz eta balio nobleenez informatu. Elkarrizketa heldua, egiazkoa, ahalbidetuko duen kultura politiko bat elikatu ahal dute. Aurkariak edo arazoak, aurrean dauzkagunak ulertzen eta aitortzen lagundu ahal digute, honela, aurreiritziek barnetik janda, gure usteak ez usteltzen.

Sinistu nahi dut, eta sinistuta nago, gure txikian, gure eskalan eta anbizio guztian, Euskal Herri berri baten etorkizuna pentsatu, imajinatu eta bizitzeko gai izan garen bezala, gai izango garela. Autodeterminazioaren ekologia bat, bere espazio eta tresnekin sortzeko gai izango garela, independentziaren ateak zabalduko dizkiguna. Gure herria asko hazi dela eta bere buruarekin elkarrizketa inteligentea eta kategoriazkoa egiteko gai dela. Bisioa berreskuratuko dugula. Gehiago eraikitzeko gehiago banatuz, irabazleak dena hartuko ez duen jokoan, produktiboagoa, sozialki berdinagoa, herritarrak zoriontsuago nola egin erakutsiko duena.

Herri txiki honen etorkizuna orain ari da forma hartzen, izango dituen balio eta lehentasunak jokoan daude. Sinistu nahi dut ideologiari garrantzia emango zaiola eta esperantzari behar dituen bitarteko guztiak. Jendeari ahotsa eta boterea, eta umoreari eta ametsaren ildoari merezi duten errespetua. •