Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Goroldioarena

Aspaldi etorri gabea zen hona. Oraindik gogoan ditu kontzertu-aurreetako plastikozko katxiak eta zilar paperetan bildutako tortilla ogitartekoak; botak eta izerdi usaina. Bere oroitzapen gautarrekin kontraste bortitza sortu dio begiak kizkurtu dizkion eguzki argiegiak. Ezin izan dio eskuarekin Belodromoko hormak ukitzeko tentazioari eutsi. Hotz sumatu ditu, umel. Ospelak atera dira porlanezko geruzetan. Hilotz bat laztantzearen pareko sentsazioa iruditu zaio. Gaurko gazteek balekite... Ez daki noiz gertatu zen; noiz hasi zen “gaurko gazteak” esamoldea erabiltzen. “Gaurko”, ez “atzoko”, ez “gure garaiko”. Eta “gazteak”. Noiz hasi zen, zehazki, bere burua “gaur” eta “gazte” hitzen txarrantxak hesitutako esparru lokaztutik kanpo kokatzen.

Ingurura begiratu eta jende gutxi sumatu du: zakurrak tiraka daraman gizon buruzuri bat atletismo pisten inguruan pasieran. Berak ere pasea dezakeela pentsatu du, eskaileretan gora abia daitekeela. Baina Illunbe txertatze gune erraldoi bilakatua irudikatu du; ilarak ate bakoitzaren parean. Ez luke paisaia haren parte bilakatu nahi. Oraindik gaztea dela erabaki du, “gaurko gaztea” izan ez arren. Nekatuta sumatu ditu hankak; zamatua bizkarra. Goroldio printza batzuk ikusi ditu hormaertzetan. Eraikin erraldoiari behetik gora begiratu eta hezurdura huts bat dela iruditu zaio; porlanezko eskeleto bat. Behinola Aquariumeko atarian ikusi zuen balearen hezurdura erraldoiaren antzekoa dela otu zaio.

Oroitzapenetan murgiltzea erabaki du; Belodromo hura bera orain dela bizpahiru hamarkada; Negu Gorriak eta Ertzainak, denak ala inor ez, dena ala ezer ez. Iraultza egiten zen garai hura, bera ere iraultzaren haragizko marearen zati zen garai hura. Gaurko gazteek ez dakite. Gaurko gazteak ez daude prest. Asanbladak, manifak eta gaua. Gaua batez ere. Sua kaleetan. Ertzaren ertza zen garai hura, ertzaren zentroa bihurtu aurreko garai hura, zentroaren ertza bilakatu baino lehenagoko garai epiko hura. Eta hipoteka etorri zen gero, oporretarako erosi arren lantokira joateko darabilen furgoneta, sofaren erakarpen indarra igande arratsaldeetan, grabitatea bere haragi bigunduei tiraka. Kontzertuetara joaten zen kuadrilla bizikletan ateratzen da orain larunbat goizetan. Gaurko gazteek ez dakite. Gaurko gazteak ez daude prest. Goroldio usaina dario Belodromoari. Edo bere hezurrei, agian.

Gaurko gazteak madarikatu ditu, haiena da errua. Haiek galdu dute alferrik berak egindako iraultza. Etxerantz abiatu beharko luke. Haurrak zaintzea dagokio gaur. Lanera joan behar du bihar. Osteopatarenera etzi. Gaurko gazteek ez dakite. Gaurko gazteak ez daude prest. Egun joanen epikak edo egunerokotasunaren sustantziarik ezak, ez daki zerk ekarri duen hona. Baina bertan geldituko da beste pixka batean. •