Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
SAHARAREN KONTRAKO TOMATEAK

Okupazioan sakontzeko eta bertakoak baztertzeko nekazaritza ekoizpena erabiltzen du Rabatek

Nekazaritza ekoizpena, batez ere tomatearena, erabiltzen ari da Maroko Mendebaldeko Sahararen okupazioan sakontzeko. Bertakoak baztertu eta kolonoak ekartzen ditu Rabateko erregimenak bultzatzen duen estrategia honek, Mundubat elkartearen txosten batek adierazten duenez. Bide batez, jatorria ezkutatzen dute Europan saltzeko.

Tomatea. Barazki hau erabiltzen ari da Maroko Mendebaldeko Sahararen okupazioa indartzeko, bertako populazioaren kalterako. Aldez aurretik arrantza erabili zuen bezala. Hori nabarmentzen du Mundubat taldeak egindako txostenak. Europara esportatzeko landatzen dituzte Dakhla hiritik (kolonia espainolaren garaian Villa Cisneros zuen izena) 70 kilometro inguru dituen eremuan. Urtean 300 egunetan dute eguzkia. Ondorioz, Saharako tomatea (baita meloia ere) Marokoko Agadir inguruan landatzen dena baino bi edo hiru aste lehenago ontzen da. Eta hori estrategikoa da Europako barazki merkatuetan posizio egokia eskuratzeko.

Dakhla inguruan tomateak hazteko baldintza egokiak dira. Ureztatzeko erabiltzen den urak fosfatoa dauka eta, horrela, Cherry motako kalitate handiko tomateak lortzen dira. Eta gogorrak, esportaziorako beharrezkoa den bidaia luzea jasateko adina. Hektarea bakoitzeko 100-110 tona ekoizten dituzte esportaziorako. Ez da marka txarra.

Mendebaldeko Saharan tomatea ekoizteko beharrezkoak diren inbertsioak (berotegiak, ura eskuratzeko putzuak, garraioa...) Marokoko Gobernuaren dirulaguntzei esker lortzen dira.

2002tik hona Mendebaldeko Saharan nekazaritza alorra ikaragarri hazi da. Mundubat taldearen txostenak dioenez, 2002tik 2009ra barazkien ekoizpenaren hazkundea %2.800ekoa izan zen. Frutena, berriz, %500ekoa.

Maroko Berde Planaren arabera, 2008an 36.000 tona barazki ekoitzi ziren. 2013an 80.000 tonara heldu ziren eta 2020an 160.000 tonara.

Les Domaines Agricoles enpresa hasi zen Dakhla inguruan tomateak ekoizten. Mohammed VI.a erregearena da enpresa eta 1989tik dago martxan Dakhlan, eta 2000. urtetik aurrera inbertsio erraldoiak egin ditu. Soprofelldyl, Maraissa eta Domaine Abbes Kabbage dira Mendebaldeko Saharan ezarri diren enpresak. Guztiek dituzte Marokoko agintariekin lotura estuak.

Ekoizpen hori guztia aurrera ateratzeko 14.000 langile behar dira. Gehienak marokoarrak dira, Agadir ingurutik etorritakoak. Modu horretan, Mendebaldeko Saharako biztanleek euren lurraldean pairatzen duten bazterkeria handitu egiten da. Mundubaten txostenak nabarmentzen duenez, enpresa marokoarrak mesfidati dira bertako sahararrekiko. Horrekin batera, Agadir inguruan, orain arte Marokoren nekazaritza ekoizpenaren gehiengoa zuen eskualdean, lorturiko eskarmentua da Saharatik kanpotik etorri diren langile horiek kontratatzeko erabiltzen den argudioa.

Mendebaldeko Saharan bertako biztanleak kanporatzea eta Marokotik etorritako kolonoak bertan errotzea ez da estrategia berria Rabateko erregimenarentzat, baina tomatearekin eta nekazaritzarekin ildo horretan izugarrizko aurrerapausoa lortu dutela esan daiteke.

Sahararen eskubideen alde egin dutenak Marokoko Barne Ministerioaren zerrenda beltzean daude. Ondorioz, ezin izan dute lan publiko bat lortu. Ezta ere estrategikotzat jotzen dituzten sektoretan. Eta horien artean nekazaritza dago. Beraz, inbertsio hauek lortzen dituzten onurak ez dira sahararren mesedetan, Marokoko kolonoentzako baizik. Saharan lan egiteko deialdiak egiten dizkie marokoarrei Rabateko erregimenak erakunde ofizialetatik. Oreka demografikoa apurtzea da helburua.

Datu hauek nazioarteko erakundeek konfirmatu dituzte. Hala, Nazio Batuen Elikadura Eskubideari buruzko errelatoreak dei zuzena egin zion Marokori Dakhla bisitatu ondoren: «Saharako herritarren artean langabezia murrizteko tresnak martxan jartzea, formakuntzarako programak abiatzea eta bazterkeriarik gabe gazteak kontratatzen dituzten enpresarientzako dirulaguntzak ezartzea».

Jatorri ezkutua

Mundubat taldearen txosten honek nabarmentzen duenez, Europako kontsumitzaile eta banatzaileentzat oso zaila da halako tomate bat Mendebaldeko Saharakoa ala Marokokoa den zehaztea. Izan ere, Dakhla inguruan ekoizten diren tomateak eta barazkiak Agadirreraino eramaten dituzte kamioiz. Bertan, Marokon ekoitziriko tomateekin nahasten dira eta esportatzeko prest geratzen dira, Europar Batasunak ezartzen dituen irizpideak betez.

Sistema horrek produktuaren trazabilitate zehatza zein den ezartzea ia ezinezkoa egiten du. Europako saltokietan Marokoko tomatea ikusi ahal dugu, baina ezin dugu jakin tomate hori benetan Marokokoa edo okupaturiko Mendebaldeko Saharakoa den.

Agadirren elkartzen diren tomate marokoar eta saharar gehienak Ipar Kataluniatik sartzen dira Europara, Perpinyako Saint Charles International zentrotik. Hortik, Okzitaniako Casteurainard herrira eramaten dituzte.

Trazabilitatearena ez da gauza makala. Izan ere, Europar Batasunak eta Marokok sinatu dituzten akordio komertzialak eta Europako kontsumitzaileen eskubideak bermatzen dituzten direktibak kontuan hartuta arazo bat izanen litzateke Saharako tomatea saltzea.

Hori dela eta, Europako Parlamentuak behin eta berriz galdegin dio Batzordeari Marokoko produktuen etiketetan agertzen dena benetakoa den ala ez ikertzeko.

Horixe egin zuen 2019ko abenduan Berdeak taldeko Heidi Hautala eurodiputatu finlandiarrak. Hortik bi hilabetera, Nekazaritza arloko Janusz Wojciechowski komisarioaren erantzuna jaso zuen: «Inportatutako produktu guztiek, Mendebaldeko Saharako jatorria dutenak barne, indarrean dagoen legedia bete behar dute. Horien artean, produktu hauen jatorria zehazki zein den azaltzeko informazioa eman behar dute. Eta kasu honetan, jatorria Mendebaldeko Sahara dela azaldu behar du argi eta garbi».

Wojciechowskiren erantzuna ezusteko galanta izan zen Europan Mendebaldeko Sahararen eskubideak defendatzen dituztenentzat. Izan ere, Europako Batzordeak behin eta berriz zuritu izan ditu Marokok egindakoak. Beraz, Mendebaldeko Saharako tomateen etiketetan Mendebaldeko Saharakoak direla esan behar dutela adieraztea ez da gauza txikia.

Dena den, garaipentxoa zirudiena berehala zapuztu zen. Hurrengo egunerako, komisarioaren erantzuna Europako Parlamentuko webgunetik ezabatu zuten. Esandakoaren ordez, adierazpen askoz ere generikoagoak jarri zituzten, Mendebaldeko Sahara aipatu gabe eta etiketen ardura produktua esportatzen duen herrialdearena dela gaineratuz.

Prozedura hori Europako legediaren kontrakoa da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (Luxenburgoko Auzitegia ere esaten zaio) antzeko kasu batean, Palestinakoan, Europako kontsumitzaileek produktuen jatorria lurralde okupatu bat dela jakiteko eskubidea dutela adierazi zuen. Izan ere, Israelek bertako jatorrikoak bezala izendatzen zituen etiketetan, nahiz eta lurralde okupatuetakoak izan.

Mundubaten txostenak Palestinako egoera aipatzen du gogoratzeko nazioarteko legediaren arabera okupatzaileak ezin dituela kolonoak bidali lurralde okupatuetara. Dena den, Israelek koloniak ezarri ditu Zisjordanian, nahiz eta nazioarteko legediaren kontrakoak izan.

Hori dela eta, Europar Batasunak 2005ean Israelekin sinatu zuen akordio komertzialak hitzarmenetik kanpo utzi zituen Palestinako lurralde okupatuetan ekoitziriko produktuak. Antzeko salbuespena ezartzen da Europar Batasunak Marokorekin 2000. urtean sinatu zuen akordioan.

Zoritxarrez, Mendebaldeko Sahararen kasuan, paperetan eta hitzarmenetan jasotzen dena ez dela betetzen salatzen du Mundubaten txostenak, ez baita etiketen zintzotasuna bermatzeko mekanismorik ezartzen, ezta okupaturiko lurraldeetan ekoitziriko produktuak atzera botatzeko prozedurarik ere.

«Beste behin, Marokorekin dauden harremanetan faktore politiko eta ekonomikoek duten pisua nagusitzen dela frogatu da, nazioarteko legediaren eta giza eskubideen errespetuaren gainetik», nabarmentzen du Mundubatek.

Marokok Europara esportatzen dituen produktuen zilegitasuna kontrolatzea EuroparBatasunari eta bera osatzen duten estatuei dagokie. Baina txostenak salatzen du ardura hori ez dutela kontuan hartzen. Estatu espainolak berak nazioarteko hitzarmen ugari sinatu ditu, baina Mendebaldeko Sahararen kasuan ez ikusiarena egiten du.

Madril eta Parisek, ez ikusiarena

Txostenak nabarmentzen duenez, bai Estatu frantsesak bai Estatu espainolak Marokorekin harreman egokia izatea lehenesten dute, dituzten interes politiko eta ekonomikoak ugariak eta garrantzitsuak direlako. Europan, ordea, badira gisa honetako interesik ez duten estatuak eta Mendebaldeko Sahararen aferan nazioarteko legediaren aldeko hautua egiten dute. Norvegia, Herbehereak, Danimarka eta, maila apalago batean, Suedia dira estatu horiek.

Horrekin batera, giza eskubideen aldeko talde desberdinek martxan jarri dituzten sentsibilizazio kanpainen ostean, Mendebaldeko Saharan egindako inbertsioak atzera bota dituzte Norvegiako Gobernuaren Pentsio Funtsak, Britainia Handiko National Employment Savings Trust delakoak, Herbehereetako APG fondoak, Suediako AP fondoak edo Luxenburgo FDC fondoak, nazioarteko legediaren kontrakoak zirelako.

Norvegiako fondoaren kasuan McGee enpresan zuen parte-hartzea kendu zuen. Enpresa honek Mendebaldeko Saharako uretan petrolioa ateratzeko lizentzia zuen. Norvegiako fondoaren arduradunen arabera, argi zegoen petrolio ateratzeak gatazka areagotzen zuela, Marokoren okupazioa zuritzea suposatzen zuelako, Rabateko erregimenaren tesiak indartuz.

Horrekin batera, jakien sektorean badira enpresa ugari Mendebaldeko Saharako jatorria duten barazkiak erosteari utzi diotenak. Suitzak berak, herrialde bezala, Mendebaldeko Saharako barazkiak inportatzeari uko egin zion 2019an. Antzeko jarrera hartu zuten herrialde horretan bertan Migros eta Denner supermerkatuek. Coop katea haratago joan zen eta Mendebaldeko Saharako eta Marokoko produktuen artean desberdintzeko zailtasuna ikusita, bietarik erosteari utzi zion. Suitzako Gobernuak argi eta garbi adierazi du Marokorekin sinatu duen merkataritza akordioak ez duela eraginik Mendebaldeko Saharan.

Norvegiako Gobernuak, berriz, nazioarteko legediarekin bat egiten du eta bertako konpainiei Mendebaldeko Saharan inbertsiorik ez egiteko eta hango produkturik ez erosteko eskatu die zuzenean. Ez da debekua, gomendioa baizik, baina Osloko Gobernuaren oniritzia beharrezkoa den tratuetarako ezinbesteko «aholkua» bilakatzen da.

Herbehereetako Gobernua ere argi eta garbi zuzendu zaie enpresei, Mendebaldeko Saharako produktuak erosteak euren izen ona kaltetu dezakeela adierazteko. Etiketetan jatorria argi eta garbi ez agertzeak arrisku hori handitzen duela gaineratzen du gobernu honek. Antzeko jarrera hartu du Danimarkako Gobernuak ere.

Suediakoa, ordea, ez da hain argia izan. Nahiz eta, Herbehereekin batera, Europar Batasunak eta Marokok sinatu zituzten merkataritza akordioetan Mendebaldeko Sahara sartzearen aurka azaldu, ez du irizpiderik ezarri lurralde honetako produktuak erosten dituzten enpresentzako. Suedian edo atzerrian aritzen diren «enpresen jarduerak giza eskubideak errespetatzea» espero duela adierazi du Gobernuak, bide batez, Mendebaldeko Saharan egiten diren jardueretan nazioarteko legedia eta saharar herriaren interesak errespetatu behar direla gogoratu duelarik.

Gutxi dirudi, hitz potoloak erabili badituzte ere, baina are gutxiago egin du Estatu espainolak, nahiz eta bera izan garai batean Mendebaldeko Saharako potentzia koloniala eta horrenbestez egungo egoeraren arduradun nagusia. Ez du tutik ere esan. Ez ikusiarena egiten du.