Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Enpresa pribatuaren sustapen ideologikoa

Astelehenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratzen duen "Gure Lurra" aldizkaria jaso nuen nire postontzian. Lehen sektoreko gaiak lantzen ditu publikazio horrek. Deigarria iruditu zitzaidan zenbat aldiz agertzen ziren "enpresa" hitza eta horren eratorriak. Foru programek, adibidez, jada ez dute laguntzen baserri edo nekazaritza ustiategi bat martxan jartzen; orain enpresa planak egiteko eta enpresak eratzen laguntzeko balio dute. Beharbada, bereizketa apur bat bihurria dirudi, baina ez da horrela.

Enpresak dirua irabazteko helburuarekin eratzen dira, eta helburu hori da beren garapenaren eredua ezartzen duena. Horrela, nekazaritza enpresen kasuan, gehiago irabazi nahi izateak inbertsio handiak egitera bultzatzen du, zor handiak dakartzatenak. Horrek mendekotasun egoera bat sortzen du, eta, egoera horretan, edozein ezbeharrek hondamena eragin diezaioke «enpresaburu» nekazariari. Eredu horren muturreko adibide bat India da, non nekazaritza kapitalistak urtero milaka eta milaka nekazariren hondamendia eragiten duen, eta horietako askok beren buruaz beste egiten amaitzen dute.

Baserria edo nekazarien etxaldea enpresa baten kontrakoa da. XX. mendearen hasieran aztertu zuen Aleksander Chayanovek, ia ezezaguna den ekonomialari batek. Ezezaguna, nahiz eta Stalini berari ere ez zitzaizkion haren lanak gustatzen –1930ean atxilotu eta 1937an fusilatu zuten–. Nolanahi ere, Chayanovek ulertu zuen nekazariek ez zituztela etekinak maximizatu nahi, baizik eta zituzten baliabideen erabilera optimizatzea bilatzen zutela. Hala, adibidez, nekazari bat ez zen zorpetzen etxean negu luzean egin ohi ziren lanetatik libratzen zuen makina bat erosteko. Baliabideen optimizazio horrek eta diru gehiago ez irabazteak eragiten du nekazarien etxaldeak hain iraunkorrak izatea mundu osoan. Baina hemen ez dira irakaspen horiek guztiak ezagutu nahi. Modernoena enpresak sortzea da, nahiz eta gero buruhausteak ekarri, pinu monolaborantzarekin ditugunak bezala.

Aldizkariaz gain, astelehenean teletipo bat ere iritsi zen, eta asteartean, hurrengo egunean, argindarraren prezioak marka berri bat lortuko zuela jakinarazi zuen. Hau ere etorkizuna da: albisteak gauzak gertatu baino lehen iristen dira. Elektrizitatearekin ez da harritzekoa, baina ez gasaren prezioagatik edo beroagatik, prezioak finkatzeko sistemagatik baizik. Elektrizitatearen eskaria ezagutu eta kontrolatzen dutenak eskaintza ezagutu eta kontrolatzen duten berberak dira. Hala, asteartean bero handia egingo badu, zer hobe zenbait instalaziotan geldialdi «programatu» bat baino, eskaintza apur bat doitzeko. Gainera, berriztagarriekin badakigu: eguna garbia bada, orduan ez dago haizerik; edo ura aurreztu behar da, uda baita. Inoiz ez dira iristen eskaria betetzera.

Kontua ez da gasa; afera da ez dagoela elektrizitate merkaturik: dozena erdi bat enpresak ezartzen dituzte prezioak. Gutxienez, kontrol publikoaren mende dagoen Gobernuak finkatuko balu prezioa... Baina ez, enpresa pribatuak ukiezinak dira.

Enpresa pribatua gure gizarteko erakunde nagusia bihurtu da, baina ez eraginkorragoa delako, baizik eta premisa ideologikoetatik sustatzen delako. Hori leku gutxitan ikusten da Gipuzkoako Foru Aldundiaren nekazaritzari buruzko aldizkari horretan baino argiago. Baina gero ezkerra da ideologizatuta dagoena. •