Mikel Zubimendi Berastegi

Txikimunduetan aspertuta

Asteak Afganistanera begira jarri gaitu, tximista baten pare herrialdea hartu duten talibanei begira. Déjá vu bat dela aipatu dit minkideak, 1975ean Saigonen gertatu zena gertatu dela Kabulen, okupatzaileek buztana hankartean, ohorerik gabe, ihes egin dutela. Ez dakit Viet Cong eta talibanak alderatu daitezkeen, bai eta ez. Badakit talibanek beldurra ematen dutela, emakumea burka batean nola gatibatu zuten gogoratzen dugula, jihadismoa eta tribalismoa eta beste arrisku asko dituztela. Talibanak ez bezala, Viet Cong munduko nazio askapenerako mugimenduentzat inspirazioa izan zela, garaipen militarra posible zela erakutsi zuen ispilua.

Talibanena beste mobida bat da, zalantzarik ez. Baina minkideak aipatu bezala uzten du hausnarketarako dejadatxoa txokoan. Duela 20 urte, irailaren 11ren ostean abiatu zuten «terrorismoaren kontrako gerra» globalak munduko klandestinitate eta insurjentzia guztiak desagerrarazi zituela uste zen, aro aldaketa bat azkartu zuela. Baina kuriosoa da, 20 urte beranduago, Afganistanen ikusi da oraindik hor segitu eta garaipena lortzea badutela. Ikusi da, bai horixe, britainiarrak eta sobietarrak odolustu zituzten zepo berdinean harrapatu dituztela estatubatuarrak; agian historia ez dela errepikatzen, baina errima bat badela.

Kabulera begira, Euskal Herrian abuztu betean gertatu diren beste kontu batzuk, ordea, deus gertatu ez balitz bezala nola igaro diren kezkatu nau. Denon diruarekin ordaindutakoa zen eta euskal espazio komunikatibo bat ardazteko eta zuntz optikoaren azpiegitura propioak eskuratzeko ezinbesteko genuen Euskaltel kapital funtsei saldu, putreetara bazkatzeko nola bota den adibidez. Eta uzten bazaie, den-dena salgai ipiniko dute, herri bezala balioa duen orori prezio bat jarrita. Eta ez, hemen ez da ezer gertatu, aizue! Abuztua da, oporrak inperatibo, terrazak, kultura eta botiloiaren ehiza teleberrietan bolo-bolo.

Edo Ertzaintzaz ez da hitz egin nahi. «Jusapol»eta halako jendilajeak, pipiak bezala, barnetik nola jaten ari den, nola abertzale identifikatu diren ertzainak mehatxatu dituzten, bala-zorroak takilletan nola azaldu diren; ez, hortaz txintik ere ez. Euskaltel putreei bota, Ertzaintza apurka-apurka «jusapol» bezalakoen txakurtegi bilakatzen, eta zertaz hitz egiten da hemen? Beste «txakur» horretaz, bertsolariaren eta Donostiako ZIUko buruaren arteko sesio horretaz.

Minkideak galdetu zidan ea hori nola den posible, baten edo bestearen alde hintxa batzuk bezala lerratzen ibiltzea, nor bere txikimundutan lehendakari. Pentsatzen egon naiz, eta gero eta konbentzituago nago gakoa aspermena dela. Jende bat aspertu egiten dela, aspaldi dagoela aspertuta eta, hain oker, horregatik egiten dituela egiten dituenak. Badakit esplikazio sentzilloa dela, agian sentzilloegia, baina bestela ezin dut ulertu popularizatzen ari diren «kirol» berri horrena.

Aspermena eta nagikeria intelektuala lehengusu propioak dira. Nagikeriak ezer ez egitera darama, eta, ezer ez egiteak, aspermenera. Nago aspermena sentitzeke ez liratekeela kezka horiek sortuko. Arazoa, ordea, aspermena garaitzeko inolako irabazi sozial eta erlazionalik gabeko distrakzioak egiten hasten zarenean dator. Ondo pasatu eta entretenigarria izan daiteke, baina distrakziook kausa justuak ahultzen dituzte. Aholkua libre: borondatea lantzea, edukatzea eta ahaleginarekin indartzea beti da gomendagarria. Ilusioak atrofiatuta badaude, inertzian kateatzen garelako, bultzada kreatiborik gabe, pertsonalki eta kolektiboki hortaz tiratuko duen bisiorik gabe. Aspermenak, beste behin, partida irabazita. •