Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
UMEAK KLIMA ALDAKETAN

2020an jaiotakoek euren aitatxi-amatxiek baino beroaldi gehiago sufrituko dituzte

2020an sortu ziren haurrek euren aitona-amonek baino bi aldiz baso sute gehiagori egin beharko diete aurre. Eta 1960an jaio zirenek baino zazpi aldiz beroaldi gehiagori. Uholde, lehorte eta uzta galerak ere ia hirukoiztu eginen zaizkie. Hala gertatuko da Pariseko Akordioa gaur bezala betetzen bada, Save the Childrenen ikerketa baten arabera.

Science” aldizkari entzutetsuak kaleratu du Save the Children elkartearen azken ikerketa. Dioenez, 2020an jaio ziren umeek euren aitatxi-amatxiek baino muturreko natura fenomeno gehiago sufrituko dituzte: beroaldiak zazpi aldiz biderkatuko dira, basoko suteak bi aldiz, idorteak 2,6 aldiz, uholdeak 2,8 aldiz eta, ondorioz, uzten galerak kasik hiru aldiz. 1960an sortutakoekin egiten du alderaketa azterketak, Pariseko Akordioan jasotako konpromisoak gaur egun bezala betetzen badira etorkizunean zein agertoki izanen dugun ohartarazteko. Ume aunitzi hondamen hauetako bat baino gehiago etor dakieke gainera aldi berean, edo bata bertzearen segidan, eta horrek, jakina, larriagotu eginen lituzke eraginak, Save the Childrenek Vrije Universiteit Brussel (VUB) unibertsitatearekin egindako lanaren arabera.

«AEBetan eta Kanadan gertatutako beroaldiek; Kalifornia eta Australiako baso suteek; Afganistan, Madagaskar eta Somalian elikadura krisiak eragiten ari diren lehorte ugariek... ez dela leku segururik erakusten dute. Berehala zerbait egin ezean, etorkizun suntsitzaile bat utziko diegu seme-alabei», azpimarratu du Andres Conde Save the Childreneko zuzendariak.

Diru sarrera txiki edo ertainak dituzten herri edo komunitate txiroetan bizi diren haurrak izanen dira kaltetuenak. Uraren, gosearen edo gaizki elikatzearen bidez eritasunak sufritzeko arrisku aunitzez handiagoa dute. Eta bizi diren etxeak ahulagoak dira uholde, zikloi eta muturreko beste fenomeno meteorologikoei aurre egiteko.

«Gosearen aurka hamarkadetan egindako aurrerapenak desegiteko mehatxu dira klimaren inpaktu hauek eta milioika umerentzat pobrezian erortzeko arrisku bat gehiago dira. Gure txostenaren arabera, Afganistango haurrek 18 aldiz beroaldi gehiago sufritu ditzakete euren aitona-amonen aldean, eta maliarrek 10 aldiz uzta galera gehiago izan ditzakete», zehaztu du.

Elkartearen txostenak izenburu argigarria du: “Klimaren krisian jaiotzea: zergatik ekin behar diogu orain haurren eskubideak bermatzeko”. Lanak 11 herrialdetako txikien istorioak jasotzen ditu. Horietan, lehen pertsonan kontatzen dute nola eragiten dien klima aldaketak, eta aurre egiteko gomendioak ere ematen dira.

«Garaiz gaude»

Pariseko Akordioan planteatzen diren emisioak gutxitzeko konpromisoen arabera, 2,6 eta 3,1 gradu artean igoko da planetaren tenperatura. Save the Childrenek baieztatu duenez, horrek eragin «onartezina» izanen luke haurrengan. Nabarmendu duenez, oraindik bada denbora, ordea, etorkizun etsigarri hori aldatzeko. Tenperaturaren igoerari gradu eta erdian eusten badiogu, jaio berri diren haurrek jasan beharko dituzten beroaldiak %45 gutxituko dira; lehorteak %39; uholdeak %38; uzten galerak %28 eta baso suteak %10.

«Gure etxea urpean gelditu zenean, lasterka atera behar izan genuen muinoan gora. Janaria, berogailua eta arropa bustita ditugu oraindik. Ezin gara etxean gelditu lurraren hezetasunagatik. Ezin dugu arrozik kozinatu, hortaz janari bila joatea tokatzen zait [banaketa puntu batera]», kontatu du Aslam 8 urteko haurrak. Amarekin bizi da Bangladesheko kanpaleku rohingya batean. Hilabeteotan maiz izan dituzte uholdeak.

Chatten-ek Aslamen adin bera zuen «Haiyan» tifoiak Filipinetako bere etxea suntsitu zuenean. Inoizko zikloi tropikalik gogorrenetako bat izan zen. Herrialdea hondatu zuen 2013an. Gaur egun, 16 urterekin, klimaren aldeko aktibista da Chatten eta Save the Childrenera batu da.

«Nire begiekin ikusi ditut klima aldaketaren ondorioak. ‘Haiyan’ tifoiak milaka etxe erraustu zituen eta lagun eta senide aunitz utzi zituen etxerik gabe. Tifoiaren aitzinetik ere klimarekin lotutako hondamendiak sufritzen ari ginen eskualdean, eta urtero okerrago da. Lehorteak, beroaldiak eta euriteek eragindako lur jausiak izan ditugu. Eguzkitsuak ziren hilabeteak euritsu bihurtu dira eta euri hilabeteak eguzkitsuak dira orain. Orain jaiotako haurrek are zikloi, beroaldi eta muturreko fenomeno gehiago sufrituko dituztela pentsatzeak triste jartzen nau. Klimaren krisian eragin txikiena izan dugunak gara eta, hala eta guztiz ere, gehien sufrituko dugunak».

Erregai fosilekiko dugun mendekotasuna gainditu, sare ekonomiko seguruak ezarri eta kaltetuenei laguntzea da bidea Conderentzat. «Egoera alda dezakegu, baina haurrei aditu behar diegu, eta ekin». «Betebehar morala ez ezik, legala ere» badelako haiek erabakietan kontuan hartzea.