Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IKUSMIRA

ONDO ZAINDU ETA ONDO ZAINDUA IZAN

Jon URBE | FOKU
Jon URBE | FOKU

Hamabost minutu adineko bakoitza ohetik altxatu, pijama erantzi, garbitu, berriz jantzi eta gosaltzera eramateko. «Egun on» eta korrika sartzen da zaintzailea gelara. Eta gaua luzeegi egin zaion pertsonak hitz egiteko gogoa dauka; atzo bisita izan zuela kontatu nahi dio, biloba unibertsitatean hasi dela, auzoko laguna alargundu egin dela... «askotan ez daukat begietara begiratzeko denborarik ere. Pertsiana jaitsi, oheko uhalak askatu, erropa kendu... bera hitz eta pitz eta ni presaka. Gaizki sentitzen naiz ez ditudalako bost minutu bere ohean eseri eta lasai entzuteko». Eta hori zaintzea da zalantzarik gabe. Hobeto zaindu nahi duen zaintzailearen karga ez da arina. «Askori hortzak jartzen lagundu behar diegu. Besteek ez dute belarritakorik gabe atera nahi. Krema aurpegian eta lurrin pixka bat...». Zaintzak kalitatezkoa eta duina izateko denbora eta baliabideak behar ditu.

Asteon entzun ditugu Donostiako zaharren egoitza batean gertatzen direnak; hamalau ordu ohean, dutxa bat astean, hogei ordu jan gabe... Nola begiratu behar diegu begietara eusten gaituen jendarte hau eraiki duten gure aurrekoei? Eta guk, nola izan nahi dugu zainduak? Asaldatu egin gara, amorratu eta tristatu. Eta badakigu egoera latzagoa izango litzakeela zaintzaile horien inplikaziorik gabe; ondo zaintzeko aldarria ozen eginagatik, entzunak ez diren langileak. Emakumeak dira eta zaintzaileak.