Maider Iantzi Goienetxe

Postaltxo bat irla samurrera

Hitzak aske eta indartsu egiten gaitu. Egin egiten gaitu (...) Baina kontuz: abstrakzio burbuila bat da dena. Beti dago azpian urratu eta min egiten duen haragi-aingura. Hitzen eskaileretatik igo arren, emozioak jariatzen dituen gorputza izaten segitzen duzu. Erraza da ahaztea (...) Hitzen arriskua eurengan sinestea da. Haragiari baino balio handiagoa ematea. Batez ere besteek sortu badituzte hitzok gure partez eta ez bazaizkigu taupaka ari den gure gorputzetik jaio».

Azkenaldian libre ditudan tarte guztiak aprobetxatzen nabil Belen Martin eta Enara I. Dominguezen “Desmontando al Homo Economicus. Postales desde Isla Ternura” liburuan sartzeko. Pasarte hori uzten dizut, irakurle, gonbidapen gisa. Eta zuei, artistak!, postaltxo hau bidaltzen dizuet bueltan, samurtasunez.

Zer eta nola erraten den, dena da mezua. Hitzak baino garrantzitsuagoak dira ekintzak, baina izendatzen ez dena, ez da. Hitzak gure kontra erabili izan dira sarri. Ongi diozuen bezala, Norma, araua, emakume izena da. Bera bai benetako jainkoa! Toki guztietan dago, labana zorrotzez zauritzen, dena bitan banatuz: gizon/emakume, zahar/gazte, osasuntsu/eri, aberats/pobre, mehe/lodi, bertako/kanpoko, normal/arraro... Nor da bat eta nor bertzea? Itziar Zigari irakurri diot mundu honetako arraro guztiak gehiengoa garela. Erabat ados. Honekin ere bai: «Kontatu digutena baino ederragoak gara».

Behin baino gehiagotan gertatu zait umearekin paseatzen noala norbaitek «ze neska polita» erratean «mutikoa da» ateratzea eta segidan erantzuna irentsi nahi izatea. Nondik atera zait ‘argitzeko’ behar hori? Zer dago argitzeko? Badakit barrenean zaitudala, homo economicus, baina ikusi zaitut jada eta hori da lehenengo pausoa kanporatzeko. Hitza gorpuzteko, sentipentsatzeko eta, jostatuz, sendatu eta sortzeko. •