Edurne Larraza Mendiluze
Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHU

Europako Kode Astea (European Code Week)

Urriaren 16a izanik, Europako Kode Astearen erdian kokaturik gaude. Urriaren 9an hasi eta 24ra bitartean luzatuko den ekimen honek kodeketa eta alfabetatze digitala guztioi modu dibertigarri eta erakargarrian helaraztea du helburu.

Ada Lovelace Eguna hartzen du abiapuntu. Ada Lovelace Eguna ez dator bat bere jaiotza egunarekin (1815eko abenduaren 10a) abenduan gauza gehiegi dagoelako ospatzeko, ezta bere heriotzarekin (1852 azaroaren 27a) ospatzeko gazteegi hil zelako. Beraz, ausaz aukeratu zen urriaren bigarren asteartean ospatzea. Aurten, 2021ean, urriaren 12an izan da, emakumeek zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematikan egindako lorpenak nazioartean ospatzeko egun hau. Helburua, alor horietako emakumeen profila handitzea eta, hori eginda, eredu berriak sortzea, neskei alor horietara gerturatzeko kemena ematea eta jadanik hor daudenei laguntzea da.

Gaur egun, aitzinean ez bezala, ez dago emakumezko bati unibertsitatean edozein ikasketatan sartzeko bidea oztopatuko dion inongo idatzizko araurik. Arrazoiak gizartean eraikitzen ditugun aurreiritzi eta topikoetan bilatu behar ditugu gehienbat eta horiek, oro har, ezjakintasunean oinarritzen dira. Horregatik, erakargarria izan daitekeen etorkizun bat irudikatu ahal izateko gazteek ereduak eta arlo zientifiko bakoitzean ikasi ahal izango dutenaren oinarriak ezagutu behar dituzte.

Ekarpen honen bidez, Ada Lovelace Egunaren zein Europako Kode Astearen helburuekin bat datozen hainbat ekimen jarri nahiko nituzke mahai gainean, hezkuntzan edo bestelako inguruneetan erabilgarri izan daitezen.

Hasteko Wikipedia aipatuko dut. «Emakumeak informatikan» artikuluak errepaso historiko ederra egiten du XVIII. mendetik gaur egungo emakumeetaraino eta «Emakume informatikariak» kategoriaren azpian 61 artikulu aurkitu daitezke euskaraz. 60 emakume informatikari gehi e-makumeak taldeari buruzko artikulua. Azken hori, Donostiako Informatika Fakultatean emakumeen artean informatika sustatzeko sortutako taldea. E-makumeak gara, hain zuzen ere, GAUR8n hilabetero informatikari buruzko ekarpen hau egiten dugunok. Honezkero, 2014an hasi ginenetik 100 ekarpen baino gehiago egin ditugu eta horien guztien estekak ondorengo helbidean aurki daitezke: https://www.ehu.eus/ehusfera/e-makumeak/gaur8koak/

Bestalde, scratch.mit.edu eta code.org webgune apartak dira kodeketa lantzeko, baina kodeketa edo programazioa informatikaren azpimultzo bat baino ez dira. Informatika, beste kontzeptu asko azpian dituen aterki handi bat da. Horregatik, JolasMATIKA proiektuan (jolasmatika.ehu.eus) gai horiek jolasen bidez lantzen dira. Informatika konputagailurik gabe lantzeko aukerak aurkituko dituzue hauetan: https://code.org/curriculum/unplugged, https://csunplugged.org. Europako Kode Asteak ematen dituen baliabideak hemen: https://codeweek.eu/training/ eta azkenik, https://www.bebras.org/ proiektuan ere pentsaera konputazionala lantzeko denbora-pasak aurkituko dituzue.

Argi dago lana badaukagula materiala lokalizatzen baina momentuz, ingelesez bada ere, ospa dezagun Europako Kode Astea informatikan murgilduz! •