Iker Barandiaran
ARRASATEN «EZ DONK AMAITU»

Iraganaz jantzi, berrikasi eta aurrera egiteko

RIP taldearen arrastoan harrotasun umilez batutako belaunaldi arteko lagun talde batek «Ez Donk Amaitu» ekimena jarri du martxan, musika abiapuntu hartuta, nondik gatozen eta nora goazen hausnarketa ariketa egitera gonbidatuz. Mitifikatua baina gaizki ulertua izan den 80ko hamarkadaren berrirakurketa egitea da lehen gonbita. Eta hortik aurrera, kulturaz, ezagutzaz eta bizipenez ase eta desikasteko eskaintza mardula. Punkaren garrari eusteko Arrasaten sortutako ekimenak programa aberatsa antolatu du azarorako: 80ko hamarkadari buruzko erakusketa, zinekluba, mahai-inguruak eta bitxikeria ugari.

Sindikatuen Etxearen okupazioa (INTXORTA 1937)
Sindikatuen Etxearen okupazioa (INTXORTA 1937)

Orain dela gutxi arte sarri mitifikatu da 80ko hamarkada, gogorrena, puruena, benetakoena… izan balitz moduan: han hazitakoak apurrezinak, garai hartan galdutakoak heroiak eta orduan bizitakoa gaindiezina. Irudi horren oroimenak liluratuta, orain dela gutxi arte, hip-hop-a, trap-a eta Instagram heldu artean, ohikoa zen gure herrietan oraindik 14 urteko neska-mutiko asko eta asko Eskorbutoren kamiseta jantzita ikustea. Orain, baina, badirudi, hamarkada hura izan zenarekiko miresmena urtuz doala.

Gehiegizko nostalgia eta iraganeko ikurrei etengabe lotuta egotea ez ei da osasuntsua. Hori gertatu ei da sarritan. Baina iruditeriatik eta bizipen lazgarrienetatik harago zer gelditu da benetan hamarkada hartaz belaunaldi hauen guztien erretinan; badakigu zer mugarri gertatu ziren?

Bada, Arrasaten sortu berri den “Ez Donk Amaitu” ekimena punketik eta musikatik –gustuko duen horretatik– abiatu da Mondraueko –Arrasateko– 80ko hamarkada nolakoa izan zen erakustera; ez bakarrik musika, baita garaiko testuingurua ere. Eta Mondrauek bere ezaugarriak baditu ere –eta ez edonolakoak– ederto balio du hamarkada hartan jazotako hainbat eta hainbat bizipen, lorpen edo porrot argi eta garbi irudikatzeko.

Aurrera begiratzeko mugarria

Baina zer da “Ez Donk Amaitu”? Nortzuek eta zertarako sortu dute? Eta zer da amaitu ez dena? Luzaroan Arrasateko punk talde aitzindaria izan zen RIPeko kideen eta garaiko lagun galduen omenez bi urtetik behin kontzertuak antolatu izan dituzte. Hasieran, Donostia aldean, Jabi D-ren ekimenez eta hortik aurrera, luzaroan, Arrasaten. Bada, RIPen sorreraren 40. urteurrena betetzera zihoala, RIPetik bizirik dirauen bakarra den Txerra Bolinaga bateria jotzaileak Arrasateko lagunei proposatu zien zerbait berezia egitea, baina ez espresuki RIPi buruzkoa. «RIP taldekook ez gara inoiz ospakizun eta halakoen zale izan, eta azken urteotan hitz egin da dezente taldeaz, propio egindako dokumentalean zein liburuan. Hala, pentsatu nuen urteurrena baliatu behar zela harago joanda garai hura nolakoa zen erakusteko; eta hori ezagututa, oraina bizi eta aurrera egiten jarraitzeko», azaldu du Bolinagak.

Lagun taldeak gogoz hartu zuen erronka eta hasi zen hainbat ekimen prestatzen; horietatik bat, jakina, kontzertu erraldoi bat. Eta berau lotuta zegoela, tamalez, ditxosozko pandemia etorri eta bertan behera gelditu ziren planak eta asmoak. Ordura arteko planaren bizkarrezurra, kontzertua, bideraezina zen.

Hasierako pandemia-lozorroa gainditu ostean, batzarrak berreskuratu zituzten, online zein presentzialak, ahal zen moduan, baina inurrien moduan lanean jarraituz. Izan ere… hau ez da oraindik amaitu, ezta amaituko ere.

Eta zergatik “Ez Donk Amaitu”? Belaunaldi desberdinez osatuta dagoen talde eragile hau batzen duen oinarrietako bat punka da. Garai eta modu desberdinetan bizi izan dute eta bizi dute punka, baina horientzat guztientzat esanahi oso bereziak ditu. Jakitun dira punkak iragan indartsua daukala herrian eta horren erreferente da RIP bere zentzu zabalenean. Ordutik horren garra ez da itzali eta gainera ez du itzaltzeko asmorik. Hain zuzen ere, ekimenaren bultzatzaileek laburbiltzen duten moduan, «Mondrauen punkak dauka izena, izana, jatorria eta etorkizuna».

Gertaerak, gordinean

Punkak herria modu hain esanguratsuan astindu zuen testuingurua erakusteko eta ulertzeko, ahalegindu dira 80ko hamarkadako Arrasate erretratatzen. Horretarako, arakatu dituzte artxiboak, garaiko prentsa eta hainbat lagun zein –garaiko sarekadetatik salbu gelditu ziren– kolektiboren armairuak. Saiatu dira identifikatzen hamarkada ilun baina mugitu horretan herrian arlo desberdinetan izandako mugarri eta gertaerak. Kartel, prentsa errekorte, pegata, sarrera, komunikatu zein argazkiekin jaso dute hori guztia, eta multzoka banatu.

Ez dute horren guztiaren ageriko interpretazio edo irakurketarik egin nahi izan; edo agian bai –bilaketa zein aukeraketa lan bat den heinean ere hala delako– baina jasotakoa ordenatu eta bere horretan plazaratu dute gertaerak gordinean ikuslearen begi aurrean jartzeko. Eta bada zer kontatu eta hausnartu: sindikatuen borrokak, desagertutako gune eta txoko kuttunak, langabezia, bando desberdinetako hildakoak, torturatutakoak, soldadutzaren zama, feminismoaren sorrera, euskararen ahulezia, drogaren erabilera politikoa, artea adierazpide aske gisa, kontrainformazio bide apal baina irudimentsuak… eta, jakina, musika.

Arrastoa lorpen askotan

Bilaketa horretan ohartu dira, are eta gehiago, hamarkada hartan egindako borrokek, saiakerek, lorpenek eta zabaldutako bideek arrasto handia utzi dutela; geroko belaunaldikook oso kontuan hartu beharrekoak. Horretan ere badugu zer ikasi!

Erakusketa gordin, erreal eta argigarri hori azaro osoan egongo da ikusgai Arrasateko Kulturateko erakusketa aretoan, astelehenetik larunbatera bitartean, 17.30etik 20.30era.

Rocka lurpetik ateratzea

Hara jotzen duenak izango du, baita ere, Arrasaten hamarkada horretan aktibo egon ziren musika taldeen berri ere. Ikertze lan sakona eginez, ia 30 talde zenbatu dituzte 1980tik 1989ra bitartean gutxienez kontzerturen bat egin zutenak. Horien artean gehientsuenak punk estilokoak dira, baina badira bestelakoak ere: heavyak, poperoak, siniestroak zein klasikoagoak. Erronka izan da horien guztien argazki eta kantu bana lortzea. Ez da beti posible izan, baina argazkiak erakusketan jarri dituzte ikusgai eta han bertan jarritako QR batek bideratuko ditu bisitariak bandcamp sortu berri batean horietatik 20 talderen kantu bana entzutera, batzuk erabat ezezagunak.

Musikaren arrastoa, baina, ez da hor bukatzen; ezta “Ez Donk Amaitu”-k azarorako prestatu duena ere. Musikaren adarrak behar beste zabalduz, zinemara ere eraman nahi izan dute ekimena. Hala, azaroko lau asteartetan Amaia Udal Antzokiaren jabe egingo dira musikarekin lotutako dokumental kuttunak proiektatzeko: Dead Boys eta The Lords Of The New Church talde ikonikoen gidari eta abeslari izandako Stiv Bators-i buruzko “Stiv” lana, lehenik eta behin. Hori aukeratzeko gakoa izan da punkaren garapena islatzen duen pertsonaia izatea, eta 80ko hamarkada bukaeran Arrasateko kiroldegian aritu izana. Bigarrena 70eko hamarkadako Ingalaterran National Front-i aurre egiteko sortutako “Rock Against Racism” mugimenduaren gainekoa, ultraeskuinaren haztearen aurrean irakaspen gaurkotua ere badena. Horren ostean, “The Allins” familian ikusteko dokumentala: hain zuzen ere, rockak ezagutu duen musikari kamikaze eta muturrekoenaren –GG Allin– bizitzaren kontakizuna bere amaren ikuspuntutik; punky guztien amei omenalditxoa. Eta, azkenik, punk mugimenduan gay, lesbiana eta trans-ek izan duten pisua eta bizipena.

Eta, postre gisa, Ipar Irlandako punk mugimenduan oinarritutako “Good vibrations” filma, Gaztetxean ikusgai izango dena.

Mahai bueltako berrikasketa

Punketik eta musikatik abiatuta, baina betiere abanikoa hausnarketa eta berrikastera bideratuta, hiru mahai-inguru aberasgarri ere antolatu dituzte azaroko hiru asteazkenetan. Azaroaren 10ean “Rocka eta euskara. Zozoak beleari ipurbeltz?” izenpean, Garbiñe Ubeda idazlea, Josu Ximun Billabeitia Belako taldeko kidea eta beste musikari bat euskararen eta rockaren arteko elkarbizitzaz arituko dira. Hilaren 17an, berriz, Itziar Ziga idazleak, Miren Aranguren Emagin-eko kideak eta Jokin Azpiazu soziologoak erantzuna emango diote honako galderari: “Rocka eta feminismoa. Zertan egin dugu aurrera 80ko hamarkadatik?”. Eta, azkenik, azaroaren 24an, honako hiru beterano gonbidatu dituzte 80ko hamarkadako rock eta punkaren inguruko irakurketa egiteko: Gregorio Galvez kazetaria, Aurora Beltran musikaria eta Gotzon Hermosilla kazetaria, hirurentzako rocka droga baita.

Punka ezagutzeko irakurgaiak

Bizi izandakoaz ikasteko orduan testuinguruaren garrantziaz jabetuta, “Ez Donk Amaitu”-k elkarlan aberatsa egin du, baita ere, Arrasateko Udal Liburutegiarekin. Bien artean Euskal Herriko 80ko hamarkada eta punka hobeto ezagutzeko aproposak diren irakurgaien zerrenda osatu dute. Horren emaitza dira liburutegiak argitara eman duen liburu gida eta hilabete osoan zehar aipatutako irakurgai multzo nabarmena liburutegian mailegurako prest egotea.

Kontrastez betetako garai hauetan, ekimenaren bultzatzaileek uztartu nahi izan dituzte gaur egungo QRak, ekimenen berri emateko sare sozialak, zein fanzineak. Hain zuzen ere, ekimenaren logoak eta programaren kartelak erakusten duten traza berean, programaren nondik norakoak azaltzen dituen zuri-beltzezko fanzinea ere kaleratu dute. Hankak iraganean, orainean eta etorkizunean dituzten seinale.

Txikitorik gabeko «deja-vú»-a

Eta iragana XXI. mendera ekarrita, arrasatear bat baino gehiago harritu da “Ez Donk Amaitu”-koek egin duten efektu kolpearekin: jardunaldien aurkezpena 14 urte itxita daraman herriko taberna enblematiko batean egin dute. Epe labur baterako lortu dituzte Biona zenaren giltzak, eta tamalez berriro taberna bilakatzea ezinezkoa bada ere, posible izango da bertara sartu eta makina bat herritarrentzat hain maitatua eta gogoratua izan den topagune hori zapaldu eta arnastea. Herrian parekorik izan ez duen tabernaren historia laburbilduko dute irudiek haren paretatan. Bertara sartzeko aurrez izena eman beharko da eta dagoeneko jakin-min handia sortu du ekimenak.

Azaroko programa osatzeko ez da zuzeneko musika falta izango, noski, nahiz eta momentuz kontzertu bakarra iragarri duten. Pandemiaren baitan osatu zuten egitaraua eta kalkulu haietan emanaldi bakarrera mugatu ziren. Kontzertu hori Gaztetxean izango da, azaroaren 5ean, eta agertokia hartuko duten taldeak badira “Ez Donk Amaitu”-ren esentziaren adibide: aspaldian Arrasaten sortu den punk talde kementsuenetakoa, Perlata; eta Txerra Bolinaga bera bateria jotzaile duen Zero talde sortu berria. Azken detaile hori ere bada kontuan hartzekoa: orain dela 40 urte sortu eta halako oihartzuna izan duen taldearen kidea, zerotik hasita gaur egun ere bestelako proiektuetan, oraina topera bizitzen, murgilduta. Nork esan du amaitu dela?

ITZIAR ZIGA

 

«Neskok beti egin dugu borroka parrandaz gozatu ahal izateko; eta hori geldiezina da»

Gonbidatu zaituzten mahai-inguruaren izenburua da «Rocka eta feminismoak, zertan egin dugu aurrera?». Zer erantzungo zenuke?

Guztian egin dugu aurrera, geldiezinak garelako. Eta Gloria Steinem handiak dioen bezala, gaur egun patriarkatua ahulagoa da dagoeneko ez delako ikusezina. Estasian sartzen naiz orain dela 30 urte gaztetxeetako punk kontzertuetan, mutilek pogo basatia egin eta gu lehen ilaran egoten ahalegintzen ginen horietako batean, agertokira Kathleen Hanna igo eta «Girls to the front!!» oihukatzen zuela imajinatzen dudanean. Garai hartan bera eta Riot Grrrrls-ak hasiak ziren horretan, baina bakarrik AEBetako ipar-mendebaldeko kostaldean.

Izan ere, kontzertu batean zorabiatu naizen aldi bakarra Barañainen izan zen, 1999ko jaietan. “Heroes del Silencio” ikusten, ekainean, kanpoan. Mutil batzuek lagun bati eta bioi sandwicha egin ziguten; arnasa eta kontzientzia galdu genituen. Haiek barre egiten zuten; kontzertuak ez zien axola, guri min egitea nahi zuten. Hori ez zen gaur egun gertatuko; horretarako, taldean leku ezkutu batera eraman beharko gintuzkete. Eta egiten dute.

Baina, hori bai: neskak izugarriak ginen parrandan, eta hala jarraitzen dugu. Beti egin dugu borroka parrandaz gozatu ahal izateko; eta hori geldiezina da. Emma Goldman anarkista parrandazaleak zioen moduan, dantzatzeko aukera ematen ez duen iraultza…

80ko hamarkadan «mojigatoagoak» ginen? Edo orain?

Uff. Niri galdetzen didazu? Nik beti uste dut hemen larrutan gutxiegi egiten dela. Bartzelonako parranda-orgietatik nator. Baina nire ustetan punka eta kontzertuak oso sexyak dira.

Askotan esan ohi da punka askatasunen eztanda izan zela, baina hemen, Euskal Herrian, halako giroetan ere zaila zen norberaren sexu askatasuna azaleratzea…

80ko hamarkadan gizarteko edozein arlotan zaila zen bollera, marikoia edo, zeresanik ez, transa izatea. Orain ere ez da erraza, eta pentsa zelako aurrerapenak egin ditugun aukera, ikusgarritasun eta eskubideetan. Baina bai uste dut punkak generoen arteko konfusioa erraztu zuela. Bale, mutilak oso testosteronikoak ziren, batez ere makarreriagatik, eta Nina Hagen handiak zioen bezala, gazte eta txotxoloak zirelako. Baina neska punkyak oso kañerak ziren. Bestalde, bazen mozorrotze eta bukaezineko gaua. Eta kontatu zaigun baino marikoneo gehiago egon zen; hori da jakin beharrekoa.

Punketik zer ikasi beharko genuke?

Izan gaitezen pixka bat efimerak, erradikalak, distiratsuak, gehiegizkoak, aginteen kontrakoak, kapitalaren aurkakoak, zoroak, hedonistak, lizunak, satanikak, sorginak, buruarinak… Nire parranda lagun Silvia Resortek, Ultimo Resorte taldekoak, 60 urterekin eta oraindik bizi-bizi dio punk izatea betirako dela. Eta Jon Mantecak esan ohi zuen egunero-egunero disfrutatu behar zela.

JOSU ZABALA

 

«Hasieran euskaldunak ez zeuden prest rocka euskaraz onartzeko, kontrakoak ere baziren»

Hertzainak euskaraz abestu eta zirikatzeko sortu zenuten…

Euskararik ez zegoen. Horregatik zen beharrezkoa euskaraz abestea, eta niretzat ezinbestekoa. Gure helburua zen, ondo pasatzeaz gain, batez ere zirikatzea. Euskal kantagintzak kritikatzen zuen Madril. Baina guk nahi genuen zirikatzea hemengoa, eta ez zen ondo ulertuko Euskal Herria kritikatuko bagenu gaztelaniaz. Oso argi genuen euskaraz behar zuela izan. Eta oso bitxia da, garai hartan Gasteizen ia ez zegoelako euskararik eta gure publiko naturalak ere ez zuelako euskara ulertzen. Baina, zerbaitegatik, gustatzen zitzaien. Gasteizen euskara zen galdutako edo lapurtu ziguten zerbait; hala sentitzen zuen jendeak eta bazion euskarari sinpatia.

Kuriosoa da, beti esaten dut, rocka euskaraz egiten hasi ginela zonalde ez-euskaldunetan: gu, Zarama… Badirudi euskaldunak ez zeudela prest rocka euskaraz onartzeko, eta beste asko kontra ere bazeuden. Gero, arrakasta diskografikoarekin, azkenean onartu zuten.

Hertzainak-ekook ez genuen uste euskara salbatuko genuenik, galdutako gerratzat genuelako. Baina argi genuen euskaraz abestu nahi genuela euskararekiko kontzientzia genuelako eta euskaldun sentitzen ginelako.

Garai horretan ezker abertzaleak oso aldaketa bitxia izan zuen: pasa zen Imanol eta beste batzuk, gaztelaniaz abesteagatik, boikoteatzetik, denbora gutxira Kortaturen lehen diskoa goraipatzera. Antza, gehiago baloratu zuen kontzientzia politikoa hizkuntza bera baino.

Eta, bai, onartu beharra dago gu eta gure moduko talde batzuei esker etorri zela gero euskaraz abestutako rockaren uholde itzela. Gurea izan zen bekatuaren zati bat. Baina, era berean, guk ere Ez Dok Amairu eta halakoengandik ere ikasi genuen zerbait.

Eta punka erdalduna zen…

Bai. Punk zonalde indartsuenak Arrasate, Errenteria eta Ezkerraldea izan ziren. Baina punka musika estilo bat izateaz gain, filosofia ere bada. Eta gu ez ginen punk moduan definitzen, baina horri esker sortu genuen taldea: punka oso eskuragarria zen, zuk zeuk egin, karga filosofiko horrek erakarri gintuen. Izan ere, filosofia aldetik oso punkyak ginen, baina aldentzen ginen punkaren iruditeria eta patroietatik.

Musikari esker euskaldundu zen gazteria?

Agian. 80ko hamarkadan musika oso garrantzitsua zen. Zentsura luzearen ostean, etorri zen musika uholde bat eta sikatearen ostean egarria izugarria zen. Diskoek garrantzi handia zuten, konpartitzen genuen zerbait zen. Garai hartan zabaldu ziren pub eta rock tabernak; adibidez Gasteizen Zapa gazteriaren ghetto erraldoia bihurtu zen. Han elkartzen ginen, antolatu, entretenitu… Orduan gazteria politikariengandik zeharo ahaztuta zegoen, eta horri esker sortu ziren hainbat eta hainbat gauza.

Guk ez genuen botiloia egiten eta ezin genuen musika beste leku batera eraman, baina bagenuen topagune erraldoia, gure Whatsappa Zapa zen. Guk musika asko baloratzen genuen, eta aurrekoak ez bezala musika hark pentsatzen genuena ezin hobeto islatzen zuen.

AURORA BELTRAN

 

«Sari handiena 14 urterekin hasi eta gaur arte irabazitako jendearen errespetua da»

Zerk bultzatu zintuen agertoki batera igotzera?

Inertziak. Txikitan ez nuen abeslari izateko asmorik, baina umea nintzela gaixotasun luze bat izan nuen, Perthesen gaitza, eta ondorioz urte eta erdi gurpil aulkian pasatu nuen. Aitak gitarra oparitu zidan eta nire bizitzako mugarria izan zen: nire kabuz gitarra jotzen ikasi nuen –autodidakta naiz– entretenitzeko. Horri esker, jarleku batera lotutako ume bat izatetik pertsona sortzaile bat izatera pasatu nintzen eta konposatzen hasi.

Eta zerk bultzatzen zaitu gaur egun jarraitzera?

Ilusioak, gauzak esaten jarraitzeko gogoak eta gaitasunak eta, agian, pixka bat inertziak ere bai. Ni hasi nintzenetik –oso gazte– musikaz kakotx artean bizitzen hasi arte, denbora luzea pasatu zen. Horregatik, bitartean, beste hainbat gauza egin nituen: kontserbatorioan biolina jotzen ikasi, etxeak eta eskolak garbitzen lan egin… Musikaz bizitzen hasi orduko 30 bat urte izango nituen. Hor murgilduz zoaz, eta jarraitzera bultzatzen zaituzte ilusioak, gogoak eta batez ere sentimenduak eta bizipenak abestien bidez kanalizatzeko terapia horrek.

Zer gelditu da 80ko hamarkadatik?

Ia guztia. Gazte hasita musika eta zeu batera hazten zoazte eta horrek arrasto handia uzten du zugan, konposatzeko moduan eta gehien inporta zaizkizun gauzetan. Musika beti izan da nire salbazio taula eta hala izaten jarraitzen du. Hortaz, hemen jarraitzen dugu gauzak kontatzeko gaitasun eta gogoarekin. Eta egunen batean horiek agortzen badira, berehala ohartuko naiz.

Saihetsezina da galdetzea hastapenak emakume izanda gogorragoak izan ote ziren, eta hori emakumeentzat hobera aldatu den edo ez…

Bai, oraindik emakumeok zail daukagu, baina ez bakarrik musikaren alorrean. Normalizatu balitz, ez zenidakeen galdetuko. Lehenik eta behin, emakumea izatea asko fribolizatzen da: emakumeak ezin dira garabi gidariak izan, meatzariak? Bai, noski! Niri hauxe esan izan didate: ‘Mutil batek bezala jotzen duzu!’. Eta erantzuteko zalantzan gelditu naiz piropo bat bota nahi zidalako… Esan ahal nioke: ‘Emakume baten parera garbitzen duzu!’.

Borrokan jarraitzen dugu, eta izaera azaleratzen dugunetan jendea asaldatu egiten da; gizon batek ateratzen badu, baina, ez da horrela. Lanbide honetan behin baino gehiagotan atera behar izan dut managerrekin, beste musikari batzuekin zein diskoetxetako arduradunekin. Eta gaur egungo neskei ere hala gertatzen zaie. Adibidez, lagun dudan La Furia oso tematuta dago feminismoarekin, oraindik premia handia dagoelako.

Nire hastapenak oso gogorrak ziren. Gure gaitasunak minusbaloratzen dituzte. Baina lan handiarekin eta pazientzia askorekin errespetua irabazten duzu eta hori da niretzat sari handiena, jendearen errespetua. 14 urterekin hasi nintzenetik gaur egunera arte, 57 urterekin, lan handia egin dudala uste dut.