Xabier Izaga Gonzalez

Ona, norentzat?

Ona da. Hala diote Gasteizko Parlamentuko talde gehienek eta hala entzun diogu agintariren bati. Unibertsitate bat nola izango da, ba, txarra? Ona omen da hiriarentzat. Ingurumenarentzat, kaleko bankuentzat, edergarri gisa...? Edo esan nahi dute hiriko bizilagunentzat? Hirikoentzat, herrialdekoentzat eta EAEkoentzat? Ordainduko dutenentzat, alegia. Hirikoek gehixeago, Aldundiak eta Udalak –arabarrek eta gasteiztarrek, alegia– 480na mila euro jarriko baitituzte.

Asteon onartu du Parlamentuak Baskonia-Alaves taldeak sustatutako unibertsitate pribatua sortzeko lege proiektua osoko bilkurara iristea; hau da, bideratzen jarraitzea.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU haren aurka agertu ziren. «Hezkuntzaren esparrua, oinarrizko eskubide den aldetik, ezin da enpresen onuraren eta irabazi asmoaren esparrua izan, eta betiere helburu horiek dituzten proiektuak ezin dira inola ere funts publikoen bidez finantzatu». EHUko sindikatuak, Ikasleen Kontseilua eta gazte erakundeak ere Euneiz European University Gasteiz diru publikoarekin finantzatzearen aurka agertu ziren (eta ni ere bai).

Lanpostuak sortuko omen ditu. Jakina, enpresa pribatuen helburua lanpostuak sortzea da, nonbait, behar ez badituzte ere. Nik uste nuen kosturik txikienean irabazirik handiena lortzea zela. Amaitu berri dago Tubacexeko langileen borroka, lanpostuei eusteko, enpresak herritarrei oparitutako lanpostuak, antza.

Galdetu dezatela lanposturik behar den ospitaleetan. Hezkuntzaz ari gara, ordea. Galdetu dezatela lanposturik behar den unibertsitate publikoan. Irakaskuntza eta ikerkuntzarako finantziaziorik behar den. •