Hildakoen Eguna eta monarka tximeleta: Ongi etorri, Txusa maitea!
Hauxe da aspaldian entzun dudan istorio politenetakoa. Mexikon oso berezia izaten da Hildakoen Eguna eta beraientzat oso egun garrantzitsua. Tximeletak egun horretan oso urrutitik iristen dira. Misterio handi bat da tximeleta horiek guztiak nola iristen diren Mexikora hain urrutitik negua pasatzera; tximeleta batek nolatan egin ditzakeen 3.000 kilometro inoiz egon ez den herrialde batera iristeko.
Eta kausalitatez, Hildakoen Egunean iristen dira Mexikora. Egun horretan mexikarrek beren familietan hildakoen eta maite dituzten pertsonen panteoietan lore mordoa jartzen dute arimak erakartzeko. Eta tximeletak agertzen direnean, hildakoen arimak direla uste dute, milioika eta milioika tximeleta…
Istorio hau eta beste asko orain ospitaleko ohe alboan eta lehenago bidaietan entzun dizkiot; bere etxean, kontsultan, ikastaroetan... berarekin konpartitu dudan denbora guztian entzun ditut. Maite dut istorioak entzutea, hemengoak nahiz hangoak, jakinduriaz betetako istorioek liluratzen naute… Orduak eta orduak emango nituzke bera entzuten.
Hainbeste paziente, hainbeste lagun tratatu dituen sendagile eskuzabal zein jakintsua. Zenbat jakinduria, zenbat bidaia… 78 egun ZIUn igaro ondoren, bera berriz entzutea gozagarri handia da niretzat.
Zein polita den ikustea berarekin ospitalean egoteko zenbat lagunek deitzen duten; bere ikastaroetan parte hartutako ikasleak, bizitza osoko pazienteak, denak prest bera zaintzeko.
Sendagilea baino lehenago pertsona izan delako, eta berak pertsona horiengatik zekien dena eman duelako beraien osasun bidean laguntzearren, bere profesioagatik dena eman duen pertsona handia delako.
Zein polita den pertsona bat ikustea maitasun hori guztia jasotzen. Izan ere, pertsona gutxi egongo dira denbora luzez egunero hainbeste pertsona bere alde errezatzen jarri dituztenak! Bakoitzak dakien moduan, kandelak piztuz, meditatzen, besteak jertseak egiten….
Zein ederra den, jendartea hain hotza eta banakotasunean oinarritua den garai honetan, pertsonen arteko harreman hauek ikustea, maitasuna sentitzea. Ospitaleko gelan sartzen ikustea borondate onenarekin bata-pontxo handi bat oparituz berak egina, bestea loreekin…
Eta orain zoratzen joan naiz bere albora, ospitaleko gela handira, kontuak esan eta barre egitera. Batzuetan bere amorrazioak entzun ditut eta, besteetan, berak nireak, betiko moduan elkarrekin. Nik 78 egun horietan egunero piztu dut kandela, Mexikoko tximeletak arimak bailiran, nire kandelek Txusaren bizitzeko indarraren sua piztu zezaten. •