Joxean Agirre

Modernaren gaindosia

Txertoek pertsonalizatuagoak behar lukete. Medikuntza domestikoan ere nik kopuru homeopatikoak erabiltzen ditut. Buruko minaren kontra, esate baterako, Termalgin laurdenak, osoak kolokatu egiten nauelako. Pfizerren bi txertoak hala moduz eraman nituen. Moderna txoroagoa zela entzuna nuen eta, joan den astean hirugarrena marka horretakoa jarri zidatelarik, gau osoa igaro nuen begirik itxi gabe eta, okerragoa dena, literaturari buruzko amesgaiztoekin.

Egia da Durangoko nobedadeak irakurtzen harrapatu ninduela. Gaueko hamabietarako erabakita nuen Eider Rodriguezena nik aspaldian irakurri dudan kontakizunik indartsuena zela, gogorra baina aldi berean ederra eta samurra eta, literatura mota hori Frantzian hain errotua dagoenez, alderaketak egiten ibili nintzen. Ordu batak alderako Kirmenekin nenbilen eta bere lana ederra zela erabakita ere, Rosika Schwimmerren biografia pixka bat urruna egiten zitzaidalako edo, sukarraren igoaldi horietako batean pentsatzera iritsi nintzen ez ote zuen emakume hori aukeratu idazleak AEBetan duen balizko publikoari begira eta amorrua eman zidan edo inbidia, besteok goizeko ordu biak aldera seigarren garagardoa eskuetan dutela gerturatu eta «hire azkena irakurri diat eta gustatu zaidak» esaten diguten mutilzaharrentzat idazten baitugu.

Edorta Jimenezen “Nikole” ere hasita nuen eta amesgaiztoak izan nituen Sabino Aranarekin basurdetan nenbilela Sukarrietako artadietan eta su-iskiluak huts egiten zidala piztia horietako baten aurrean. Eskerrak Jon Maiaren liburua ere eskura nuen eta Gariren ahotsa imitatuz “Zaharra zara Bilbo” kantatu ondoren (zer gauzak egiten diren ametsetan), burukoari muxutxuek emanez hartu ninduen loak.

Dena pasatu da, baina badakit Modernaren gaindosi bat eman zidatela eta hurrengoan, hemendik sei hilabetera, laugarren txertoa jartzeko deitzen didatenean, dosi pediatrikoa nahi dudala esango diot erizainari, nik buruko minaren kontra ere Termalgin laurdenak hartzen ditudalako. •