Miren Azkarate Badiola

Auto

Modako hitz bat dugu beti ahoan, bat-batean egunean hamaika aldiz eta alde guztietatik entzuten duguna. Garaian garaian beti izan dugu bat: ETA, pandemia… Ziur zuei askoz gehiago datozkizuela burura. Bada, orain, hitza baino aurrizki bat dugu azken egunotan hortxe traka eta traka eta traka: «auto-». Autotestak, autokonfinamenduak, auto-rastreoa, auto-bajalaborala, autokarabana (aizue, umore pixka bat! Eta gainera, nire inguruan modako hitza da hau ere bai)… PNV-EAJk esaten zigunean «autogobernu gehiago eskatuko dugu eta lortuko dugu», hau ote zen? Edo hau da alderdi egunean oihukatzen duten «In-de-pen-den-tzia!»? Oso auto eta oso independente izateko errepikatzen ari zaizkigu eta… Gehiegi agian!

Hau guztia hain larria izango ez balitz barre egingo nuke, baina honezkero PNV-EAJk barregura gutxi eragiten dit. Beraien azkenak barregurea sortu ez, baizik eta amorru handia eragin dit: Rosa Zarra auto-hil omen zen! Ez zuen bost metrotara bota zioten gomazko balak hil. Berdin-berdin hilko omen zen. Txalo bero bat Ertzaintza eta PNV-EAJ! Noski hilko zela noizbait, denok bezala, zuek bezala. Baina hau ez zen heriotza natural bat izan, badakigu guk eta badakizue zuek.

Nola ez, historia honetan EITB ere azaldu behar zen. Zein azkar errektifikatzen duen segun zer eta segun nork eskatzen diona! Batzuek, eskatuta ere ez dugu inoiz lortu errektifikazio bat esan dituzten izugarrikeria batzuengatik; dela Galindo goraipatu zutenekoa edo dela beraien kazetari bat notiziarekin zerikusirik ez zuen Guardia Zibilaren txaleko batekin azaldu zeneko hura. Auto-errektifikatu zaitezte!

Ez dut inoiz ulertu nola bozkatu daitekeen PNV-EAJ, baina gero eta zailagoa egiten zait ulertzea, benetan. Norbaitek azalduko balit, asko eskertuko nuke. Ea 2022an lortzen dudan. Bitartean, auto-joanzaitezteurrutiramesedezya! •