Iker Barandiaran

Kritikotasuna ez da bando batean lerrokatzea

A zer garai nahaspilatsu eta kakaztuak bizi ditugun. Gure bizitzak txarrera aldatu dituen pandemia hasi zenean eztabaidak izan nituen gaixotasuna asmakizun bat zela zioten hainbatekin, batez ere ordura arte ezer ezbaian jarri ez eta bat-batean jende ‘kritikoena’ bilakatu den horrekin. Informazio iturri alternatiboenak jarraitzen dituzten ustearekin erdibideko argudiorik entzun nahi gabe eurena bakarrik defendatzeko prest agertzen direnekin. Horregatik eta horien argudioak ultraeskuinekoekin erabat bat zetozelako, aitortzen dut ez nintzela inola ere ukatzaileekin lerrokatu, horren jatorriari usain susmagarria hartzen niolako.

Hartu genuen txertoa gutako askok, baina jarraitzen du pandemia honek –horren eragina hedabideek biderkatuta– eguneroko bizitzan ehunka oztopo, beldur eta giza jarrera txarrenak anplifikatuz. Eta nazkatuta nago. Badira txertatu ez direnak satanizatu eta guztiaren errua haiei leporatzen dieten asko. Horra hor, esaterako, “Gara”-n duela gutxi Victor Morenok idatzitako “Covid-19 y Black Friday” zutabea. Lotsagarria iruditu zitzaidan halako egunkari batek eskainitako aparteko lekutik txertatu ez direnen kontra halako irainak eta mezuak jaurtitzea. Izan zaitezke txertoaren aldekoa, baina uste dut dagoeneko argi eta garbi gelditu dela errua eta fokua ez dagoela txertatu ez diren horiengan. Izan ere, txertatu direnek ere har eta kutsatu dezakete birusa.

Historian gizartera bestelako txerto batzuek ekarri dituzten onuren gainean gutxi dago eztabaidatzeko; beste kontu bat da covid-19aren ingurukoa ganoraz probatzeko astirik izan ote den; eta beste bat ezin dela inor derrigortu txertoak hartzera. Eta are gutxiago txertatu ez denari eskubideak –guztiontzat berdinak direnak– ukatzea. Hiru horiek gainditu ezinezko lerro gorriak dira, nire ustetan.

Ez dut inola ere covid pasaportearen alde egingo; ez du inola ere bermatzen birusaren zabaltzea ekiditea; eta esan bezala, eskubide urraketa beldurgarria iruditzen zait, orain arteko muga guztiak gainditu eta bestelako neurrietarako bidea zabaltzen duena. Gainera, agiri hori eskatzea agintzen zaionari (eragilea, tabernaria, zerbitzu emailea…) ez dagokion papera betetzea ezartzen zaio, poliziarena, eta lortzen den bakarra da gizartea haserretu, banatu eta apurtzea.

Eta badirudi horixe dela, hain zuzen, kanpaina zabal honen helburua: gure artean haserretu eta banatzea. Gobernuek, gizartearen onurarako benetako konponbideak bilatu beharrean, osasun publikoari baliabideak kentzen dihardute, eta itsu-itsuan txertoak barra-barra jartzea dute helburu bakarra.

Bitartean, txertoaren kontrakoak, covid-ziurtagiria onartzen ez dutenak eta gaixotasuna existitzen ez dela diotenak ultraeskuineko mamuak nahastuta orain arte ezezagunak ziren plataforma ilunen izenpean manifestatzen dira; euren burua biktimatzat eta “egia” dakiten bakartzat izendatuta, gainontzeko guztiokin haserre.

Eta non gaude beste guztiok, txertoaren derrigortasunaren kontra gaudenak, ziurtagiri hori eskubide urraketa itzela iruditzen zaigunak, bateko zein besteko muturrekoek baino ñabardura gehiago ikusten ditugunak, lehen eta orain gauza askorekin kritikoak garenak (horregatik ez gara baten zein bestearen iturriez fio); eta deitu iezaiozu farmazeutika, polizia edo kapitalaren interesekin zein bat-batean alternatibo mozorroa janzten duen ultraeskuin ultraliberalarekin identifikatuta sentitzen ez garenok? •