SUMENDIAK UR AZPIRA ITZULI DUEN IRLA
Argazkian ageri den Hunga Tonga-Hunga Haapai irla desagertu egin da, irudian ikus daitekeen sumendiaren erupzioaren eta ondorengo tsunamiaren ondorioz. 2005ean beste erupzio batek sortu zuen irla eta orain itsasoak bere magalean hartu du berriro ere. Tongako artxipelagoa osatzen duten 169 irletako bat zen eta ez da ezbehar naturala pairatu duen bakarra. Mangoko eta Fonoifua irletako 150 biztanleak beste irletara eraman dituzte haietan ez dagoelako bizitzerik eta Atatakoak ere kalte handiak jasan ditu. 105.000 biztanle dituen erreinu polinesiarrak «aurrekaririk gabeko hondamendiaren» aurrean daudela ziurtatu du. Momentuz hiru hildako zenbatu dituzte baina gehiago izan daitezkeen beldur dira. Izan ere, komunikazioak etenda daude eta horrela jarraituko dute datozen lau asteetan, itsaspeko kablea hautsi egin delako. Zeelanda Berriko eta Australiako hegazkinek atera dituzten argazkietan ez dago irla hauetan nabaria zen kolore berdearen izpirik. Dena grisa da eta ilargi paisaia dirudi, baita ere Nuku'alofa hiriburua hartzen duen Tongatapu irlan, sumenditik 45 kilometrora. Arazo gorriena orain edateko ur falta da, guztiz kutsatuta dagoelako.