«Aita-amabitxien» bilketa garaian zurztasuna agerian
Lerro hauek irakurgai direnean Emmanuel Macronek bere hautagaitza iragartzeko urratsa egina izatea litekeena da. Edo agian ez. Finean, desmartxa tekniko soila bilakatu duelako Eliseoko maizterrak garaian balio erantsia zuen iragarpena. Martxan dagoen trenean nahi duenean igotzeko ahalmena du agintariak, nahiz eta itxura aldetik zalantzak sortu bere jokabide horrekin. Formetatik haratago ere bada koska. Are gehiago Konstituzio Kontseilua hautagaien aldeko sostengua jasotzen hasi denean. «Aita-amabitxiek» eskuz idatzitako sostengu gutunak bidaltzeari ekin diote eta, gardentasunaren izenean, hautagai bakoitzak lorturiko «aitaponteko» horien izenak jakitera emanen ditu astean bitan goi erakundeak. Aste honetan bertan argitaratu dira lehen datuak. Otsailaren 1ean, lehenengo 313 sinadurak plazaratu zituen bere webgunean goi erakundeak.
Banan-banan, alkatetzaren mailatik gorako kargudunek zein hautagai babestu duten zehaztu du Kontseiluak. Behin-behineko kontuak ateratzeko orduan, nor izan da babes kopuru gehien jaso duen hautagaia? Apirileko hauteskunde lehiari begira bere hautagaitza era ofizialean aurkeztu ez duen Emmanuel Macron. Boterearen epeltasunetik jokatzeak ematen duen enegarren abantaila. Hautagai bilakatzeko behar diren 500 «aita-amabitxiren» sostengua lortzea ez da, bistan da, Ukrainako krisia tarteko estatu agintari gisara jarduteaz gain europar buruzagi bezala bere irudia sendotzeari ekin dion Macronen lehentasuna. Are gutxiago kezka.
Bataiatze zeremoniaz ez arduratzeak badu bere logika. Izan ere, hauteskunde prozesuan buru-belarri sartu diren beste lehiakideei begira leialtasun kodeak errespetatzeak ala ez diferentzia markatu dezake. «Aita-amabitxien» gaineko zenbaketa abian delarik oso bestelako buruhausteak badituzte, ordea, hainbat hautagaik. Eskuin muturrean ziria sartzea bazen Eric Zemmour hauspotu duten sektoreek finkaturiko helburuetako nabarmenetako bat, Marine Lepenen posizioa ahultzeko kanpaina tontorrera heltzekotan da.
Familia auzia bilakatu da erasoa areagotzeko arma. Alta, alternatiba ez izateak aurreneko lehietan RNko buruzagiaren eremua hesitzen laguntzen zuen. Hala ere, kanpaina honetan bada elementu berri bat. Oraingoan ultraeskuinaren markatik aldendutako kide ohien jarrera itsustearekin batera –hori ere klasiko bat da– bere kontrol eremutik kanpo datorren ofentsiba indargabetu beharko du Lepenek. Vincent Bollore aberatsak kontrolpean dituen hedabideek Zemmourren alde eginiko hautuak noraino desorekatu dezakeen balantza guztiz neurtu gabe ekin beharko dio kanpainari.
Ultraeskuin popularra versus eliteko ultraeskuina, hori izanen da eztabaidaren ardatzetako bat.
Beste eremu batera joz, primario popularrek zilegitasunez jantzi dute Christiane Taubira azken orduko hautagaia. Ministro sozialista ohiak jasotako 390.000 «like»-ek balio sinbolikoa baizik ez badute ere, “L’Express”-ek oroitarazi duenez, barne prozesuetan bertze hiru hautagai nagusiek 272.000 (Melenchonek), 122.000 (Jadotek) eta 22.000 (Hidalgok) aldeko boz jaso zituzten. Etxeko ika-mikak alde batera utzita, zazpi hautagairen bidez ordezkatua den familiak badu zer hausnartu. Batasunerako bandera nork hartu baino gehiago, zurztasun sentimendua nola ezabatu da jokoan. •