Iker Barandiaran

Aske irakurri

Ondo zaintzen naute nire herriko liburutegikoek eta inoiz abisatzen naute nire gustukoa izan daitekeen liburu bat eskuratu ahala. Halakoetan liburu horiek izan ohi duten mailegu zerrendatxoa estreinatzen dut. Horrek seme nagusia –tamalez oraindik irakurtzeko oso alferra dena–, ez dakit ziur zer arrazoirengatik, erabat intrigatzen du. «Zu zara liburu hori irakurtzen ari zaren lehena?», galdetzen dit sinistu ezinda. Eta badaezpada lilura hori bere barnean itzal ez dadin ez diot egia osoa erantzuten. Gainera, berari oraindik aitortu ez badiot ere, neuk ere iraganean liburutegiko irakurgaietan itsatsita egoten diren mailegu zerrendatxoei erreparatzen nien: behatzen nuen noiztik egon zen liburua maileguan inork hartu gabe, gehien irakurria ziren boladak zeintzuk ziren, eta ahalegina egiten nuen irudikatzeko nork irakurriko zuen aurretik eta nolako gogoz bukatu edo bere horretan utziko zuen. Orrialde horietan gordetako misterio txikiak.

Aspalditxo hirietan metroan edo trenean ibili ez banaiz ere, presente daukat Madrilen, esate baterako, nor edo nor ikusi izana estalki batekin babestutako liburua irakurtzen. Halakoetan, antza denez ez dute nahi albokoek –gehienetan ezezagunak izaten dira, gainera– zer irakurtzen ari diren jakitea. Horren arrazoia zein ote den? Auskalo! Dena dela, ziur nago gaur egun autoan bakarrik doazela maskara jantzita eramaten duten horiek baino arrazoi pisuzkoagoak izango dituztela idatzita…

Aber, ez dago zalantzarik irakurtzea gauza intimoa dela gehienetan. Norberak bakarrik egiten du, eta zentzu handi batean besteekiko eta ingurukoarekiko isolatzen da. Horren harira, orain gutxi irakurri nuen nonbait urte batean irakurriko dituzun liburuek eta alboan izango duzun jendeak baldintzatuko dituztela zure hurrengo bost urteak!! Ezin ukatu liburuak lagun zein bidelagun garrantzitsuak izan daitezkeela, baina nire kasuan gozamen, entretenimendu eta nolabaiteko ezagutza ematen didatelako izaten ditut alboan, ez behintzat –jakitun naizela– nire bizitza aldatu nahian.

Eta liburuak esku artean ibiltzen ditugunon artean, badira horrekiko joera oso desberdinak: adibidez, liburua erosi, irakurri eta gordetzen dugunak; liburuak gordetzeko ez direla argudiatu eta erosi ez edo erosi eta gero oparitzen dituztenak; liburutegiak inoiz zapaldu ez eta erosten dituztenak; erosi gabe liburutegietan hornitzen direnak… Hitzak munduan bezainbeste jarrera daude.

Bizi irakaspen horrekin lotuta agian –zeinek daki?–, anonimotasun edo nahitaezko intimitate jarrera horrek badu gaur egun ere erraztutako jarraipena. Hain zuzen ere, badira erabiltzaile asko liburutegiko mostradoretik pasatu eta aukeratutako irakurgaia bistan jarri beharrean, makina automatikoetan tramite hori egitea nahiago dutenak.

Auskalo, bada, zuretzat hain garrantzitsua bilakatu den irakurgai hori, zure bizitza baldintzatu edo hobetu duena zuretzat bakarrik gordetzekoa den, edo merezi duen beste batzuen artean ere zabaltzea. Nire uste apalean garrantzitsuena da, irakurtzen lehena zein enegarrena izan, aukeratzeko bideak izatea, egiten duzunarekin are eta gehiago disfrutatzea eta ikastea, eta gogoz bazaude behintzat liluratu zaituen hori estimatuko dutenekin partekatzea ahal bada.

Zoaz liburutegira! Ziur intereseko zerbait aurkituko duzula, zure baitan gordetzeaz gain, mailegu zerrendatxoan datozenen jakin-minerako oharkabean geldituko dena. Hurrengoa… Nor? •