Antton Izagirre

Kontrolak

Hitzaren adiera ez da berbera guztiontzat. Garai, adin, genero, herri, formazio edo klase sozialaren baitan, gutako bakoitzak modu indibidualean edo talde modura izan dezakegun pertzepzioa asko aldatzen da, batzuetatik besteetara.

Adin bat dugunoi, joandako garaietan bizitako esperientziek utzi diguten arrastoak marrazten digu kontrolaren iruditegia. Polizia fisiko uniformatuekin loturik dugu askok. Kontrolaren errealitatea errepide bazterretan, mugetan, kalean, mendian edo etxeetan egiten zuten jazarpen eta errepresioari oso lotua izango dugu. Ez zegoen zalantzarik, agerikoa zen. Denborarekin ohartuko ginen, hain bistakoa zen horrez gain, zelatatzeko zituzten tresneriak, telefono, etxe, taberna, biltoki, lantegi eta kaleetan ezarriak zituztela, haien presentzia nabarmendu gabe.

Begi eta belarri salatari robotizatuen bidezko urruneko zaintza hark espazio kolektiboetatik espazio pertsonaletara salto egin zuen gure sakelako telefonoaren bidetik. Begi zelatariari ihes egiteko telefonorik gabeko guneak zainduz ohitu behar izan genuen bilera eta elkarretaratzeak egitera.

Espazio publiko eta pribatuak kolonizatzen joan zaizkigun ebidentzia ez da oraingoa, begi handi zelatariaren metaforak ia esparru guztietarako balio digu; polizia kontrola bai, baina bizi garen gizarte kapitalista honetan, baita kontrol sozial, ideologiko eta psikologikoa egiteko ere. Hamarnaka dira egunero postaz eta telefonoz iristen zaizkigun mezu, dei eta eskaintzak, aurretiko inongo eskaerarik gabe. Horretan, gu geu iritsi gara ateak parez pare zabaltzera polizia berri horiei. Askotan, ohartu ere egin gabe, “klik” inozo baten bidez sarbidea baimenduz.

Asko hitz egiten ari da egun hauetan inposatu diguten covid pasearen bidezko kontrol sozialaz. Horren egia zalantzan jarri gabe, nortasun agiri espainiarraren bidez, osasun txartelaren bidez edo kutxako txartelaren bidez egiten zaigun kontrola ere ez dugu alde batera utziko.

Hala ere, oraindik kezkagarriagoa deritzot epe motzera datorkiguna. Sare sozialen bidez, harreman esparruak saretzen, handitzen eta errazten ari garen ustean, gure pribatutasuna eta nortasuna lapurtzen ari zaigun Google bezalako zelatari erraldoiaren esku eta buruetan jartzen ari gara konfiantza osoa eta behar adineko ikuspegi kritikorik gabe egiten ari garela uste dut.

Orotariko erabilera hori, autokontrolik ez bada, belaunaldi berrien askatasunarentzat esparru arriskutsua izatera irits liteke. •