Itzea Urkizu Arsuaga

«Isabelita»

Kiroldegiak eman dizkit azken bi urteotan parrandatik gertuen izan ditudan momentuak, zergatik ukatu. Astean bitan, ziklineko klaseak baimentzen dit malenkoniaz errepasatzea lehen taberna zuloan entzun eta dantzatzen genituenak, eta, nork esango zidan: kristalezko gela itxi batean dagoen eta mugitzen ez den bizikleta bati maskara-jantzita-izerdi-patsetan eragitea izan daiteke dopamina eta serotonina askatzaile.

Baina tira, horraino indoor kirolen erromantizismoa.

Oinei eta hauspoari eragiteko nire ahalegin horren erdian, zirrikitu bat irekitzen baitzait askotan, irakaslea bizikletaren intentsitatea aldatzeko argibideak ematen ari den bitartean. Ia ezinbestean, kantuen letrei erreparatzen die nire burmuinak, eta orduan jaisten zait kirolari euforikoaren aparra, autoepaile zorrotzarena igotzen hasten den abiadura berean: nola liteke posizio politikotik gaitzesten ditudan kantu berberak izatea oroitzapen kuttun askotara bidaiatzeko giltza? Ba ez zaizkio mila buelta eman behar: behinola, gozamen eta desinhibizio uneren batean, aterik jo gabe sartu ziren gure burmuinetako doinutegian, eta hor geratuko dira betiko.

Pandemia inbaditzaile hau iritsi aurretik, urte garai honen bueltan sortzen nuen neure buruarentzako serotonina dosirik handiena. Erraza da hiruko erregela: honezkero bi urte dira inauteriei eta haien inguruko unibertso osoari malenkoniaren talaiatik begiratzen diegula. Bizi dugun egoeran, fribolitatetzat ere har liteke itxuraldatzea, satira eta kaosa ardatz dituen hitzordu batengatik penatuta egotea, baina, zer esango dizuet ba: maite ditut, behar ditut gure herriko inauteriak.

Zorionez, haiek ere aterik jo gabe sartzen dira gure bizitzetan; askori amaren sabeletik bertatik, bibrazio uhinetatik odolera, zuzenean. Inauteriak sentitzeko zentzumenak sortzez finduta izango bagenitu bezala da. Galdera da, zein molderen neurrira ikasi dugun gure herriko inauteriak sentitzen.

Tolosan kalejirek eta habanerek hartzen dute inauterietako errepertorioaren zatirik handiena, baina bada bals zoragarri eta kuttun bat: “Isabelita”. Gure gurasoen belaunaldiko jende askok oraindik ere gazteleraz abesten duena, letra gorrotagarriz. Txikitan ospatzekoa iruditzen zitzaidan inauteri doinuak euskaraz kantatu ahal izate hutsa, eta pozik ikasi nituen buruz. Nire festak, nire hizkuntza, nire desinhibizioa; nire nortasuna. Baina, inauteriak askatasunaren alegoria baldin badira, Uxolak “Isabelita”-ri idatzitako hitz hauetan alde batek baino ez du nahi duena esateko eta definitzeko eta mugatzeko askatasuna: «Ai! Tolosako neskatilak, txit alai gaude gaur mutillak, arpegiz eder, soiñez fiñak, zeratelako atsegiñak».

Ai, horixe diot nik. Noizbait hasi beharko dugula gure hunkidurei modu intrintsekoan lotzen dizkiegun kontuak hemendik eta orainetik eta gugandik berreraikitzen. “Isabelita” berriak sortzen eta kantatzen. Gero etorriko diren horiei guztiei ere aterik jo gabe sartuko baitizkiegu inauteriak, zainetaraino. Gozatu bals hau. •