Pello Zabala eta Joxe Landa
Poesiaren, kontenplazioaren eta zientziaren arteko mugan dabilen zaletasuna da eguraldi iragarle amateurrena. Pello Zabala joan da, Joxe Landa gelditzen da. Lehena orain urte asko Euskalmetek baztertu zuen Euskadi Irratitik. Bigarrenak 40 urte daramatza egunkari honen azken orrialdeetako eguraldi iragarpenak egiten eta jubilatu zenetik (91 urte ditu) zortzi irratitan ematen du bere ahotsez eguraldiaren berri goizero, guztietan musu truk eta oporrik gabe.
Bazituzten diferentziak. Batak, fraidea zelako edo, tenporetan sinesmen handia zuen. Joxek, ateo porrokatua izanik, Elizaren mamua ikusten du sineskeria horietan. Baina azaleko diferentziak gorabehera, biak dira obsesio izugarri baten fruitu: zeruari begira eman dituzte egunero orduak eta orduak. Badakit, noski, orain meteorologia profesionalagoa egiten dela. Euskalmet, Aemet edo France-Météon unibertsitatetik igarotako jendea dabil, baina hauek zortzi orduko lanegunak egiten dituzte eta ordu horiek osorik ordenagailuari begira. Pello goizeko bostetan jaiki ohi zen udan lagun egina zuen zozoarekin hizketaldi bat egin eta bidenabar zeruari begira lehen irudipenak jasotzeko. Nik Joxe umetatik ezagutu dut eta esan dezaket eguna ematen zuela egiteko horretan, sumatzen zuen laino bakoitzari, haize bakoitzari taxua hartzen, kalkulatzen. Nekazari mugimenduan, kooperatibismoan ibiliko zen, enpresa bat sortu eta kudeatuko zuen, baina bere benetako zaletasunak bi izan zirela esango nuke (izango dira oraindik ere) zeruaren edo eguratsaren kontenplazioa eta politika; biak ikuskizun eta bizipen moduan.
Egia da eguraldi iragarleak milaka izan direla gurean. Haiek intuizioan oinarritzen ziren. Bi hauek, ordea, nolabait esateko, zientzian. Umea nintzela, Marxen “Kapitala” eta Mariano Medinak 1964an atera zuen “Iniciación a la meteorologia” izaten zituen Joxek gau-mahaiaren gainean. Medinaren aurretik ere kalkulu sasizientifiko batzuk eginak zituen eguraldi aldaketak esplikatzeko eta Internet sortu orduko jakin zuten tresna beren lanerako erabiltzen. Orain bi mende Erresuma Batuko apaiz eta torien artean jaio zen saga edo kate baten azken begiak dira. Aurrerantzean iragarpena matematikarien kontua izango da. •