GAUR8
WHATSAPP ETA LEGEAK

Argazkiak partekatzea edo taldeak baimenik gabe sortzea arau hausteak dira

Datuak Babesteko Legea Whatsappeko mezuei ere aplikatzen zaie eta arau hausteak salatu egin daitezke. Lege hauste horiek erabat ohikoak dira eta maiz jakitun izan gabe egiten dira. Legezkoak ez diren portaerak dira argazkiak partekatzea, elkarrizketen pantaila-irudiak birbidaltzea edo Whatsappeko talde batean baimenik gabe norbait sartzea.

Whatsappek erabiltzaile kopuru izugarria dauka eta bidalitako mezuen trafikoa erraldoia da. Kontua da komunikazio jarduera izugarri hori ez dela beti legearen barruan sartzen, erabiltzaileek beti ez baitituzte betetzen datuak babesteari edo jabetza intelektualari buruzko legeak.

Adibidez, Whatsappeko talde batean inor baimenik gabe sartzea, argazki konprometigarriak partekatzea edo elkarrizketa pribatuen pantaila-irudiak bidaltzea dira gehienok egiten ditugun arau-hauste edo delitu batzuk, benetan egiten ari garenaz eta ondorio penalez jabetu gabe.

Datuak babesteko araudiak testuinguru pertsonalari edo etxekoari eragiten ez badio ere, aplikatu egiten da datuak modu irekian edo hartzaile kopuru handi batentzat Internet bidez zabaltzen direnean.

Eremu honetako araudia, identifikazio datuei ez ezik –hala nola izen-abizenak, NAN edo telefono zenbakia–, identifikatzeko erabil litezkeen datuei ere aplikatzen zaie, hau da, neurriz kanpoko ahaleginik gabe elkarrizketaren atzean nor dagoen jakitea ahalbidetzen dutenei. Elkarrizketa motaren arabera, eragindako pertsonek kalte-ordaina erreklamatu dezakete, datu babesaren aurkako arau-hausteaz gain, ohorerako edo intimitaterako eskubidea urratzeagatik. Kasurik larrienetan, hirugarrenen elkarrizketa pribatu bat hedatuz gero, sekretuak ezagutarazteko delitua gerta liteke.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak isun ekonomikoak ezarri dizkie norbanakoei hainbat egoeratan, beste batzuen ikus-entzunezko edukia zabaltzeagatik haien baimenik gabe. Adibidez, poliziaren jarduera bat grabatzeagatik eta daturik ezkutatu gabe zabaltzeagatik edo, kasu larriagoetan, Whatsapp bidez hirugarren pertsona baten argazki intimoak partekatzeagatik. Kasu horietan kaltetuak kalte-ordaina erreklamatu ahal izango luke, ohorerako, intimitaterako edo norberaren irudirako eskubidea urratzeagatik. Kasu larrienetan, hirugarrenen argazki, bideo edo audio pribatuak zabaltzen badira, sekretuak ezagutarazteko delitua egin daiteke.

Taldeak sortzea

Whatsapp taldeen sorrera ere ez dago datuak babesteko arauditik kanpo. Izan ere, talde batean pertsona bat gehitzeko, beharrezkoa da aldez aurretik baimena eskatzea. Duela gutxi, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak zigorra ezarri zion Whatsapp talde bat sortu eta bazkide ohi bat gehitu zuen kirol klub bati.

Portaera hori kopia ezkuturik gabe mezu elektroniko bat bidaltzearekin pareka daiteke. Datuak Babesteko Kataluniako Agintaritzak (APDCAT) berriki udal bat zigortu du herritarrekin Whatsapp talde bat sortzeagatik, nahiz eta aldez aurretik baimena eskatu. Izan ere, kontaktu horiek gehitzean, datu batzuk agerian geratzen dira ezinbestean –argazkia, izena, abizenak edo telefono mugikorraren zenbakia, esaterako–, eta horrek konfidentzialtasuna urratzen du.

Kasu horretan, elkar ezagutzen ez duten kideak dituen talde korporatibo bat denean, banaketa zerrenda bat aukeratu beharko litzateke, talde bat izan beharrean, zerrendak banakako mezuak bidaltzeko aukera ematen baitu hirugarren pertsonen datuak azaldu gabe.

Babesteko neurriak

Aurretik aipatutako jokaerak erabat normalizatuak daude eta askotan egilea ez da kontziente araua hausten ari denik. Adituek zenbait gomendio egiten dituzte, ahalik eta arazo gutxien izateko.

Ezagutzen ez ditugun erabiltzaileengandik iristen zaizkigun mezuak ezabatzea, hau da, agendan ez ditugun pertsona guztienak. Mezu horiek erabiltzaile maltzurrenak izan daitezke, Internet edo web ilunaren (dark web) bidez gure mugikorreko kontaktua aurkitzen dutenak eta datu pertsonalak lortzea dute xede.

Whatsapp kontua txukun eta “garbi” edukitzea. Horretarako, komeni da erabiltzen ez ditugun taldeetatik ateratzea eta kentzea.

Oso informazio erakargarria duten mezuak baztertzea, berehalako ekintza bat egitera gonbidatu eta ondorioetan pentsatzeko tarterik eskaintzen ez dutenak.

Hainbat aldiz birbidali diren mezuen bidez iristen zaizkigun albisteak berrikustea, normalean albiste faltsuak izaten baitira.

Harpidetza berririk egiten ez badugu zerbitzu batek aktibo egoteari utziko diola ohartarazten duten mezuei jaramonik ez egitea. Adibidez, Whatsappeko alertak, doakoa izateari utziko diola eta bere zerbitzuez gozatzen jarraitzeko harpidetu egin behar dela iragartzen dutenak. Enpresek ez dute Whatsapp erabiltzen horrelako informazioa bidaltzeko.