Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Eskatu gabeko aholkuak

Oraindik ez zinen nire sabelean eskatu gabeko lehendabiziko aholkua iritsi zitzaidanean: «Ez izan presarik. Obuluak izozteko aukera badela badakizu, ez?». Gehiegi konpartitu nuen nire asmoa. Jaio eta biharamunean, zera erran zidaten ohantzea aldatzen ari ziren bi langilek: «Sehaskan utz dezakezu, e». Elkarrekin lo eginen genuela kontatu nienean ederra aditu nuen: «18 urterekin ezingo duzu bidali!». Sobera partekatu nuen, berriro.

Handik hilabete gutxira, bizkarrean min nuela eta fisioterapeutarengana joan nintzen. Kontu kontari hasi eta arratsean titia ematen nizula aipatu nionean –badakit, harri berean erortzen naiz– «adarra jotzen ari zaizu» bota zidan.

Fruta erosten, aulkitxoa hotz egiten duen espazioko atean uzten ari nintzela, auzokide batek: «Ez duzu horrat sartuko, ezta? Ni geldituko naiz berekin». Ez zela beharrezkoa erantzun arren, berea egin zuen. Zuri argazki bat egiten ari nintzela, hutsik zegoen aulkitxoa eskapatu zitzaidanean, paseatzen ari zen batek: «Eskerrak umea ez zegoen».

Hazten ari zara –gara– eta tartean aditu ditugu: «Haur mimatua da, zuekin nahi duena egiten du», «bularra oraindik, e?», «beti besoetan, beti besoetan, ez daki oinez?», «gehiegi ohitzen ari zara besoetara»; kale erdian oihuka deitu ninduten behin, zer izango eta: «Nola duen aurpegia, eramango zenuen dermatologoarengana, nik frantses bat ezagutzen dut hagitz ona...»; parkean zubira igo nahi ez zintudanean, ez nuelako segurua ikusten: «Ez da deus pasatzen», insistitzen; «haurtzaindegira eraman beharko duzue datorren kurtsoan, eskolara ohitzeko»; hiru bilobarekin itota dabilela eta kexu zen amatxi batek nire amari, zu «bakarrik» ikusita: «Ez da animatzen bertze bat izatera?».

Hoberena amaierarako utzi dut: «Zurekin egiten du lo, e? Gaizki. Nerabe heavyenek gurasoekin lo egiten dute», non eta ordura arte errespetuzko zentro bat zela uste nuenean.

Bertzeen bizitzetan sartzea errotutako ohitura dugu, Unax. Horra nire eskatu gabeko aholkua: fidatu zure buruaz, bertzeek diotenari begira egon gabe. •