Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
IZAN ZIRELAKO

Artiumeko erakusketa batek «pentsatzeko leku baten» aldarrikapena berreskuratu du

«Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979» erakusketan artea eta hezkuntza harremanetan jarri zituzten 19 proiektu aztertu dituzte Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak eta Jorge Oteiza Fundazioak. Ekainaren 5era arte ikusgai dira Artium museoan.

Pentsatzeko leku bat. Horixe bilakatu da Gasteizko Artium museoa bost hilabetez. Arte praktiken eta hezkuntza eredu esperimentalen arteko harremanetan sakontzen duten proiektuak sustatzea helburu eta lehentasuntzat dutela, “Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957–1979” erakusketa antolatu du Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Jorge Oteiza Fundazio Museoaren lankidetzarekin. 1957 eta 1979 artean sortutako 19 proiektu aztertu eta ikusgai jarri dituzte A3 aretoan ekainaren 5era arte. Proiektuon ezaugarri nagusiak «hezteko asmoa eta artearen testuinguruan ikerketarako eta topaketarako espazioak sortzeko borondatea» dira.

Ikerketa Mikel Onandia, Rocio Robles Tardio eta Sergio Rubirak, erakusketaren komisarioek, egin dute, eta Xabier Salaberriak diseinatutako moduluetan egituratuta, denetariko laginak daude ikusgai: dokumentazio ugari, arkitektura, diseinua, gutunak, bideoak, liburuak, aldizkariak, kartelak eta zenbait artista handiren artelanak, hala nola Oteiza, Zumeta, Basterretxea, Ibarrola, Ruiz Balerdirenak... Patxadaz bisitatzeko moduko erakusketa, beraz.

Urtarrilaren 26tik, gainera, Artiumek bere erakusketan bildu duen Irungo Zine Klubaren “Begi trantsitibo bat” ikusgai dago.

Zergatik bi hamarkada horiek?

Berreskuratu dituzten hezkuntza proiektu horiek 60 eta 70eko hamarkadakoak dira gutxi gorabehera. Mikel Onandiak dioenez, aldi horren hasiera gerraosteko berreraikuntza nazionalaren lehen zantzuek zedarritzen dute. Jorge Oteiza, bere esperimentazio aldia utzita, artistaren egiteko sozial eta politikoaz hausnartzen hasi zen garaian. Ordurako Oteiza Basterretxearekin zentzu bereko ekinbideetan hasita zegoen, baita Luis Peña Basurtok eta Angel Cruz Jaka Legorburuk bultzatutako Academia Errante izeneko herri unibertsitatea sortzeko saiakera ere, «zapalkuntza kultural eta politikoaren horman arrakala bat» egiteko helburua zuena. Horiek eta beste hainbatek pentsatzeko eta sortzeko leku bat bilatzen zuten.

60ko hamarkadan hainbat esperientzia abiatu ziren: Arte Garaikideko Euskal Eskola; Gaur, Emen, Orain eta Danok, hurrenez hurren Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan sortu ziren artista taldeak; Debako Arte Eskola; Aiako Lantegia; Adierazpen Askeko Lantegia, eta beste hainbat lan, ekimen eta proiektu esperimental, umeen formakuntza ez ezik artistena ere sustatzeko asmoa zutenak, gizarte berri baten formakuntza, alegia, eta aldi berean beste hainbat proiekturen abiapuntu eta erreferentzia izan zirenak.

70eko hamarkadan beste asko sortu ziren, hala nola Euskal Eskolatik zetozen Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, eta beste batzuk, banaka baina ikastolekin harreman zuzenean lan egiten zutenak, hezkuntza ikasgelatik ateratzeko asmoz eta herriaren parte-hartzearen bila.

70eko hamarkadaren amaieran, trantsizio politikoa delakoaren testuinguruan, instituzio berriak sortu eta hainbat ekimen esperimental bukatu ziren. Beste etapa baten hasiera zen. Bilboko Arte Ederren Goi Mailako Eskola fakultate bihurtu zen, geroztik euskal artisten erreferente nabarmena dena. Horrek mugarritzen du etapa horren amaiera eta, horrenbestez, Artiumeko erakusketak hartzen duen aldia.

Oteiza, ardatza

Komisarioek diotenez, proiektu guztion ezaugarri da sisteman ez parte hartzea eta hezkuntza arautu edo ofizialekin bat ez egitea; «pentsatzeko lekuak, aktibatuta egonez gero, aukeraz beteriko guneak bilakatzen direla adierazi nahiz bezala».

Eta denek partekatzen dute, halaber, «Jorge Oteizak topaketarako, prestakuntzarako eta kultura hazkunderako guneak izateko egin zuen aldarrikapena». Hain zuzen ere, erakusketaren helburua «Euskal Herriko jendearen hazkunde soziopolitiko, kultural eta intelektuala ahalbidetuko duten topaguneak sortzeko deiari erantzutea» da.

Oteiza da ardatza edo, Sergio Rubiraren hitzetan, nolabaiteko «bizkarrezurra». Baina ez protagonista bakarra, ezta nagusia ere, proiektuak berak baitira protagonista nagusiak.

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak proposatu zuen Jorge Oteizaren hainbat hezkuntza proiekturen gaineko ikerketa lana. Horretan hasita, ordea, Onandia Robles eta Rubira konturatu ziren Oteiza ez zela funtsezko figura. «Zalantzarik gabe, erakusketa osoa zeharkatzen duen figura da», baina ikerketak aurrera egin ahala konturatu ziren, halaber, «hasieran oso indartsua zen bizkarrezur hura pitzatzen hasi zela gero, esperientzia horien estetikaren gaineko kontakizuna pitzatzen hasi zela», dio Rubirak. Eta beste kontakizun mota bat pentsatzen hasi ziren, beste protagonista batzuk ere bazituena, Oteizaren figura erraldoiarengandik aldenduak edo haren atzean gordeta zeudenak.

Rocio Roblesek ere badio Oteiza beti dagoela presente, batzuetan ikusgarriago, beste batzuetan bigarren planoan, baina beste izen batzuk ere nabarmendu beharra dagoela uste du, beren proposamenari koherentzia emateko gauzak kontatu eta «berreskuratzeko» orduan, «foku ugaritasunak aberastu egiten baitu kontakizuna».

Pentsatzeko leku bat

Edonola ere, artista oriotarraren “Quosque tandem...!” eta “Ejercicios espirituales en un túnel” liburuak berrirakurriz topatu omen zuten kontatu nahi zutenaren gakoa, erakusketari izenburua eman ziona: pentsatzeko lekua.

«Guk ezin dugu ikerketaz hitz egin, ez baitugu ez elkartzeko tokirik, ezta pentsatzera biltzeko leku sinple bat ere», dio Jorge Oteizak “Quosque tandem...!” lanean, eta aipu berean elkartzeko eta hezteko gune baten aldarrikapena dago, ‘hezigarri’ kontzeptua, erakusketak bezala, zentzu zabalean ulertuta, «ez eskolari bakarrik dagokion kontzeptu gisa».

Izan ere, Onandiaren iritzian, hezkuntzaren zabalkundea oso ideia oteizatarra da, eta diseinu, ikus-entzunezko, arkitektura proiektu eta abarretan ikus daiteke. «Pentsatzeko leku hori ez da eskola bat bakarrik, ikastola bat proiektu nazional gisa izan daiteke, espazio berri bat behar duena, plaza publikoa, topagune izango den parke bat, eskultura eta artelanak bilduko dituena, erakusketa areto bat izango duena eta atzean hezkuntza proiektu bat duena». Beraz, euren erronka zen, Roblesek dioenez, «nola ekarri ikastolak, edo plaza bat, esate baterako, Durangoko Ezkurdi plaza, diseinu industriala edo altzari modernoak erakusketa batera, tesi bihurtutako hipotesi honetara».

Erakusketan argudiatuta dago haien ideia, pentsatzeko, lan egiteko eta hitz egiteko leku horiek. Hitz egiteko, baina ez arteaz bakarrik, «funtsean proiektu politiko eta sozial bat baitago, alderdietatik harago, antolaketari dagokiona: eskola bat, unibertsitate bat, arte irakaskuntza berritzea. Pentsatzeko leku hori polisemikoa da».

Komunitatea sortzeko asmoa

Oro har kulturak lotutako proiektuak dira, modu konkretuago batean arteak lotutakoak, edo haietako asko hizkuntzak, Rubirak gogoratu duenez. «Berreskuratu beharreko proiektuak, aldarrikatzekoak».

Proiektu mota bi daude, batzuk pertsonalistagoak, autore batenak, eta ezagutza partekatuaz mintzo diren proposamenak, komunitatea sortu eta zabaltzeko asmoz. Jakintza partekatuaren komunitate horren adibide dira Debako Arte Eskola, Aiako Lantegia eta Andatzako Eskola, besteak beste.

Pentsatzeko leku horiek, baina, ekintzetara, ekoizpenera igarotzeko gune ere badira. Rubiraren ustez, Euskal Herrian sortu ziren ereduek, gero beste leku batzuetan jarraituek, pentsatzeko eta ekoizpenerako lekuarekin zerikusia zuten. Horien erakusgarri, Aiako Lantegian edo Debako Eskolan bertan jatorria dutenak. «Instituzionalizatu gabeko proiektuak ziren, eta nabarmentzeko moduko beste ezaugarri bat, hain zuzen ere, autogestioa da; beste bat, herritarrei lotuak izatea, nola herritarrak beren burua antolatzeko gauza diren, esate baterako, Errekaldeberriko Herri Unibertsitatea sortzeko; zapalkuntza urte haietan nola herri mugimenduak funtzionatzen zuen».

Izan zirelako...

Ikertu dituzten proposamenak ez dira dauden guztiak, baina «daudenak oso esanguratsuak dira urte haietan Euskal Herrian garai hartan zer gertatzen zen azaltzera gerturatzeko», dio Roblesek. «Euskal Herriko kultura eta artearen aldi baten berrikusketa lana da». Erakusketa historikoa izan liteke, beraz, etapa historiko bat aztertzen duen aldetik, baina gaur egun gertatzen diren gauza askoren sorrera garaia ere izan zen. Adibide modura, Koldo Larrañagak 1978an egin zuen film nahiko ezezagun bat aipatu zuen Onandiak, Gasteizko Olabide ikastolaren eta Arabako euskararen egoeraren gainekoa, eta gaur egunetik ikusita, ibilbide baten garapena; edo ondorengo artista plastikoek erreferentzia izan dituzten Arte Garaikideko Euskal Eskolako kideak. Beste horrenbeste esan liteke hezkuntzari dagokionez, orduko proiektuen nolabaiteko segida direnak. Azken batean, erakusketa honek gauza asko azaltzen dituen garai baten berri ematen du.

Beharra, premia zegoen momentu haiek aztertzeko, momentu politiko zail batean premia horiei aurre egiteko «nola barrutik beren burua hornitu zuten», ikerketa egiteko materialak, artxibategi horiek guztiak berreskuratu ahal izateko, aztertutako kasuetako protagonistek material horiek gordetzeko egin zuten ahalegina nabarmendu beharra dagoela dio Rocio Roblesek, «horregatik ikertu ahal izan baitugu eta erakusketa areto batera ekarri».