Errusiaren «gerra mota» ez da bi dramak hurbiltzen dituen kontu bakarra
Gerra bihurtu zen 2011ko Siriako matxinadaren oinarrian lehorteak eragin zuen gosea zegoen. Hamaika urteren bueltan Ukrainako gerrak ogirik gabe utzi ditu siriarrak. Errusiak Sirian ikasi zuen «modus operandi» berbera erabili du Ukraina bonbardatzeko orduan. Ondorioa, milioika errefuxiatu, Ukrainan eta Sirian.
Sirian matxinadak –eta ez gerrak, bata bestean agortu bazen ere– 2011ko martxoaren 15ean eztanda egin zuen Daraa hegoaldeko hirian, Baxar Al-Assaden erregimenaren polizia politiko beldurgarriak (Mujarabat) ikasle batzuk atxilotu eta torturatu zituenean.
Mutilen delitua institutuko harmailetan «Baxar, alde!» leloa idaztea izan zen. Daraa Damaskoko erregimenaren aurkako gotorlekua izan da aspaldian eta 80ko urteetan Hafez al-Assaden aurka Anaia Musulmanek gidatutako altxamenduaren epizentro bilakatu zen.
Baxarren aitak eta dinastiaren fundatzaileak odoletan ito zuen matxinada: bonbardaketek eta ondorengo errepresioak 20.000-40.000 hildako artean eragin zituzten (informazioa zehazteko orduan beti «oso iaioa» izan da Damasko).
Dudarik gabe, 2010eko abenduan Tunisian eztanda egin zuen matxinadak –kale saltzaile batek, Boazizik, bere buruaz beste egin zuen su emanez, polizia korruptoaren jazarpenarekin nazkatuta– eragin zuzena izan zuen Daraan hasi eta Siria osora hedatu zen herri altxamenduan. Izan ere, arabiar mundu osora hedatu zen Udaberri Arabiarra ezizenarekin bataiatu zuten altxamendua, Aljeriatik Bahraineraino, Libia, Egipto eta Yemen ahaztu gabe.
Guztietan, boterearekiko haserrea eta etorkizun faltak sortzen duen ezinegona zegoen oinarrian, baina herrialde bakoitzean ezaugarri propioak izan zituen eta baldintza ezberdinek bultzatuta sortu eta garatu zen matxinada.
Siriako kasuan –ez bertan bakarrik, baina bai era esanguratsuan–, aurreko urteetan herrialdeak pairatu zuen lehorteak izugarrizko eragina izan zuen matxinadan.
Jateko ogirik ere ez
Herrialdean gehiengoa osatzen duten nekazari suniek ez zuten jatekorik eta hiri handietara, batez ere Damasko hiriburura, abiatu ziren etorkizun bila.
Sikateak al-Assaden gobernuak aurreko urteetan abian jarri zituen murrizketekin eta politika neoliberalekin kointziditu zuen. Dinastia bera eta erregimenaren sostengua gutxiengo xiikoak (alauia) izanik, hasiera-hasieratik matxinadak kutsu erlijioso-komunitarioa izan zuen, gehiengo suniaren eta gutxiengo xiiaren arteko liskarrarena, hain zuzen. Horrek matxinadaren bilakaeran izugarrizko eragina izango zuen hurrengo urteetan.
2011. urte hasiera matxinadarako «ekaitz perfektua» izan zen. Milioika nekazari suni eta haien familiak Damaskoko hiri inguruan bildu ziren, ekialdeko Ghuta auzo erraldoian adibidez, Alepon, Homsen... baldintza jasangaitzetan.
Ondorengo gerran tamalez famatuak izango ziren eremu horiek. Izan ere, gosez eta etorkizun egarriz, herri txiroenak bat egin zuen matxinadarekin, ez proiektu politiko alternatiborik zuelako, gogaituta zegoelako baizik, Gobernu alauiak mespretxatu egiten zuelako eta Damaskoko klase ertainaren aldetik eta aberats sunien aldetik –Al-Assadekin ituna sinatu zuten Asma Fawazen ezkontzarekin– ez zutelako inolako babesik.
Matxinadatik gerrara
Matxinada ia Siria osora hedatu zen, Rojava eskualde kurdura eta Latakia assadtarren jaioterri aldera ezik. Ogia, demokrazia eta erregimenaren amaiera exijitzen zuen jendeak. Alauien gidaritzapeko Armadak tiroka erantzun zien manifestariei eta matxinada bera militarizatuz joan zen apurka-apurka baina etengabe. Alde batetik, erasoen aurreko erantzun gisa –batzuen ustez gerra 2011ko uztailean hasi zen matxinatutako militar talde batek Armada Libre Askea sortu zuenean– baina bestetik, inguruko potentziek bultzatuta.
Saudi Arabiak eta Emirerriek ez zuten inolaz ere matxinadak Sirian irabazterik nahi (Bahrainen itzali berria zuten gehiengo xiiaren altxamendua). Nahiago zuten matxinada eta erregimena odolustea eta, horretarako, Irakeko Al Qaedakoei eta Siriako talde salafistei armak eman zizkieten. Azken hauek kalean ziren, erregimenak berak matxinadaren erdi-erdian askatzea erabaki zuelako. Deigarria.
Matxinada gerra bilakatu zen eta Siriako gerrak bizirik jarraitzen du 2022. urte honetan. Dagoeneko 610.000 dira hildakoak, horietatik 161.000 zibil –25.000 haur–. 6,6 milioi siriar erbestean daude eta beste hainbestek etxea utzi egin behar izan dute gerratik ihesean eta Siriako beste lurraldeetan babesa bilatuz.
Oposizioan dagoen Giza Eskubideen Siriako Behatokiak eman dituen zifrak izugarriak dira. Baina Ukrainako gerrak eragin zuzena du Siriak bizi duen egoeran. Errusiak Ukraina inbaditu aurretik egoera ekonomikoa kritikoa zen eta asko ziren egunero edozer jateko arazoak zituzten siriarrak.
Gosetea Sirian
Oxfam Intermonek aste honetan bertan iragarri duenez, Europan ari duen gerrak jakien prezioak igo egin ditu eta 10 siriarretatik 6k ez dute nahikoa jan ahal izateko bermerik.
Izan ere, prezioak bikoiztu egin dira azken urtean, pandemiaren eraginagatik eta ondoko Libano pairatzen ari den krisi ekonomiko izugarriagatik. Eta hori gutxi ez eta, hara non Europako eta munduko hainbat herrialdetako aletegi diren Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra…
Oxfamek Gobernuaren kontrolpeko eskualdeetan bizi diren 300 pertsona elkarrizketatu ditu eta horietatik %90ek onartu dute ogia, arroza eta batzuetan barazkiak besterik ez dutela jaten.
«Egoera jasangaitza da eta jendea amildegiaren ertzean dago. Damaskoko inguruetan orduak eta orduak ematen ditu jendeak Estatuaren okindegietan ogi merkeagoa erosteko. Bitartean, haurrak jateko hondakinak bilatzen saiatzen dira», deitoratu du GKEak Sirian duen zuzendariak, Moutaz Adhamek. Nolakoa izango da egoera Idlib matxinoen gotorlekuan edo milioika desplazatuen artean...
Siriarren %90 txirotasunean bizi dira. %60k ez dute lanik eta gutxieneko soldata 25 eurora ere ez da iristen. Egoera hain larria da, non jatekorik izateko familiak zorpetu egiten diren edo alaba gazteak ezkontzera behartzen dituzten. Neska-mutilak eskolatik ateratzen dituzte lan egin dezaten eta eguneroko otorduak murrizten dituzte.
Siriak gari gehiena Errusiari erosten dio eta, gerra dela-eta, gobernua erreserbak mugatzen hasi da agortuko diren beldur, prezioak etengabe gora egiten ari direnean.
Oxfamek elkarrizketatu duen Halak dioen moduan, biharkoa bost axola egunerokoan bere familiarentzat mahaian jatekorik jarri ahal izango duen ez dakienean. «13 ordu lanean ematen ditut egunero baina ez zaigu iristen. Egunak 24 ordu baino gehiago izatea nahiko nuke gehiago lan egin ahal izateko. Akituta nago eta ez dakit gure familia egoera latz honi aurre egiteko gai izango den ala ez», dio etsita Majedek, Damaskotik gertu dagoen nekazari herri batean «bizi» den siriarrak.
2011ko matxinadaren oinarrian zegoen ogi falta bera pairatzen ari da herrialde arabiarra, Ukrainako gerrak larriagotu duen egoera.
Intermon Oxfamek dei egin dio nazioarteari Sirian babes soziala bermatzeko programak bultzatu ditzan eta gosetearen aurrean laguntzak azkartzeko. «Hil ala biziko kontua da siriar askorentzat», ohartarazi du.
Errefuxiatuak hemen eta han
Ez dago batere garbi nazioarteak Oxfami kasu egingo dion, batez ere gerra batean eta bestean errefuxiatuen inguruan izan duen jarrera kontrajarria kontuan hartuta.
Hala ere, asko izan dira errefuxiatuen draman Siriako eta Ukrainako egoerak bata bestearekin alderatu dituztenak, baina erabat desberdinak dira bi kasuak, behintzat hasieran.
Siriaren kasuan, erregimenaren errepresioa hasi zenean eta gerraren lehen urratsetan jendeak ez zuen arrapaladan ihes egin. Aitzitik, 2012ko martxorako 200.000 ziren etxetik ihes egin zutenak, baina ez zuten muga zeharkatu.
Handik urtebetera, 2013ko martxoan, matxinadaren bigarren urtemugan, milioi bat errefuxiatu zenbatu zituen UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Asko, baina...
Ukrainan, ostera, astero milioi bat ukrainarrek herrialdeko mugak zeharkatu behar izan dituzte Errusiaren erasoetatik ihesean. Gerrak hiru aste bete dituen aste honetan 3 milioitik gora dira (adituak 4-7 milioira irits daitezkeela beldur dira).
Siriako errepide eta tren azpiegiturek ez dute zerikusirik Ukrainak behintzat erasoa hasi zen arte zuenarekin eta ukrainarrentzat askozaz samurragoa izan da erbestera mugitzea.
Ukrainarrak, gainera, europarrak dira eta 3,5 milioi Europar Batasunera iritsi ziren etorkin gisa 2014-2019 bitartean. Bertan bizitzeko baimena dute, batez ere kualifikaziorik gabeko lanak betetzen dituztelako, baina bidea egina diete errefuxiatuei, asko senideak.
Siriarrek, ordea, Turkia, Libano, Jordania eta Irak zituzten hasierako helmuga, ez bereziki egonkortuak, eta Iraken kasuan benetan arriskutsua. Hala, bada, ulergarria da Europarako bidea hartu izana 2015ean. Errusiak hiri eta herri matxinatuak airez erasotzeari ekin zion, Damaskoko erregimenari lagunduz. Al-Assaden miliziak suntsitutako eremuetan sartzen ziren odol-egarrian eta jendeak ihes egin zuen ahal zuen herrialdera.
Estatu Islamikoaren gerrak, batez ere Kobane hiri kurduaren aurka, eragin zuzena izan zuen errefuxiatu kopuruan, batez ere Turkian, eta Ankarak Europarako bidean jartzea erabaki zuen (Kobanekoa zen Alan Kurdi itotako haurra, mundu osoa astindu zuen irudikoa).
Orduko Alemaniako kantzilerra, Angela Merkel, errefuxiatuak hartzeko prest azaldu zen eta horrek ere jendeari animoak eman zizkion Europarako bidea egiten saiatzeko.
Gero izan ziren gerokoak. Milioitik gora errefuxiatu iritsi ziren Alemaniara, baina Europako hainbat herrialdek, batez ere Txekiar Errepublikak, Hungariak eta Poloniak, ateak itxi zizkieten. Europar Batasunak gauza bera egin zuen eta Turkiarekin akordio bat sinatu zuen: mila milioi euroren truke, Ankarak mugak itxiko zituen eta Bruselak 160.000 errefuxiatu hartzeko konpromisoa onartu zuen. Agindutakoa ez du bete eta haietatik %20 baino ez da iritsi paperekin Europara.
Poloniak berak ate guztiak zabaldu dizkie anaia ukrainarrei, eta txalotzekoa da. Baina harrigarria da 2015ean siriarrekin eta afganistandarrekin izan zuen jarrerarekin alderatuta. Gertuago, iaz Aleksandr Lukaxenko agintari bielorrusiarrak milaka kurdu mugara bidali zituenean, EBren zigorrengatik mendeku gisa, Poloniako agintariek ez zuten errefuxiatu bat bera hartu nahi izan eta 20 inguru hotzak jota hil ziren mugako basoetan.
«Modus operandi» bera
Mundua gero eta txikiagoa da eta gaur etorkinen hartzaileak direnak bihar errefuxiatuak izan daitezke. Eta atzo xenofobo hutsak zirenek elkartasunaren balioa deskubrituko dute, gertukoekin bada ere.
Gerrak ere gero eta antzekoagoak dira.
Errusiak Ukrainaren aurkako inbasioa hasi zuenetik, gero eta nabariagoa izan da Sirian aurrera eraman zuen estrategia militar bera errepikatzen ari dela.
Raphaël Pitti medikuak 11 urte bete ditu Sirian eta bertan bizi izan duena Ukrainan ikusten ari da. «Alepon ere hiru tempotan egin zuten 2016an: lehenik hiria setiatu, gero etengabe bonbardatu eta azkenean herritarrak goseak, egarriak eta hotzak jota errenditu zitezen itxaron», dio Estatu frantseseko osasun arloko UOSSM (Union des organisations de secours et soins médicaux) erakundearen arduradunak. Haren ustez, Errusiako boterearen logika «Sobietar Batasunaren zerbitzu sekretuen logika (KGB) da eta norbanakoak ez du garrantzirik, soilik objektiboak».
Historiarekin jarraituta, medikuak argi du Errusiak Afganistango ikasgaiak barneratu zituela. «Hiri eta herrietan indarrez sartuz gero, gerrillaren erasoei bidea ematen diezu», gaineratu du. «Errusiaren egitasmoa alderantzizkoa da, etsaia hiri barnean itotzea».
Mariupol hiria jasaten ari den erasoek Sirian bizi izan zituenak ekartzen dizkiote gogora. «Han ere ospitaleei eraso egin diete. Sirian dozenaka osasun zentrori eraso zieten. Guk ordurako hutsik zeuden meategietara eramaten genituen ospitaleak baina errusiarrek bunkerren aurkako armak zituztela eta erabiltzeko prest zeudela ahaztu genuen».
«Ikaratuta, jendeak ihes egiten zuen», gogoratzen du anestesista-erreanimatzaileak eta gerrako medikuntzan adituak.
Alepon, Ghutan (Damasko inguruan), Daraan, 15 urte lehenago Groznyn moduan (Txetxenian), etsaia errenditu egiten zen eta, jendea miatu ondoren, porrota onartzen ez zutenek alde egin behar izaten zuten.
Siriak oraindik bizi duen drama pairatzen ari da Ukraina. Eta Ukrainako gerrak Sirian matxinada eragin zuten arazoak areagotu egin ditu: ogi falta.
Hori guztia gutxi ez eta, Errusiak Ukrainara Siriako paramilitarrak eramango dituela mehatxu egin du. Zurrumurruek diotenez, Al Qaedaren izenean Damaskoren aurka borrokatzen ari diren txetxeniarrak ere Ukrainaren alde borrokan egitera joateko prest daude.
Errusiaren parte-hartzeak ez zuen herrialdearen arazo bat bera ere konpondu. Aitzitik. Ukrainan Errusiaren gerrak konponduko ez duen moduan. Itxaron, bestela.
AFRIKAN ERE GOSETEAREN ATARIAN
Siria ez da Ukrainako gerraren egoera pairatzen ari den herrialde bakarra.
Errusia eta Ukraina munduko aletegia dira eta, ondorioz, zerealen hornidura faltak sekulako eragina du hainbat herrialdetan. Txiroenetan goseteak eta matxinadak espero dira.
«Gerra hau ez da Ukrainan geratzen eta jende eta herrialde ahulenak gogor astinduko ditu», ohartarazi du Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ordezkari nagusiak. Gerra aurretik egoera nahiko larria zen pandemiaren ondorioz inflazioak gora egin ostean. Baina orain «haien aletegia» bonbardatua izaten ari da», salatu du Guterresek. Izan ere, Afrikako 45 herrialdek gariaren herena Errusiari eta Ukrainari erosten diete, eta hauetatik 18 (Burkina Faso, Egipto, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Libano, Libia, Somalia, Sudan eta Yemen) gerran dauden herrialdeen zerealen mende daude %50ean.
«Gariaren falta desegonkortasunaren hazia landatzen ari da mundu osoan», ohartarazi du NBEren ordezkari nagusiak, eta dei egin dio nazioarteari «gosearen urakana eta munduko elikadura sistemaren porrota ekiditeko».
Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) eta Elikagaien Mundu Programak (EMP) gerrak mundu osoan izango duen eraginaz ohartarazi dute. Izan ere, gosea pasatzen duen jendearen kopurua goi-goian zegoen pandemiaren, larrialdi klimatikoaren eta munduan dauden liskarren ondorioz.
2021eko datuen arabera, 811 milioi goseak joaten ziren gauero ohera, munduko 10 biztanletatik bat, eta 44 milioi gosetearen atarian zeuden.
Gainera, 2022ko hasieran, EMPk eta FAOk munduan 20 gose eremu gorri zeudela ohartarazi zuten, tartean Etiopia, Nigeria, Hegoaldeko Sudan eta Yemen. Guztietan gerrak eta liskarrak daude.
Errusiak eta Ukrainak munduko garagarraren %19 ekoizten dute, gariaren %14, artoaren %4 eta zerealen esportazioen herena bertatik ateratzen da. Koltzaren hornitzailerik handienak dira, gainera, eta ekilore olioaren erdia saltzen dute. Errusia, gainera, munduko ongarrien ekoizlerik handiena da.