Iker Barandiaran

Esnatze lotiak

Astean semeek esan didate errusiarrak gaizto akaberakoak direla eta hilda egon beharko zutela. Azaldu diet agintariak direla errudun eta ez herri bateko zein besteko herritarrak. Aldi berean, sare sozialetan zabaldu dira non-nahi aspaldi ikusi gabeko “No a la guerra” mezuak, azken 15 urteotan munduan inon gerrarik egon ez balitz bezala. Eta askotan, hain justu, gerraren kontrako mezuak aldarrikatu izan dituzten horiek dira Ukrainara armak bidaltzeko eskaera behin eta berriro egiten dabiltzanak. Hori gutxi ez eta, telebistako zenbait kanaletan Ukrainako bandera ageri da kieto azpialdean elkartasun ikur gisa. Halakoa da leku askotatik bizi dugun olatua, Twitterren euskal hiztegiaren lanketan aritzen den taldeetako batek ironikoki azpimarratu duela gutako askok hobeto dakigula Ukraina euskaraz ondo idazten «leihoa» hitzari «h»-a non dagokion asmatzen baino. Mendebaldeko lehoiaren errua izango da akaso?

Elkartasuna barra-barra dago orain; esaterako, aspaldi –inoiz bai?– ikusi ez dudan bezala, Errusiak munduan dituen enbaxaden kontrako ekintza sinboliko ugari egiten dabiltza herritar zenbait. Oso deigarriak iruditzen zaizkit halako ekintzak eta badira neurri batean eredugarriak. Gainera, pozten naiz oraindik jendeak mugitzeko eta protestatzeko gaitasuna duela jakitearekin. Hori bai, baina… erabat harrituta nauka justu Errusiaren eta errusiarren kontrako gorroto hazkunde horrek. Orain bai, eta atzo eta beste leku batzuetan gertatutakoengatik ez? Sentsazio antzekoa izan nuen zaborrak kudeatzeko atez atekoa jarri zutenean. Inola ere espero ez nuen erantzuna ikusi nuen tradizionalki (esaeran asmatu dut) mugitzen ez zen gizarte zati batean. Ez ditut nik zibilak hiltzea organikoa etxean atera gabe bi egun eduki behar izanaren sufrikarioarekin alderatuko, ez horixe, baina batzuentzat oso larria da hori –zaborrarena–, edo behintzat hala sinetsarazi zieten. Eta, ondorioz, hala irten ziren kalera (zaborrarena) hil ala biziko kontua balitz bezala. Olioaren eta esnearen pilatzea bezala?

Ez naiz ni inola ere gerren aldekoa, gupidagabeak dira erabat, eta erdian daudenak –herritarrak– dira benetan sufritzen dutenak. Haiena ez da errua, baina herritarrenak ez diren interesengatik soilik eusten diren agintari ustelak dituzte, eta aurkari nagusi logika militar itsuan hazi eta puztutakoak.

Eta ez dut nik Putin babestuko. Hamarkadak daramatza haren herrian herritarrak zapalduz nahi izan dituen guztiak eta gehiago egiten, Txetxenia adibide odoltsuenetik hasi eta federazioan bertan dituen aurkariak zapaltzeraino, aspaldi erakutsi zuen eskrupulurik gabekoa dela. Baina zerk ezberdintzen du Putin bera, azpijokoz beste batzuk erabilita edo zuzenean marineak bidalita dozenaka herrialde inbaditu, suntsitu eta milioika zibil hil dituen AEBetako agintariengandik?

Ondorioz, zergatik ez dugu berdin protestatzen beste edozein herrialdetan halako sarraski gordinak egiten dituztenean? Zergatik justu orain, nahiz eta bidegabekerien kontra protestatzea zilegi den beti, jakina? Ba, seguruenik, hamarkadak daramatzagulako AEBetik datorrena begietatik, belarrietatik eta ahotik irensten. Hainbeste, non haien zerrenda odoltsua (eta eguneratua gainera) ahaztu eta haiek zabaldutakoarekin erabat lerrokatzen garen. •