Korrika amaitu ostean pausoz pauso segitzeko

Badabil Korrika Euskal Herrian barrena, herriz herri, geratu gabe. Korrika berezia da aurtengoa, batek baino gehiagok inoiz ez dela Korrika “arruntik” egon esango badu ere. Korrika bakoitzak izan baitu bere berezitasuna eta bakoitzean testuingurua ez baita inoiz nolanahikoa izan. Seguru asko, Korrikaren historiari erreparatuz azken hamarkadotan Euskal Herrian bizitako garai ezberdinen kontakizuna egin daiteke.

Herri gisa, euskararen biziraupen goseak bultzatuta herri mugimendutik sortu zen Korrika, eta nahi baino lehenago garaiko konfrontazioarekin egin zuen topo. Boikota ere pairatu zuen Ajuria Eneko Hitzarmena erdiesteko eta garatzeko irizpideak indarrean zeudenean, 80ko hamarkadatik 90eko hamarkadako ibilbidean. Geroztik, Korrikak adostasun zabala lortu du, ia erabatekoa eremu eta erakunde gehienetan, euskararen kontrako herra ezin ezkutatu ari direnak oraindik badiren arren, Iruñeko alkateak erakutsi berri duenez, Korrika Txikiei ere eragozpenak jarriz.

Oraingoan, bistan da, pandemiak markatuta dator, 22. edizio hau berez zegokion garaian bertan behera uztera behartu zuelako eta une honetan jendeak gogo bizia izango duelako bideak eta bide bazterrak betetzeko, kale giroa pizteko. Aste honetan, sare sozialetako mezu batean Iker Bizkarguenaga gure lankideak herritar askoren gogoa laburbildu du oso hitz gutxitan: «Sargorian ekaitzak bezala blaitu gaitzala».

Txikitasunean

Azken boladan, pandemiaren atzetik, elkar loturik dauden mundu mailako beste krisi batzuek egin dute eztanda, Ukrainako gerra dela-eta, lehengaien faltagatik zein prezioen gorakadagatik etorritako estutasunak direla-eta. Ziurgabetasuna da nagusi, eta gure txikitasuna are txikiagoa egin da mundua puntaz punta aztoratzen duten astinaldi hauekin. Horregatik, beharbada, ditugu hain garrantzitsu Korrika bezalako ekimenak, etxeko lehentasunak eta oinarriak gogoratzeko, indarberritzeko. Olatu handiek itsasontzi txikiak ez irensteko arreta jarri beharra baitago. Gure herriaren nortasuna eta euskara ere zaintzaren beharrean daude.

Tradizio handiko ere bihurtu zaigu Korrika bere 22. honetan, baina egin ohi den bakoitzean birsortzen den ekimena dela esan daiteke. Freskotasuna dario. «Urduri nago; nire lehenbiziko Korrika da, bale?», irakurri diot gazte bati sare sozialetan aste honetan. Ez dago, ez, herdoilduta Korrika. Belaunaldi berriak gehituko dira oraingoan ere karrerara, errepidean barrera aurrera egingo duen suge koloretsura.

Hamar egunez harago, alabaina, mota honetako ekimenek etorkizunera so egiteko balio behar dute. Hausnartu beharra dago, garaiak aldatu direlako eta hainbat kontu birpentsatu beharko direlako; eta egin beharra dago, hizkuntza politika oso eta eraginkor bat indarrean jartzeko urratsak egin behar direlako. Hezkuntzaren eztabaida dugu oraintxe pil-pilean. Beste eremu batzuetan ere gogoeta beharrezkoa izango da. Adibidez, gurean, hedabideen eremuan.

Oraindik ez dakigu Korrikaren lekukoak zer mezu daraman eskuz esku. Donostiako amaieran irakurriko dute datorren asteburuan, berriro ere ekarpena egiteko. Orduan, berriro aurrera begiratzeko garaia izango da, pausoz pauso segitzeko, indarberriturik. •