ARABAKO MENDIAK ASKE

Berriztagarrien proiektu andanaren aurrean altxatu den ahots herritarra

Araban zabaldu den berriztagarrien sukarraren aurrean, kontzejuetan antolatzeko kulturatik edan duen herritar ahotsa altxatu da. Salatu duenez, eliteen mesedetan, ingurunea suntsitu eta mendi komunalak pribatizatu nahi dituen egungo ereduak ez du, gainera, ezer konponduko, irtenbidearen zati bat eskala txikiago batean baitago.

Hamar bat zentral eoliko proiektatu dira Arabako mendietan, eta ez dira energia berriztagarriekin lotuta dauden egitasmo bakarrak. Herrialdeak mahai gainean dituen instalazioen artean, parke fotoboltaikoak sortzeko beste hainbat egitasmo daude, gehi beharrezko dituzten azpiestazio elektrikoak, goi tentsioko linea berriak, “nekazaritzako industria”-rekin lotutako planak, Abiadura Handiko Trenaren azpiegitura… eta zentral hidroelektrikoez ere hitz egiten ari da. Datuak, hala ere, aldakorrak dira. Arabako Mendiak Aske plataformaren arabera, proiektu gehiago entzuten dira, baina herriak ez dira lehenak informazio hori izaten. Sarritan, komunikabideetan izaten dute lehen berri.

Agertoki horretan mugitzen da herri plataforma, albisteei adi, informazioa biltzen, herritarrekin partekatzen, ondorioak aztertzen, alegazioak prestatzen eta aurkezten… eta instituzioek bultzatzen duten eredua jarraituz gero, zer etorkizun marrazten ari den plazaratzen, horren aurreko hausnarketa bultzatzen eta alternatibak planteatzen. Herrien hitza errespetatzeko eskaerarekin batera, nagusitzen ari den ereduak eragingo duen triskantza ohartarazten ari dira, ingurumenaren ikuspuntutik eta sozialki ikusita, elkarri lotuta baitaude. Eta kostu hau zertarako?, planteatzen dute, «ez duelako arazo energetikoa konponduko. Gezur batean oinarrituta dago berriztagarrien eromen hau».

Agurainen egin du hitzordua Gaur8k Virgina Avellana-Adalid eta Rebeka Gonzalez de Alaiza Perez de Villarreal plataformako kideekin. Arabako zenbait eskualdetan hitzaldiak egin ditu herri ekimenak, proiektuen inguruko datuak eta hausnarketak partekatzen, afekzioak aletzen, adituen iritziak eta irakurketak plazaratzen... Araban aurreikusi diren egitasmoen mapa begiratu baino ez dago kezka herrialde osora zabaldu dela ulertzeko.

Plataforma, batez ere, kontzejuetan bizi diren lagunez osatuta dago, eta honi ere erreparatu behar zaio, afektazioen artean baliabide naturalen esplotazio orekatu eta komunala ere badagoelako. Berezko nortasun juridikoa duten toki entitateak dira Araban eta Nafarroan kontserbatu diren erakunde txiki horiek. Arabaren kasuan, 336 dira herrietako kudeaketa autonomo hori duten erakundeak. Gehienak, gainera, irekiak dira. Horrek esan nahi du herritarrek aukeratutako administrazio batzar bat arduratzen dela kudeaketaz, baina erabakiak herritarren esku daudela. Demokrazia zuzeneko eredu horretan, gainera, komunean eta izaera publikoan oinarrituta, baliabide naturalak kudeatzeko aitzinako sistema gorde dute.

Komunala «pribatizatu»

Izan ere, zentral eolikoen hainbat proiektu mendi komunaletan planteatzen ari dira; hau da, mendeetan herrian bizi izan den komunitatearen aprobetxamendua ahalbidetu, ingurumena babestu eta kontzejuen jabetza kontserbatu duten mendietan. «Orain arte mantendu den jabetza-erregimena da. Mendi hauek herri bakoitzeko lurrak dira. Herriarentzat baliabide-iturri izatea eta, aldi berean, haien kontserbazioa babestea lortu duten usadioei eta ohiturei lotuta daude», azaldu dute.

Beste arrazoi askorengatik baina horregatik ere herri askotan ezetza eman dute, argi ikusi dutelako lurra pribatizatuz komunalari agur esaten zaiola. «Ez dira guztien onerako, komuna dena suntsitu nahi dute pribatizatzeko, oligarkia baten mesedetan», nabarmendu dute plataformako bi kideek.

Hala ere, berriztagarriak, irudi kanpaina boteretsuekin, etiketa berdearekin heldu dira, izaera estrategikoz jantzita, gainera. Barakaldon berriki egindako WindEurope 2022 kongresuan, Arantxa Tapia Lakuako gobernuko Ekonomiako, Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak energia berriztagarrien azpiegitura bat izateak bizilagunentzat duen onura zabaldu beharra nabarmendu du. Agintariaren hitzetan, mendekotasun energetikoa gainditzeko soluziobidea eguzkiak eta haizeak sortutako energiatik etorriko da. Gobernuak zabaltzen duen mezuaren arabera, beraz, mahai gainean dauden proiektuak estrategikoak dira. Herritarren artean sortu den oposizioa ere aipatu du sailburuak duela ez asko, proiektu guztiekin «plataforma bana» sortzen delako kexatuz, baina herritarren kezken arrazoiei heldu gabe.

Usadioen kontrako norabidean

Herri askotan, lurraldea babestu duten antzinako usadioen kontrako norabidean doan eredua ikusteaz gain, energia-krisia konponduko ez duen apustu bat ikusten dute. Arabako Mendiak Aske-n nabarmentzen duenez, instalazio horiek ez dira hain berdeak, ez hain ez-kaltegarriak, ezta hain estrategikoak ere, behin baino gehiagotan aipatzen den burujabetasun energetikoren ikuspuntutik. Gertuago ikusten dituzte Europako funtsen inguruan sortutako espekulazio burbuila batetik, benetako irtenbide jasangarri batetik baino.

Plataformako zenbait kide ez dira borroka honetan berriak. Gogoratu dutenez, duela 13 urte berriztagarrien lehen proiektuak gelditzea lortu zuten, «argi geratu zelako, ikusarazi egin zen, eta mundu guztiak argi izan zuen, azpiegitura horien eragina hain handia zela, ezin zela sozialki onartu».

Orain, erronkak dimentsio handiago bat du, iritsitako proiektu andana ikusita, baina beste aldaketa batzuk izan dira tarte honetan, eta horien artean proiektuak izapidetzeari bidea zabaldu eta lurraldea babesteko tresnak higatzeko saiakera jartzen dute estrategia berri baten lehen planoan.

2020. urtera arte berriztagarrien garapenerako Arabako Foru Aldundiak indarrean zeukan Mugarri Plana ekarri dute gogora. «Proiektuen kokapenaz hitz egiten zuen, eta balorazio energetikoa egiten zuen. Lurraldea babesteko modu bat zen, zonalde antropofizatuez hitz egiten zen orduan, gune alternatiboez, balio ekologiko gutxiko zonaldeez», zehaztu du Gonzalez de Alaizak. «Eremu babestuetan eragin handirik izan gabe proiektuak non ezarri aipatzen zuen» plan hark, erantsi du Avellana-Adalidek.

Baina, ingurunearen babesa bermatzen zuten hainbat tresna juridikotan atzerapausoak izan direla diote. Puntu horretan, interes publikoaren izenean proiektuak herrien hitzaren gainetik jartzen dituzten «Tapia Legea eta Tapia Plus legea» izenekin ezagutzen direnak aipatu dituzte. Izan ere, manifestaziora deitu du Araba Bizirik mugimenduak maiatzaren 14rako Gasteizen (Bilbo Plazan, 19.00etan), “Lurra defendatuko dugu. Tapia Legeari ez” lelopean.

Mugimendu horren partaide da plataforma, lurraldearen defentsa ardatz duten beste borroka batzuekin batera. Araba Bizirik makroproiektuen aurkako hainbat borrokaren aterpe bilakatu da; izan megaproiektu eolikoen eta fotoboltaikoen kontra, AHTen proiektuaren aurrean trenbide sozial baten aldeko aldarria defendatzeko edo nekazaritza eredu intentsiboaren aurkako egitasmoen aurka azaltzeko.

Izapideak errazten

Babes-bermeen higadura horrekin lotuta, Estatu mailako legediari begira, indarrean dagoen berriztagarrien errege-dekretua ere aipatu dute, 50 MWtik gorako proiektuetan baimena eta ingurumen-ebaluazioa batera ebaztea ahalbidetzen duena. Agertu dutenez, «izapideak errazten» ari dira, proiektuak ezartzeko bidea erraztuz. Hala ere, erakundeek enpresak mimatzeak ez du esan nahi lurraldearentzat eta haien komunitateentzat oso kaltegarriak diren proiektuentzako posibilitaterik ez dagoenik, planteatu dutenaren arabera. Mezua «bai, ahal da» da, diote.

Beste tresna batzuk daude proiektuak geldiarazteko eta beste eredu alternatibo bat hausnartzeko, eskala txikiago batean, kontsumoak murriztuz... «Hau ez da borroka sektorial bat, lehengo talde ekologistena bezalakoa. Harago doa, gure lurraldeko bizitza ahalbidetzen duten baldintza ekologikoak suntsitzeari aurre egiten dion borroka da, eta lurraldeak hartzen gaituen pertsona guztiei eragiten digu», dio Gonzalez de Alaizak.

«Metatze efektua»

Parke eoliko bati buruz hitz egiten denean zehazki zertaz ari garen galdetuta, 200 metrorainoko errotez hitz egiten ari garela diote plataformako kideek; aerosorgailu bakoitzeko 25 eta 27 metro arteko diametroko zapatak dituztenak. «Lehenengo aerosorgailutik azkeneraino, 9 eta 15 kilometro arteko distantzia egon daiteke, eta errota horiek ezartzeko zementu kantitate handiak garraiatu behar izaten dira mendi gailurretaraino. Beharrezko azpiegitura mendietara eramateko, 17 metrorainoko bideak zabaldu behar dira, inausketekin... [haize-sorgailuen] hegalak ezin direlako desmuntatuta eraman; maldak eta bihurguneak ere aldatu behar dira, eta horrek okupazio gehiago suposatzen du, afektazio gehiago...», dio Gonzalez de Alaizak.

Ez da dena hor bukatzen. Gonzalez de Alaizak erantsi duenez, errotak jartzeko 5.000 metro karratuko okupazioa izaten duten lan plataformak behar dira, eta horiek mendilerroaren alde batean edo beheragoko eremuetan egoten dira, askotan nekazaritza lurrak diren eremuetan.

Ez da parkeek beharrezko duten guztia. Gehitu duenez, «energia garraiatzeko lineak behar dituzte; hau da, kableatu elektrikoa. Hori lurpetik doan arren, lurperatzeak lurrak mugitzea, zuhaitzak moztea... eskatzen ditu, eta ebakuazio-linea horiek azpiestazio batera doaz, Gereñukoa bezalako batera; 10.000 metro karratu ingurukoa, eta hortik beste azpiestazio batera... Harana goi-tentsioko linea berriekin okupatzeaz ari gara».

Dimentsio horiek buruan, afekzioak erraz ikus daitezke, eta instalazioak ezin dira banaka aztertu. Plataformak dioenez, mendilerroetan pilatuta daude eta horrek metatze-efektu bat eragiten du. Hortik abiatuta, inpaktuak askotarikoak dira, baina «jabetza komunaleko erregimenari esker biziraun duten ekosistema helduen galera» da aurreikusitako ondorio argietako bat, baita «bizitza ahalbidetzen duten ingurune baldintzen degradazioa» ere. Horrez gain, inpaktu zuzena iragarri dute hegazti migratzaileetan eta nekrofagoetan, eta «espezie horiek oso garrantzitsuak dira ekosistemak garbi izateko, intsektu-izurriteak prebenitzeko».

Haize errota horiek korridore ekologikoen zatiketa ekologikoa ekarriko dutela gaineratu dute, eta horrek aldaketak eragiten dituela biodibertsitatean, baina ez hemen bakarrik baizik eta Europa mailan ere, Avellana-Adalidek azaldu duenez. Erroten kate horrek, gainera, baldintza meteorologikoetan izan ditzakeen eraginez ohartarazi nahi dute, «euri-jasak geldiaraz ditzaketelako, hesi bat sortuz, inguruko haizeak alda ditzaketelako», eta horrek, aldi berean, eragin zuzena du akuiferoetan.

Errota horiek bestelako kutsadurak eragiten dituztela gogorarazi dute: «Oso kutsakorrak dira, turbinetan ehunka litro olio erabiltzen baitituzte, eta horrek, kutsadura eragiteaz gain, suteak sortzeko arriskua areagotzen du». Laborantza-eremuen galeraz gain, ondare arkeologiko, kultural eta immaterialean dauden eraginak ere aipatu dituzte. Herrietako bizimodua eta usadioak balioan jartzea defendatzen dute, «jende honek agian unibertsitaterik» ez daukalako, «baina milaka urteko ohituren irakaspena» duelako, dio Avellana-Adalidek. «Gailurretako eremuetako artzaintzaren ohitura horiek jabego komunalarekin eta ez pribatu- ekin lotuta daude, bereziki optimoak ziren larreen erabilera komunala bermatzeko era bat zen», gaineratu du Gonzalez de Alaizak.

Eraginei begira, eztabaida honetan erabiltzen ari den lengoaiaren «perbertsio» handia ikusten dute energia-instalazioak izendatzeko parke eolikoez edota eguzki-baratzez hitz egiten denean: «Ekoizpen energetikoko zentralak dira, eoliko eta fotoboltaikoak, ez dezagun ahaztu, iritzi publikoa umetzen ari garelako eta horrek dakartzan afekzioak gutxiesten ari garelako».

Avellana-Adaliden ustez, «landa eremuaren kontrako gerra bat da, nahi dutena egin ahal izateko». Proiektu hauen ezarpenak «landa-eremutik hirirantz ekar ditzakeen desplazamendu berriak» aipatuta, horrek herri askoren despopulazioa ekar dezakeela uste dute, eta horren atzean, estrategia kalkulatu bat dagoela diote: «Era komunalean antolatzeko kultura daukagulako eta izan litekeen bezain ideala ez den arren, lurraldea kudeatzeko eta antolatzeko kultura hori daramagu, eta pertsona horiek desplazatuz, lurraldea energia-enpresentzat geratzen da».

Aixeindar, %40 publiko

Borroka horretan, herriek ez dituzte aurrean soilik energia proiektuak bultzatzen dituzten enpresak, instituzio asko ere enpresen interesen alde daudela ikusten ari dira-eta; duela gutxira arte beste diskurtso bat izan duten alkatetza batzuk, barne. Plataformako kideen ustez, gobernuak energia-enpresen mesedetan ari dira, herritarren eta planetaren errealitateari begiratzen ez dion estrategia planifikatu bat jarraituz. Horren adibide gisa, azken urteetan emandako zenbait urrats gogorarazi dituzte.

Agertu dutenez, Eolicas de Euskadi enpresan %50eko partaidetza zuten EEEk (Energiaren Euskal Erakundea) eta Iberdrolak, baina 2007an gobernuak Iberdrolari saldu zion. Orain, energia eolikoa bultzatzeko, enpresa berri bat sortu da, Aixeindar, eta horretan %60 Iberdrolak dauka eta gainerako %40 EEErena da, CADEM-en bidez. «Horrek esan nahi du herri egiten ari garela diotenean eta energia burujabetasunaz hitz egiten dutenean, energia berriztagarriaren produkzioa lurraldekoak ez diren enpresen eskuetan uzten ari direla. Enpresa pribatuek etekin handiena izan dezaten errazteko erabiltzen ari da diru publikoa», adierazi dute.

Halaber, Iberdrolak, dituen etekinen aldean, zergetan ordaintzen duen kantitate ñimiñoa gogorarazi dute, baina horrez gain, berriztagarriekin ekoiztutako energia hori ez dela ez Euskal Herriarentzat ez Espainiar Estatuarentzat izango erantsi dute, «esportatua izateko bokazioa» du, azaldu du Avellana-Adalidek. «Berriztagarriek erregai fosilen faltaren arazoa arinduko dutela sinetsarazi nahi digute, baina ez dago erregai fosilekin egiten den guztia elektrifikatzeko teknologiarik. Hainbat adituren ustez, berriztagarriak desarrollismo honetan areagotzen ari den energiaren beharra handitzera etorri dira», salatu dute.

Agertoki horretan sakonduz, Gonzalez de Alaizak kontsumo ereduan jartzen du azpimarra. Arabarraren iritziz, gobernuak berriztagarriak «saltzen» ari dira egungo bizimodua mantendu ahal izateko, benetako irtenbidea ez direnean, «erritmo hau mantendu ahal dela esatea da lehenengo gezur nagusia», dio Avellana-Adalidek.

Testuinguru horretan kokatzen dituzte berriztagarrien ondoan ematen diren eta gutxitan aipatzen diren beste errealitate batzuk: «Aldizkako energia-iturriak dira, ez da beti haizerik izaten, baldintzak ematen direnean produzitzen da, ez dago biltegiratzeko teknologia eraginkorrik eta beraz energia galtzen da... eta honen guztiaren amaieran zer geratzen da? Eraikitzaileen eta errotak ezartzen dituen industriaren etekina, sortzen dituzten hondarretan sartu gabe». Azken honetaz, errota batek 25 urte inguruko bizitza duela zehaztu dute, baina «dituen materialak ez dira birziklagarriak» eta hori jada berriztagarrien lehen belaunaldiarekin ikusten ari dela diote.

«Hazkunde ekonomikoarekin jarraitzeko berriztagarri gehiago behar direla saltzen ari zaizkigu. Hazkunde ekonomikoa BPGren mende dago, eta hori energia-kontsumoaren igoerarekin lotuta dago. Gezurra da garapen energetikoa berriztagarriekin lotzea, berriztagarriek ezin baitituzte erregai fosilak ordezkatu».

Bi orriko proiektuak

Kontzejuen errealitatera itzulita, herrietara heltzen diren proiektuei buruzko informazioa, azterketa eta eztabaida nola ematen ari diren galdetuta, informazioa oso eskasa izaten dela diote. «Proiektuak herrian aurkezten zirenean bi orri ematen zizkiguten, eta mapa bat... Aixeindar, kapital publikoko enpresa bat... Baina Aixeindar bi orriekin heldu aurretik, kontzejuetako jendeari galdetzen hasi gintzaizkion komunikabideetan publikoki esaten ari zelako planak zeudela eta herriek ez zekiten ezer, askotan kontzejuetatik erakunde handiei galdetu zaie zer gertatzen ari zen... «Egia da proiektu eoliko bat dagoela»?», adierazi dute plataformako kideek.

Puntu honetan, EAJko alkatetza batzuek izan duten jokabideari begiratu diote, herrien hitza errespetatuko zutela esatetik proiektuen alde egitera pasatu baitira. «Oion, Agurain, Arraia-Maeztu eta EAJk dituen beste udal batzuekin talka egin dugu», adierazi dute; herri horietan udal osoko bilkuretan gaiari buruz eztabaidatzeari uko egin diotela azaldu dute eta lursailak ez industrializatzeko dagoen udal araudia gailendu beharrean, lursailen erabilera aldaketa sustatzen ari direla proiektuak baimentzeko –Oinen bezala–.

Hala ere, energia proiektuek ezetza argia aurkitu dute hainbat herritan –plataformaren webgunean ikus daiteke– lurraldearen okupazioa eta dakartzan afekzioak ikusi dituztenean. Zenbait kontzejutan, enpresek aerosorgailuko igoz joan diren zenbatekoak eskaini dituzte. «Afekzioei buruzko informazioa modu herrikoian iritsi ez den lekuan, pentsatzen ari dira diru horrekin kontzejuak herriak duen zerbitzu falta bete dezakeela, eta plataformatik eskatzen duguna da kontzejuen autonomia eta subiranotasuna errespetatzea, kontzeju horiek finantzatzeko moduak egon behar direla, enpresa pribatuen esku geratu gabe. Lurraldea kohesionatzeko eta ingurunea kontserbatzeko lana hain da handia, non ezin dugun galtzeko luxua onartu. Galera konponezina litzateke», diote.

Herritarren kezkaren adierazle dira, pandemiaren erdian, hilabetean, Iturrieta, Arkamo, Azazeta eta Labrazaren aurrean bildutako 20.000 alegazioak. «Hau ez da hirian bizi diren ekologista batzuen zerbait, herrietan bizi diren lagunetatik dator», agertu du Gonzalez de Alaizak. Bat dator harekin Avellana-Adalid, bere ustez kontzientzia sozial handia baitago, «jendea gertatzen denari adi dago».

Eredu honen aurrean, erakundeek aztertu nahi ez dituzten beste alternatiba batzuk daudela nabarmendu dute plataformako kideok. Beren ustez, une honetan mahai gainean dagoen proiektu andanak espekulazioari erantzuten dio: burbuila baten adierazle dira, «energia-enpresa batek mendi-lerro batean proiektu bat ezartzearekin soilik etekinak lortu ditu; bakarrik zentrala eraikitzearekin irabazten ari dira, eta horri etorriko diren funts publikoak gehitu behar zaizkio», zehaztu du Gonzalez de Alaizak.

Horregatik, «pedagogia eta informazio-lana» egiten jarraitzen dute, «ez bakarrik proiektu horien ondorioei buruz, baizik eta zergatik esaten dugun ez dietela erantzuten krisi hauetatik sortuko zaizkigun beharrei azalduz». Beste aukera batzuk daudela esan dute, «eta kontuan hartu behar dira: ordenatuak, planifikatua den deshazkunde batetik pasatzen direnak, tokian-tokiko antolakuntza, tokiko energia-beharrei erantzunez, eta banatutako energia baten bidez, ez kontzentratutako energiaren bidez, ez kontzentratutako energiaren planteamendu horren bidez; hau da, energia gizarte-ondasun gisa ulertuta, gizartearen zerbitzura dagoen eta gizarte-kudeaketa duen ondasun gisa hartuta».

Erantsi dutenez, eskala lokalago batean aztertu behar da zer behar dauden, eta horiei eraginkortasunez erantzun behar zaie baliabideak aprobetxatuz eta aldi berean kontserbatuz, afekzio guztien eredu bat antolatuz. Gizarteri zuzendutako mezua ere mahai gainean jarri dute bi solaskideek. «Informazio ahalegin hori egin dadila eskatzen dugu, parte aktiboa izan gaitezen, antolatuz eta gure beharretatik abiatuta alternatibak bilatuz. Prozesu sozialetan, Euskal Herria itsasargi bat izan da beti, borrokarako, kohesiorako eta koherentziarako itsasargia. Aurpegia ematera deituta gaude, eta hau da unea», zehaztu du Avellana-Adalidek.