Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Ongizate-espazioa

Supermerkatuetako elikadura produktuetako publizitatearen «slogan»ek dieta eta argaltasunaren aldeko esanak (ia) alboratu dituzte. Orain, produktuen bertuteak ekologikoan eta ongizatean oinarritzen dira gehiago, zuzentasun politikoaren onarpen handiagoa dutelako –horrek ez du esan nahi argaltasunaren doktrina gainditua dagoenik–. Marketin kanpainen helburu kapitalistaren tranpa albo batera utziaz –salmenta dute helburu eta ez hainbeste produktuak ekarriko digun eragin ona–, diskurtsoaren aldaerak osasunaren kontzeptu zabalago batez diharduela asma genezake.

Gure osasunaren aldeko produktua ekologikoa izateak esan nahi du gure osasunak gure lurraldearen zaintzarekin harremana duela; gure osasuna bizi gareneko mediotik banaezina dela ulertzen baita, ez soilik lurraldearen kutsadura gaixotasun eragile delako, baizik eta lurraldea gure “gorputzaren luzapena” dela ere uler daitekeelako. Eta eskuratzen dugun produktu batek ongizatea dakarkigula diogunean, gure osasuna ongi egotearekin harremanean dagoela esan nahi dugu; hau da, gaixotasun ezan enfasia jarri beharrean, on egiten digun horren lanketan fokoa jartzen ari garela. Sumatu daiteke, gai fisiologikoak kontuan hartzeaz gain, osasuna ondo sentitzearekin lotzen dela, behar sozio-emozionalak kontuan hartuz eta norberaren zaintza ingurunearen zaintzarekin bateratuz –pertsona eta gizarte entitateak baikara eta gainera, interdependenteak–. Gure ongizatea –sentsazio bat baino gehiago dena– faktore horien guztien arteko elkarloturaren emaitza da.

Osasunaren ikuspegi integralaren ulerkeran, ingurune espazialak eta arkitekturak hitza hartzen dute. Kontuan hartu behar da hirietan bizi garenok gure denboraren %80 –gehiago ez bada– eraikin baten testuinguruan igarotzen dugula. Hau da, espazioaren kalitateak osasunean eragiteko karta asko ditu. Gero eta ikerketa gehiago egiten dira ziurtatzen dutenak espazio osasuntsuak diseinatu eta eraikitzeak ongizate fisiko, mental eta sozialean eragina duela. Hala eta guztiz ere, orain arte arkitekturan osasunaren gaia jorratu izan denean, eraikinen gaixotasun sindromean zentratu da; hau da, gaixotasuna ikertu da, osasun eta ongizatean oinarritu beharrean —medikuntzaren ulermen jarraipena arkitekturan—. Osasunaz hitz egiteak subjektua pertsonan jartzeko beharra ekartzen du, eraikin-objetua albo batera utziaz.

Ongizatean eragina izan dezakeen espazioak arnasten eta ukitzen dugun espazioaren kutsadura gabezia ekarri beharko luke —inguruko zarata, airea, materialen erradioaktibitatea eta toxikotasuna—; espazioaren ezaugarri formal eta geometrikoei eta kolore eta izaerari dagokienez sentsorialki irakurgarria eta barneragarria izan beharko luke eta azkenik, giza eta natura testuinguruarekin bat etorri. Sentsibilitatea eta zaintza helarazten duten espazioak dira. Seguru naiz publizitate teknikariak azkar harrapatuko duela eraikuntza materialen slogan berriak espazioaren kalitatearekiko zintzotasuna goraipatu behar duela, produktu naturalagoak sintetikoen aurrean gailenduz. •