Koldo Sagasti

«Pegasus»-en hegal luzeak

Duela bi aste hautsak harrotu zituen Citizen Lab laborategiak eta “The New Yorker” aldizkariak kaleratutako ikerketa batek. Informazio horren arabera, esparru politiko independentistako hamarnaka lagun zelatatu zituzten Espainiako zerbitzu sekretuek euren sakelako telefonoetan txertatutako espioitza software baten bidez. Gehienak Kataluniako independentziarako prozesuan nabarmendutako politikariak ziren, baina euskaldun bat edo beste ere bazegoen. Pegasus, horrela baitu izena zelatatze masiborako programa honek, NSO Group konpainia israeldarrak sortua da eta aparailuaren jabeak horren berri izan gabe ere eskuko dispositiboan sartu eta haren kontrola jabetzeko gai da.

Estatuko estolderiako aparatuek antolatutako espioitza sarearen berriak iskanbila eragin du, besteak beste, zientzia fikziozkoak diruditen teknologia berritzaile horien sofistikazioagatik. Baina gure inguru hurbilenetik harago teknika hauek ez dira hain berriak. Hemen ohartu garenerako Palestinan hiruzpalau urte daramatzate salatzen erregimen sionistako inteligentzia zerbitzuek Pegasus eta bestelako zaintza-programak baliatu dituztela modu masiboan giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta kazetariak espiatzeko, eta gerora informazio hori hango gizarte zibileko erakundeak legez kanporatzeko erabili izan dela. Palestina, beraz, teknologia maltzur horiek esperimentatzeko eremua izan da azken urteotan, eta palestinarrak akuriak. Horrexegatik, israeldar jatorriko gizarte kontrolerako teknologia jaun eta jabe izan ohi da merkataritza militarreko nazioarteko foroetan, azoka globaletara zabaldu aurretik palestinarrekin testuinguru erreal batean probatu dutelako kalitate-bermea daukalako.

Gure sega-potoan oharkabean txertatzen zaigun espioiarekin ernegatzen garen bitartean Tel Aviveko laborategi batean geratzen zaigun askatasun apurra murriztera datorren hurrengo asmakizuna mamitzen ari dira, eta Zisjordaniako check-point batean palestinarren larruan esperimentatzen. Eta hemendik hiruzpalau urtera hemen izango dugu berriro zertaz asaldatu. •