Iker Barandiaran

Arma... tiro... non?

Nahiz eta hau esatea erabat korrontearen kontra gidatzea den –eta zeresanik ez, orain– uste dut gehiegi kopiatu dugula eta kopiatzen jarraitzen dugula AEBetatik; hainbeste, non estatuen batura hori eredutzat hartzen noiz hasi ginen ahaztu zaigun. Esaterako, erabat xelebrea iruditu zait betidanik han autoetan matrikula pertsonalizatuak jartzeko duten ohitura hori; eta are xelebreagoa oraindik askorengan horrek pizten duen lilura: «Hemen ezin da halakorik egin… eta han bai!». Eta horren atzetik etortzen dira honelako esaldi borobil eta ustez orojakileak: «Han dena da aske», «Jarritako edozein helburu lor daiteke» eta horrelako perogrulladak.

Azken finean, foku, iragarki eta zeluloidetik apur bat urrunduta berehala antzematen da AEBak direla merkatuaren logika gordinaren adibide basatiena, poliki baino azkarrago munduko ia bazter guztietan gupidagabeki zabaldu eta areagotzen dabilena, aseezina baita.

Hamarkadaz hamarkada handik zabaltzen den marketinak, etengabeak eta eraginkorrak, estaltzen du estatu idiliko horretan osasun publikoa ez dagoela bermatuta, ez dela unibertsala, eta, ondorioz, gutxien dutenek ez dutela medikuarenera joateko eskubiderik. Aldiz, ordaintzeko aukera daukanak eros ditzake nahi beste arma edozein momentutan bururatzen zaionaren kontra tiroka egiteko, baina erasoa jasan duena, dirurik ez badu, ez du inork osatuko. Erasotzailea ez dadila kezkatu, beti esan dezake defendatzeko eskubide osoa daukala, eta askok sinistu eta bere alde egingo dute. Edo akaso han bizi duten gurpil zoro eta eskubide sasi-askatzaile horretan ausartuko lirateke herritar guzti-guztiei armak doan banatzen? Ziur ezetz; han ezer ez da doan.

Hain zuzen ere, beste guztia estaltzen diguten topikoetatik harago miseria latza bizi dute neonez eta armaz jositako itsasoz bestaldeko eremu erraldoi horretan; miseria eta baita ezjakintasun latza ere. Eta ezjakintasunak kezkatzen nau asko, horrek erabat pobretzen gaituelako zentzu guztietan epe motzean, ertainean, baita luzean ere.

Ezjakintasuna da, bai, gizartearen gaixotasun larrienetakoa; larrienetakoa diot, badelako hori baino larriagoa denik: ezjakina izan nahi izatea, alajaina. Hala bizi gara: gertaerak kontrastatu eta ezbaian jartzeko ehunka leihatila eta aukera ditugula, handienari zein bakarrari (hori ez da kontrastatzea) bakarrik egiten diogu kasu.

Eta hala gabiltza orain ere. Munduko Gerra (agian) ez, baina jende askorentzat Munduan dagoen Gerra bakarra –Ukrainakoa– irmo salatuz biktimen alde hitz eginez eta aldi berean arma gehiago bidaltzeko eskatzen, horren atzean dauden dozenaka interesei muzin eginez. Eta gurera etorrita, oroitzen gara gure herrian zenbat arma enpresa dauden, zerk bultzatzen dituen horiek guztiak, zer duten helburu eta zein errotuta dauden gure artean?

Bada, orain gutxi errepidean egin nuen topo batekin; ez, espresuki Ukrainaren kontrako erasoa hasi zeneko tanketa konboi erraldoi horietako batekin, ez. Horren atzean badaude beste asko. Lehen, aspalditxo, gurean autoek tarteka eramaten zituzten itsatsita arranoen irudiak, nuklearren kontrakoak, izar beltz edo gorriak, kasu lotsagarri samar batzuetan Ibizako modako diskotekenak, eta gerora ardi zein basurdeak. Bazirudien moda hori etenda zegoela, baina aste honetan bertan parean aurkitu dut arma enpresa baten izena atzean (ez alboan, korporatibo gisa; hortaz, ez zen laneko kotxea) zeraman auto bat. Zer izango da hurrena? •